Canalblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
25 septembre 2014

Nafarroako herri mugimendua itotzeko nahian

Nafarroako herri mugimenduaren kontra gogor ari da azken boladan Espainiako Gobernu ordezkaritza: isun ekonomikoz ito ditu zenbait plataformatako kideak, protestan ateratze hutsagatik. Kalea Denona taldean hartu dute abaroa kaltetuek.

Mutu eta geldi. Arnasarik hartu ezinda, alboratuta, mugitzeko betarik gabe. Patrikak estutu, hustu, eta herritarren aldarrikapenak ito nahi dituztela. Kexu dira Nafarroako herri mugimenduko zenbait plataforma. «Jazarpena» betitik ezagutu arren, goia jo duela azkenaldian, eta kinka larrian daudela salatu dute. Espainiako Gobernu ordezkaritza jarri dute jomugan. Ia etenik gabe, isun ekonomikoak jarri eta jarri ari da, motibo anitz argudiatuta; zirkulazio arazoak eragitea batzuetan; protesta baimenik gabe egitea besteetan; kalteak eragin edo indarkeria erabiltzea... Batek ere ez du zerikusirik bestearekin, baina, halere, gauza komun bat dute guztiek: karrikan desadostasuna agertzea era baketsu batean. Dirua bildu, eta ikara sortzeko nahia ikusten dute kaltetuek isunen oinarrian. Berriro bizkarra eman ez diezaieten, jendartea lausotu, isilarazi eta ikusezin bilakatu nahi dutela uste dute kaltetuek. Lehen pertsonan bizi dute egoera. «Aski da», diote. Asperturik. Etsitzear.

Esparru anitzetako taldeek jaso dituzte gobernu ordezkaritzaren isunak. Izan AHTaren kontrakoek, LOMCE legea gaitzetsi eta murrizketak salatzen dituztenek edo Espainiako bandera jartzea onartzen ez dutenek. Bereizketarik ez. «Jazarpenen gainetik», indarrak metatzea erabaki dute gehienek. 

Kalea Denona deituriko plataforma eratu dute Iruñea aldean, halako kasuei aurre egiteko. Taldeak Nafarroa osoko elkarte ugari hartu ditu abaroan. Kasuz kasu aztertzen dituzte isunak, eta konponbideak topatzen ahalegintzen dira. «Ahalik eta azkarren» abiatzen dute helegiteak jartzeko prozedura, isunekin ados ez daudela argi utzi eta atzera botatzeko eskatzeko. Astero-astero elkartzen dira Iruñean, eta itxaropenez dira jasotako fruituekin. Kasu zehatzen xehetasunak emango dituen txosten bat prestatzen ari dira, eta azarorako espero dute karrikan. 

130 pertsona, 102.500 euro 

LOMCE legearen aurkako protestak, AHTaren kontrako manifestazioak edota abortuaren erreforma deuseztatzekoflashmob-ak. Ohikoak dira herri mugimenduen ekintzak Nafarroako udalerri gehienetako kaleetan. Azken hilabeteetan, baina, isun handiak iritsi zaizkie, ustekabean, protesta egin duten frankori. Nafarroako 130 pertsona ingururi iritsi zaie isuna; eta orotara, ia 102.500 euro ordaindu beharko dituzte. Bizkarra eman diote ekonomikoki Nafarroako herri mugimenduari.

Madrilek hezkuntza erreforma iragarri zuenetik, aurkako protesta handiak izan dira. Ikasturte honetan jarri dute martxan LOMCE. Horregatik, gorabeheratsua izan zen iragan ikasturte amaiera. Manifestazio asko antolatu zituzten; protesten artean, bizikleta martxa bat antolatu zuen Ikasle Abertzaleak-ek Iruñeko karriketatik. Maiatzaren 30ean izan zen.

40 adingaberi iritsi zaie isuna: 751 eurokoa. Iruñeko Udaltzaingoak ezarri die isuna ikasleei, Gizabidezko Jokamoldeen Sustapena eta Esparru Publikoen Babeserako Udal Ordenantza urratzea leporatuta. Zirkulazioa oztopatu zutelako. Udaltzaingoak falta larritzat hartu du. Maiatza amaieran izan ziren gorabehera ugari.

Iazko ikasturteko protestak

Hil horren 27an protesta handiak egin zituzten ikasleek Iruñerrian, eta Poliziak haietan izandako jarreraren kontra, bizikleta martxa batera deitu zuten. 50 gazte inguru atera ziren bizikletekin, LOMCE legearen kontrako eta ikasleen «kriminalizazioa» salatzeko afixa eta guzti. Gazteluko plazatik abiatu ziren. Errepidean sartzean gerarazi, eta identifikatu egin zituzten, baimenik ez zutela esanik.

Gurasoek isuna bertan behera uzteko eskatu diote Iruñeko Udalari. «Neurriz kanpoko zigorra» dela, eta ikasleek zirkulazio seinaleak eta semaforoak errespetatu zituztela diote, une oro.Ahotsa.info atariaren bideo bat ere igorri diote udalari, ikasleek egindakoa jasota baitago. Diotenez, martxa «baketsua» izan zen, eta poliziak eten zuten bidea. Isunak dirua biltzea eta ikaratzea du helburu adingabeen gurasoen ustez.

Jendea geldiarazteko nahia

Azken hilabetea izan da gogorrena Nafarroako AHTaren aurkarientzat. Hilabete bakarrean, 47 lagunek jaso dute isuna. 20.450 euro pagatu beharko dituzte tren lasterraren kontrako protestetan parte hartzeagatik. Mugitu mugimenduak adierazi duenez, AHTaren aurkariak kriminalizatzeko asmoa du «odoluste ekonomikoak». Mugimendu horren arabera, horrela, proiektuaren kontra dauden pertsonak geldiarazi eta desmotibatu egin nahi dituzte.

Bi ekintzen ondorioz, hasi zaizkie isunak iristen. AHT abiadura handiko trenaren aurkako ekintza egin zuten, iazko azaroaren 8an, Mugitu mugimenduko bi kidek Iruñeko diputazioaren jauregian. Banderen mastetan kateatu ziren. AHTaren aurka Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tartak jaurti zizkietenen epaiketa salatzeko elkartasun ekintza izan zen; eta hainbat pertsona izan ziren diputazioaren ondoan protestan. Zirkulazioa trabatzeagatik 33 lagunek jaso dute isuna berriki. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ezarri ditu. 450 euro ordaindu beharko ditu bakoitzak.

Kateatutakoak, berriz, atxilotu egin zituzten. Mugituk esan zuenez, «gau osoan argia piztua» izan zuten; «hormigoi gainean» egin zuten lo. Lau egun barru, aske laga zituzten, baina erresistentzia eta aginteei desobedientzia egitea egotzi diete oraingoan.

Nafarroako Foruzaingoak, ordea, hamalau pertsonaren kontra ezarri du isuna. Tren lasterraren lanak salatzeko, Trenaren Museoa hartu zuen Mugituk Castejonen, joan den maiatzean. Hamalauek jaso dute isuna. 13:00 aldera egin zuten protesta Mugituko kideek. 14:00etan ateak itxi baino lehenago atera ziren ekintzaileak. Handik gutxira, hala ere, Foruzaingoaren, Guardia Zibilaren eta Poliziaren hainbat auto agertu ziren museoa ingurura. Orduan identifikatu zituzten Mugituko dozena bat kide eta bi argazkilari. Argazkilariek ezik, beste guztiek dagoeneko jaso dituzte isunak.

Leitzan, isun gehiago iaztik

Leitzarrentzat azkeneko hilabetea baino, azken urtea izan da lazgarriena. 2013ko irailetik, 50 isun baino gehiago jaso dituzte bertako herritarrek. 35 dira kaltetutako pertsonak. 52.000 euro baino gehiagoko zigorra jaso dute. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa Leitzan egon zenetik areagotu egin dira isunak herrian. Guardia Zibila hamar urte gehiagoz Maxurrenean egongo dela jakinarazi zuen Fernandez Diazek. «Guardia Zibila Leitzan egongo da batzuei atsegin ez bazaie ere», esan zuen. Hiru egunera iritsi ziren Guardia Zibilaren lehen isunak. Zortzi lagunek 3.000 euroko isuna dute: kalearen alde batetik bestera pankarta bat jartzeagatik. 450 eurokoak dira gainerakoak.(Berria)

 

Publicité
Publicité
Commentaires
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité