Canalblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
13 novembre 2014

Mehmet Ali Dogan: “Kobane Stalingrado da"(Topatu)

2014 Azaroak 12

 

Begira… Kobane Stalingrado da”, dio begirada tinko eta ziurraz. Kurdistanen egun gertatzen ari denaren garrantzia historikoaz kontziente dela antzematen da bere hitzetan.

Mehmet Ali Dogan antropologo, dokumentalista eta militante politikoa da, Herri Kurduarekiko elkartasun komiteetako bozeramailea Hego Amerikan. Ez da denbora luzea Boliviatik Argentinara etorri dela, eta bihar zita bat du Uruguain. Handik hona dabil Kurdistanen gertatzen ari dena lau haizetara zabaltzen eta, nola ez, elkartasuna antolatzen.

Halere, beharbada begirune zintzoa diolako Euskal Herriko borrokari, tarte bat egin digu. Bidaia zirraragarri batean murgildu gara berarekin; jatorrizko herriak, inperialismoa, elkartasuna eta borroka eredugarria dira bidaiako protagonista.

elkarrizketa_argazkia_mehmet_ali_dogan_kurdistan

 Elkarrizketatzailea: Xufi, Argentinan dagoen Irungo gaztea

 

Lehenik eta behin, Ekialde Hurbilak egun bizi duen testuinguru orokorraren inguruan galdetu nahi genizuke. Zein analisi egiten duzu bertan gertatzen ari denaz?

Egungo egoera hobeto ulertzeko istorio txiki bat egitera noa… Egipton, Tunezen eta oro har Afrika iparraldean udaberri arabiarreko mugimenduak hasi zirenean, nik inperioa deitzen dudanak, hau da, mendebaldeko potentzia kapitalistek, mugimendu horien guztien nolabaiteko kontrola ezarri zuten. Jokaldi hori mugimendu zabal horien barnean zeuden indar islamistez baliatuz egin zuten, konkretuki Anaia Musulmanez baliatuzHorrela, Tunez, Egipto eta Afrika iparraldeko Anaia Musulmanen sarea akordio osoz inperioaren interesen laguntzaile bezala agertu zen ireki berri zen eszenatoki politikoan.

Denbora gutxi igaro ostean, 2011n zehazki, Sirian ere manifestazio batzuk egiten hasi ziren, eta bertan ere partaide garrantzitsuak izan ziren Anaia Musulmanak. Berehala, Sirian ematen ari zen gatazka demokratikoa (manifestazio baketsuekin etab.) gatazka armatu batera bideratu zuten Turkiaren esku hartzearen bidez (Turkiak NATOko bigarren indar militarrik handiena du, AEBren atzetik). Nola egin zuten hori? Mertzenarioen bitartez. Eta zeintzuk dira mertzenario horiek? Batez ere antolakunde islamista fanatikoetako kideak. Baina, zergatik hori guztia? Ba plana ez delako Siriarekiko bakarrik, ezta mugan duen Irakerako ere. Plana oraindik ere zabalagoa delako.

elkarrizketa_kobane_kurdistan_entresaka_1Egun, 2014an, inperialismoak, kapitalismoak krisi sakona bizi du. Haientzako krisi horretatik ateratzeko edo atzeratzeko modua ez da beraien politika neoliberala aldatzea, baizik eta inguruan dituzten lurraldeetan barne gudak sorraraztea. Afganistanen eta Jugoslavian egin zuten, eta orain Ekialde Hurbilean ari dira Irak, Siria zein Iranetik Bangladesh, India eta Txinaraino iritsiz. Ez da hipotesi hutsa esaten ari naizena, Eduard Snowdenek ederki azaltzen du argitaraturiko dokumentuetan.

Beraz, jokaldia mundu mailako plan baten barnean sartzen da, eta inperioaren helburua da guda epe luze bat zabaltzea lurralde osoan. Ez hamar edo hogei urteko guda, beharbada mende oso batekoa.

Zergatik jarri zuten plan hori martxan justu momentu eta inguru horretan?

Begira, Bashar Al Assad nazionalista arabiar bat da, kurdoek arazoak ditugu berarekin… Baina berak ez zituen onartzen aliantzak mendebaldeko potentzia kapitalistekin, hurbilago zegoen Errusia edo Txina bezalako potentzietatik. Hortik hasi ziren pentsatuz Al Assad azkar eraitsiko zutela. Baina, momentu horretan, Siriako iparraldean dauden ia lau milioi kurduek paper garrantzitsua jokatu zuten. Ia denek (%95ak bai behintzat) Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK) mahai gainean jarritako Konfederalismo Demokratikoaren proposamena jarraitzen du, eta egoera horren aurrean herriaren autodefentsa indarrak osatu zituzten: YPG (talde mistoa) eta YPJ (emakume gerrillariak). 2012an 30.000 kide edukitzera iritsi ziren, eta gaur egun 50.000 militante dira orotara Sirian, horietatik ia %50 emakumeak.

Orduan, zer egin zuen inperioak? Siriako iparraldearen kontrola hartu zuen, guretzako mendebaldeko Kurdistan dena, Rojava kurdua deitzen duguna. Momentu horretan Al Assadek bere polizia eta indar militar guztiak atera zituen lurraldetik, eta kurduei utzi zien Siriaren batasunaren defentsa. Izan ere, ondo daki Siria, Turkia, Irak eta Irango kurdu gehienek PKKren proposamena jarraitzen dutela, eta ez dutela proiektu independentista bat defendatzen, baizik eta Konfederalismo Demokratikoa [gero sakonduko dugu horretan].

Kurduek, kontrola hartu zutenean, hiru kantoi autonomoren sorrera ezarri zuten Rojavan: Afrin, Kobane (egun erresistentzian dagoena) eta Cizire, eta sozialismo komunitarioaren eredu bat aplikatzen hasi ziren: asanblada herrikoiak, komunak etab. Instituzio guztietan partehartze parekidea bermatzen hasi ziren: emakume eta gizonen artekoa, talde etnikoen artekoa (asirioak, armenioak, turkomanoak, arabiarrak…) zein erlijio desberdinen artekoa (musulmandarrak, kristauak, judutarrak, kristau-ortodoxoak, katolikoak…). Inperioari min handia eman zion eredu horrek, atxikimendu handia jasotzen hasi baitzen eta ez bakarrik kurduen artean, baita ere bertan bizi ziren asirio, armenio, arabiar eta turkomanoen artean.

Rojavako 3 kantoiak: Afrin, Kobane eta Cizire

Kolore horiz Rojavako 3 kantoiak: Afrin, Kobane eta Cizire

 

Egoera horrela, inperioak helburua aldatu zuen berehala, eta ISIS izena duen erakunde jihadista baten sorrera bultzatu zuen. ISISek Irak eta Siriako Estatu Islamikoa esan nahi du, eta Al Qaedaren sareko antolakundea da. “Baina nola?”, esaten didate batzuek. “Zu erotuta zaude, nola babestuko dute gringoek Al Qaedaren sarean dagoen antolakunde bat, 2001en New Yorken egin zietena eta gero?”. Ba bai, hala da. Orain hobe dakigu beharbada New Yorkeko atentatuak beraien konplot bat izan zirela. Zergatik ausartzen naiz hau esatera? Frogak ditugulako…

Madrilgo edo Pariseko auzoetako marokoarrek, argeliarrek, baita ere Lyon zein Marsellako arabiarrek, Berlingo turkiarrek, Londreseko pakistandarrek, afganiarrek edo indiarrek, adibidez, AEBren aliatuak diren estatuen zerbitzu sekretuen manipulazio ideologikoa jasan zuten. Fanatizazio prozesu bat eman zen, eta Europako zerbitzu sekretuek gazte horiek guztiak bildu eta Turkiara bidali zituzten 2011 eta 2012 urteen artean. Deformazio ideologiko eta militarra eman zieten gero Siriara bidaltzeko. Zeinen kontra egitera? Kurduen aurka.

Inperioak esaten zuen: “Ez baditugu kantoi sozialista komunitario horiek desagerrarazten, eredu izan litezke Ekialde Hurbilarentzat, eta ez dugu lortuko gure helburua: Ekialde Hurbilaren balkanizazioa”. Zer esan nahi duen balkanizazioak? Siria hiru lurraldetan banatzea, hiru estatu-nazio txikitan. Alde batetik, Siria alabita bat; alabismoa Basher Al Assaden sineskera da, egun Siriako populazioaren %40ak praktikatzen duena, islamaren frakzio modernoagoa nolabait esateko. Bestetik, estatu sunita bat islamisten menpean legokeena, Arabia Saudi eta Al Qaedaren sareetatik hurbil. Eta, azkenik, estatu kurdu bat.

Iraken berdina egin zuten 2003az geroztik. Estatu batuarrek, mendebaldeko demokrazia exportau nahi zuten horiek, xiiten, suniten eta kurduen arteko haustura behartu zuten.

Esan genezake, beraz, inperialismoaren lurralde estrategiaren logika zatiketan oinarritzen dela? Hau da,  herrien arteko zatiketa eta elkarren arteko gatazka bultzatzea bere interes eta helburuak erdiesteko egoera hobea lortuko dutelakoan?

Noski, hori da. Hemen gertatzen ari dena Jugoslavian gertatu zenaren berdina da. Jugoslavian, eredu sozialistaren 5o urteetan, talde bakoitzak jarraitzen zuen erlijioak ez zuen garrantzia gehiegirik. Egun, Bosnian islamista hutsak dira, eta Serbiako ortodoxoak gorrotatzen dituzte. Kroaziako katolikoek ere ortodoxoak eta musulmanak gorrotatzen dituzte. Komunikabide nagusiak kontrolatzeko duten boterearekin, oso erraza da beraientzat erlijioen arteko gudak piztea.elkarrizketa_kobane_kurdistan_entresaka_2

Baina horrek ez du funtzionatzen egun gure zonaldean, ISIS erakundea guztiz mertzenarioa delako. Militanteen ia %100 ez dira Siriako biztanleak, ezta ere irakiarrak. Beraz, ez dute bertako biztanleriaren babesik. Erenegun Estatu Islamikoko kideek 300 sunita erail zituzten Iraken. Baina ISISek bere burua korronte sunitaren barnean kokatzen badu zergatik egin du halakorik? Bada, sunitek, Irakeko biztanle bezala, ez dutelako Estatu Islamikoa babesten. Orduan, haien jokaldiak ez du funtzionatzen lurralde horretan espero bezala, eta  ikara sortzen dute, beldurra, gorrotoa eta izua. Mehatxu hori garaitu dezaketen indar bakarrak, objektiboa izanda, PKKren eta KCKren (Komunitate Kurduen Batasuna) indarrak dira. Azken horrek 400 mugimendu sozialetik gora ditu barnean, hainbat alderdi politiko eta autodefentsarako talde militarrez gain.

ISISek Mosuli (Irakeko bigarren hiririk handienari) eraso egin zionean, ez zen egon inongo erresistentziarik, hiru ordutan Estatu Islamikoko 2.000 militantek bi milioi biztanle dituen hiriaren kontrola hartu zuten, Estatu Batuen ezagutza eta babes osoarekin. Halere, ezin izan zuten aurrera egin, PKK Irakeko Kurdistanen dagoelako, Kandileko mendizerran 20.000 militanterekin Estatu Islamikoa garaitzeko prest. Inperioak pentsatu zuen ISISek azkar egingo zuela aurrera, erresistentzia indar guztiak gaindituko zituela… Baina, orain, erresistentzia heroikoaren ostean (behetik egindako erresistentzia) eta mundu mailan jasotako elkartasunaren ostean,  inperioak ezin izan du isilunea mantendu. Irailaren 15ean hasi ziren Kobaneren kontrako erasoak; gogoratu dezagun Kobane Siriako kurduen kantoi bat dela.

Turkiarekin muga egiten du Kobanek.elkarrizketa_kobane_kurdistan_entresaka_3

Hala da. 30 egunean herrialde inperialistek ez dute esku hartu ISISen kontra. Gogoratu dezagun Estatu Islamikoak NATOren punta-puntako armamentua eta teknologia duela eskura Turkiari esker. 30 egunean ez zuten ezer egin, baina kurduekiko elkartasuna eta Estatu Islamikoarekiko kontrakotasuna mundu mailan azaleratu direnean hasi dira esaten “ISIS etsaia da…”, eta bere kontra borrokatuko balute bezala egiten dute, baina dena gezurra da. Gertatzen dena da ez dutela beraien biztanleriaren konfidantza galdu nahi.

Orduan, gertatzen dena da inperialismoak balkanizazio plan bat ezarri nahi duela lurraldean, eta horretarako kurduak oztopo handi bat garela. Ez soilik Siriakoak, Kurdistan osokoak baizik. Guztira 40 milioi gara: 20 milioi Turkian, 7 milioi Iranen, beste 7 Iraken eta 4 milioi Sirian.

Kurdistan lau zatitan banatuta dago: Ipar Kurdistan (Turkiaren menpekoa), Ekialdeko Kurdistan (Iranen menpekoa), Hego Kurdistan (Iraken menpekoa) eta Mendebaldeko Kurdistan (Siriaren menpekoa, Rojava)

Kurdistan lau zatitan banatuta dago: Ipar Kurdistan (Turkiaren menpekoa), Ekialdeko Kurdistan (Iranen menpekoa), Hego Kurdistan (Iraken menpekoa) eta Mendebaldeko Kurdistan (Siriaren menpekoa, Rojava)

 

Nortzuk zarete kurduak? Zein da zuen borrokaren ibilbidea?

Herri Kurdua Mesopotamiako jatorrizko herrietako bat da, euskaldunak bezala. Erlijio monoteisten sorrera hasi zenean, inbasioak hasi ziren Kurdistango lurraldeetan barrena. Arabiarrak lehenengo eta turkiarrak gero, XIII. mendean Otomandar Inperio handia sortuz. Lehenengo Mundu Gerra arte (1914 – 1918) kurduok autonomia genuen, gure kulturaren baitan bizi gintezkeen beste herri batzuen antzera, Otomandar Inperioaren barnean. I. Mundu Gerra hasi zenean, hiru potentzia inperialistek (Alemania, Frantzia eta Britania Handiak) zonaldea banatu zuten. Gero, Frantzia eta Britainia Handiaren garaipenarekin, zatiketa berri bat gauzatu zen. Mundu arabiarra estatu/nazio txikiagotan banatu zuten, eta familia “lagunei” eman zizkieten, eredu feudalaren antzera; Saudi Arabiari, Kuwaiti etab.

Ez dago ez argudio antropologikorik ez soziologikorik banaketa hori justifikatuko duenik. Momentu horretan Herri Kurdua eskubiderik gabe utzi zuten eta lau estatutan zatitua izan zen: Irak, Turkia, Iran (momentu horretan kolonia britainiarra zen) eta Siria (une hartan Frantziaren kolonia zen). Zergatik? 1906an Hego Kudistanen (Iraken menpe dagoen zatia) aberastasun iturri berri bat topatu zutelako: petroleoa.

Aipatzekoa da Armenia ere eskubiderik gabe utzi zutela, eta 1915ean Turkiak genozidioa gauzatu zuela bertan, 1.500.000 pertsoan akabatuz.

Horrela hasi zen, beraz, Kurdistanen zatiketa. Kurduek borroka egin genuen gure eskubideen alde, matxinada ugari egin genituen… Baina matxinada horiek ez zuten ezaugarri nazionala, buruzagi tribalek gidatuak ziren. Alegia, erantzun tribal bat, feudala. Matxinadarik modernoena, jada izaera nazionalarekin, 60 eta 70eko hamarkadetan hasi zen, PKKren (Langile Kurduen Alderdia) sorrerarekin.

YPG eta YPJko gerrillariak Kurdistango mendietan

YPG eta YPJko gerrillariak Kurdistango mendietan

Garai horretan, 1980ean, estatu kolpea egon zen Turkian. Hiru hilabetean 600.000 lagun atxilotu zituzten, pentsa! Eta ez bakarrik alderdi politikoetako militanteak, baita ere giza eskubideen defendatzaileak, ikasleak, kazetariak… Momentu horretan PKK Libanoko lurraldean errefuxiatu zen Palestinaren Askapenerako Fronte Popularrarekin (FPLP), biek ideologia marxista baitzuten.

Turkian borroka demokratikoa aurrera eramateko beste biderik ez zegoela ikusita, 1984ean PKKk borroka armatua abiarazi zuen. Urte gutxiren buruan gerrillaren tamaina hazi egin zen eta 1990erako 8.000 militante zituen, baita inguruko populazio kurduaren babesa ere.

elkarrizketa_kobane_kurdistan_entresaka_41998an, aldiz, PKKk berriro aztertu zuen bere ideologia independentista. Euskal Herriarekin alderatuta, esaterako, oso desberdina da Kurdistan. 40 milioi biztanle dituen herri bat da, eta ia erdiak ez dira Kurdistan historikoan bizi. Egun, Turkiako hiririk populatuena den Istanbulek hamabost milioi biztanle baditu, ia erdia kurduak dira, adibidez. Egoera horren aurrean PKKk galdera bat planteatu zuen: “Zer egingo dugu erdia Kurdistan historikotik kanpo bizi bada?”. Imajinatu euskaldun gehienak Madrilen edo Parisen biziko balira! Nola eraikiko dugu Euskal Herri independente bat eta gero euskaldu guztiak bueltatzera deitu… Ez da posible!

Alde praktiko horrekin batera, estatu/nazio kapitalistaren izana aztertu zuen berriro. Estatu-nazional kapitalistek, eta baita ere sozialismo errealaren baitan zeuden beste herrialde batzuek, lau oztopo edo muga zituzten. Lehenengoa, estatu-nazio kapitalista batek talde etniko baten dominazioa aurreikusten zuela beste talde etniko batzuen gainetik, edo erlijio batena besteen gainetik. Bigarren, klase txiki baten dominazioa klase herrikoien gainetik. Hirugarrena, matxismoa aurreikusten du, gizonaren nagusitasuna emakumearen gainetik. Eta, azkenik, jendarte kapitalista produktibista horiek ama lurra ustiatu eta suntsitzen dute.

Estatu eredu horien kritikarekin, PKKk estrategia politiko berri bat garatu zuen:Konfederalismo Demokratikoa. Ez du estatu baten kontrola baztertzen beste aukerarik ez balego, baina mahaigaineratzen duena hurrengoa da: “Nola gutxitu genezake estatuaren papera jendartea autogestioaren bidez antolatzeko?”. Jendarteak modu ahalik eta autogestionatuenean eguneroko bizitzaren gaineko kontrola eduki behar du. Estatua da soilik batasuna, askatasunen babesa etab. bermatzeko. Eta estatua plurinazionala izan liteke, zergatik ez. Hemen alboan dugu Boliviaren eredua: 33 nazionalitate elkarbizitza eredu berriak ikasten ari dira. Eredu gaztea da, jaio berria, bide asko du egiteko… Baina hor dago, eta kultura ezberdinen arteko elkarbizitzarako eredu bat izan liteke. Eta ez bakarrik ikuspegi horrekin, baizik eta aztertuta estatuaren eta herriaren artean harreman zuzenagoak eraikitzeko parte hartze modu zuzenak.

elkarrizketa_kobane_kurdistan_entresaka_5Konfederalismo Demokratikoa ez da anaitasun proiektu bat bakarrik, ez da kultura ezberdinen arteko elkarbizitza baketsua bermatzeko proiektu bat soilik. Bai emakumeak eta baita ere edozein klase zapaldu beraien bizitzen jabe izateko proiektu bat da. Beraz, jendarte eredu hori eraikitzeko ez gara gure herriaren independentziaren zain egongo. Hori bai, ez diogu independentziari uko egiten, baina guk ez dugu helburu estrategiko horrekin borrokatzen egun. Guk Ekialde Hurbileko herri ezberdinen elkarbizitza baketsu eta demokratikoa lortzeko egiten dugu borroka.

Zer nolako harrera izan du Konfederalismo Demokratikoaren proposamenak inguruko herrietan? Aurrera egingo balu, zein aldaketa egongo lirateke Ekialde Hurbilean?

Kurduak bizi garen lurraldeak ezaugarri berezi bat du: historikoki, milaka urtetan zehar, zonaldean bizi izan ziren jatorrizko herriak elkarrekin bizi izan ziren. Orduan, Kurdistango lurraldearen pertzepzioa desberdina da inguruan… Esaterako, guk Kurdistan historikoa esaten dugun horretan, asiriarren, armeniarren eta persen lurralde batzuk ere badaude. Lurraldetasunaren pertzepzioa desberdina da Irlandakoek dutenarekin edo Euskal Herrikook duzuenarekin alderatzen badugu. Grrantzitsua da hori kontuan hartzea.

Gainera, nazionalitate ezberdinen arteko elkarbizitza baketsu bat garatzen saiatu behar gara XXI. mendean. Inguruko hegemonia lortzeko nazionalitateen borrokak ekiditen ahalegindu behar gara. Posible da berdintasunezko harremanetan oinarritutako jendarte batean bizitzea. Eta proposamen berri honekin, gure anai persen, turkiarren, siriarren atxikimendua handitu egin da. Herriak ez direlako etsaiak; Turkia, Siria, Irak, Irango estatuen agintariak dira errepresio guztiaren erantzuleak.

Atxikimendua eta elkartasuna handitu ahala elkarrekin antolakundeak sortzen ari gara. Eta Turkiako eta Siriako kurduak banatzen dituen muga… Imajina ezazu Siria demokratizatu eta estatu plurinazional eta konfederatu batean bilakatzen dugula, eta Turkiarekin berdin. Mugak ez du zentzurik, elkarrekin gaude.

Herri Kurduaren batasuna ez da estatu ezberdinen independentziatik pasatzen soilik. Horregatik erabaki dugu estrategia berri hau. Hobeto funtzionatzen du eta gure herriek historikoki elkarbizitzeko eduki duten ereduarekin bat egiten du. Egungo gure proposamenak ez ditu erreferentzia gisa ideologia sozialista modernoak soilik, gure ohituretatik ere edaten dugu, komunista zena. Batzuek marxista eboluzionista edo primitibo bezala izendatzen dute, baina primitibo zergatik? Gu modernoak gara! Orduan horrela da, eta aurrera egiten ari gara, baina ez bakarrik, baizik eta siriar, turkiar, armeniar eta persekin batera.

Amaitze aldera, zein da Kobaneren egoera gaur egun? Ekialde Hurbilean zer garrantzia du Kobanen gertatzen ari denak?

Kobane Stalingrado da. Bi arrazoigatik: batetik, gizon eta emakume kurduek etxez etxe, kalez kale defendatzen dutelako Kobane inperioaren eta Turkiaren panpinak diren Estatu Islamikoko mertzenarioen kontra. Bestetik, Kobane eroriz gero, balkanizazio planak aurrera egin dezakeelako. Eta plan hori ez da inguruko herrientzako mehatxua soilik, mundu guztia hartzen du bere baitan. Bolivia, Venezuela edo Argentinaren kontra dabilen inperio berdinaren plana da. Beraz, Kobanek irabaziz gero,  inperioak ez luke han bakarrik galduko, mundu osoan galduko luke.

Horregatik da garrantzitsua, eta irabazten ari gara. 30 egun erresistentzian egon eta gero, inperioakKobane defendatuko balu bezala egiten du, eta ez nahi duelako, baizik eta presio oso handia duelako. Berdina Peshmergekin, horiek Irakeko estatu kurdoaren indar militarrak dira, Barzaniren agindupean. Barzani Turkiaren eta AEBen laguna da. Orduan, orain Stalingrado Berlinen bilakatzen da… Zer esan nahi dut? Sobietarrak Berlineruntz zihoazenean gringoek ahal izan zuten guztia egin zuten lehenago iristeko eta esateko: “Guk askatu genuen Berlin!”.

elkarrizketa_kobane_kurdistan_entresaka_6_Guk ez dugu hori onartuko. Datozela? Ongi etorriak. Beraiek uste zuten guk laguntzari uko egingo geniola. Ez, datozela, gura anaiak dira. Baina ez dugu onartuko Kobane bitan banatzea, alde bat sozialista eta bestea… nik zer dakit zer. Beraz, ongi etorriak dira laguntzera badatoz, baina autodefentsarako indar kurduen pean egingo dute lan, YPG eta YPJren agindupean. Siriako armada librearen zati bat ere bertan da, baina zati laikoa, eta kantoien sistema eta Konfederalismo Demokratikoa errespetazten duen taldea da.

Borrokan ari gara, nik uste garaipenetik hurbil gaudela. Baina jakin behar dugu garaipen hau ez dela AEBena, NATOrena, bonbardaketena… izango. Garaipen hau gure kideen erresistentzia lokalari esker emango da.

kurdistan_YPJ_emakume_gerrillariak

YPJko emakume gerrillariak

 

 

Publicité
Publicité
Commentaires
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité