Canalblog
Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité

Gure Urruña / Notre Urrugne

13 mars 2015

ABERTZALEEK HAUTETSI BERRIAK LORTZEKO AUKERA GEHIEN DUTEN EREMUA

Urne

Kantonamenduen banaketa berria, iragarritako abstentzio handia, PSk zituen bi kontseilari ezagunak oraingoan hauteskunde lehian ez izatea eta azken bozetan abertzaleak beren lekua finkatu ez ezik emendatzen ere joan direla kontuan hartuta, EH Bai-k zentro eta eskuineko hautagaiei gauzak zailduko dizkie segur aski, batez ere, Euskal Mendialdean.

Estatuan abian den lurralde antolaketa berriak erabat baldintzatutako hauteskundeak dira martxoaren 22an eta 29an egingo direnak. Pauen egoitza duen Departamenduko Kontseilu berria osatzeko, kantonamenduen banaketa aldatu egin da eta lehen Ipar Euskal Herrian 21 zirenak orain 12 dira. Hori bai, bakoitzak biltzen dituen herrien biztanle kopurua berdintsua da orain eta kantonamendu bakoitzeko ordezkari bana izan ordez, bi -gizon-emakumeak- izango dira aurrerantzean.

Orokorrean sekulako eragina duen beste elementu bat ezin da ahaztu; NOTRe deituriko legea oraindik eztabaidan dagoela, alegia. Horren ondorioz, inork ez daki zehazki zein eskumen izango dituen Departamenduak. Segurutzat jotzen da arlo sozialekoak (langabeentzako laguntzak, zahar etxe, haur edota ahalmen urriko pertsonen zaintza...) atxikiko dituela, baina zalantzan daude beste hainbat (bigarren mailako errepide-sarea, garraio publikoa eta ikastetxeetakoa, bigarren hezkuntzako azpiegiturak -kolegioak-, alor ekonomikokoak...). Izan ere, Gobernuak sustatutako erreformak 200 urte baino gehiago duen Departamenduko erakundearen botere hustuketa ekarriko du, zalantzarik gabe, eskualdeak (erregioak) eta herri-elkargoak indartzea baitu helburu.

Horiek horrela, nahasmena eta zehaztasunik eza nagusi dira hautagaien egitasmoetan eta, gehienetan, beren mezuak orokorrak dira oso. Hautesleak, berriz, oraintsu hasi dira jabetzen egun batzuk barru boza emateko aukera izanen dutela.

Euskal Mendialdea

Deitura ofiziala Euskal Mendialdea duen kantonamenduak 25.501 biztanle ditu eta, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hegoaldea hartzen ditu. Kantonamendu handiena da, 66 herriz osatua. Maule hartzen da eremuko hiriburutzat.

Zazpi hautagai bikote aurkeztu dira eta hamalau horietatik denak, bat salbu, lehen aldiz. Orain kontseilari nagusia den bakarra soilik sartu da berriro lehian, Pepela Mirande zentrista, hain zuzen ere. Bere alderdiak (MoDem) UDIko beste zentristekin zein UMP eskuineko alderdiarekin egindako akordioari esker, Annick Trounday (UMP) izango du bikotekide. Hala ere, eskuineko beste bikote bat (Carrasco-Dutaret) aurkeztu denez, eskuineko botoa sakabanatu egingo da.

PSren aldetik, eremu horretan bi kontseilari ezagunak zirenak -Frantxua Maitia Donibane Garaziko kantonamenduan eta Arnaud Villenave Atharratzekoan- ez dira berriro aurkeztu. Alderdiko militante Jacqueline Sardon-Urruty eta Ruben Gomez, alderdikoa ez den Liginagako auzapez ezkertiarra, saiatuko dira esparru horretako boza bereganatzen. Alta, Etchecopar-Sagardoyburu komunistekin partekatu beharko dute esparrua.

EH Bai-ko Leonie Agergaray zuberotarrak eta Antton Curutcharry Baigorriko zinegotzi gazteak zati bat kenduko diete, seguru asko. Gainera, ezkerreko planteamenduak abertzaleenekin batzen dituztenez, erdiets dezaketen babesa garrantzitsua izan daiteke, beharbada bigarren itzulian hautatuak izateko adinakoa. Ildo horretan, itxaropentsu agertu dira ezker abertzalekoak Pauen ordezkaritza emendatzeko (orain bakarra dago, Alain Iriart Hiriburuko kantonamendukoa).

Beste hiru kantonamendutan bezala, EAJ-PNBk bere aukera eskaini die boto-emaileei Bethart-Iribarne tandemarekin.

Eta FNk denetan hautagaiak aurkeztu dituenez, ikusteko dago zein emaitza izango duen zentristek eta sozialistek partekatu ohi duten eremu honetan.

Bidaxune - Amikuze-Oztibarre

Kantonamendu hau Nafarroa Behereko iparraldeko 25 herrirekin, aitzineko Iholdiko kantonamendukoekin eta Bidaxune, Bastida eta Hazparnealdeko batzuekin berrosatu da. Orotara, 52 herri eta 21.027 biztanle ditu eta Donapaleu da hiriburua. Lau bikote aurkeztu dira.

Hemen ere ia guztiak hautagai berriak dira, Jean-Jacques Lasserre kenduta, jakina. Egun Hautetsien Kontseiluko buru eta MoDem-eko senatari dena Anne-Marie Bruthe bere alderdikidearekin aurkeztu da, UMPren babesarekin, baita egun Paueko parlamentuan Gobernuan dagoen PS gaindituz gero, presidente berria izateko ere. Eskuinak eta zentristek indar handia izan dute betidanik eremu honetan. Esaterako, orain dagoen Jean-Louis Caset 23 urtez izan da kontseilari nagusia Iholdiko kantonamenduan, eta UMPko Jean Casteingsek beste 18 urtez ordezkatu du Pauen Bastidakoa. Horrenbestez, Lasserre-Bruthe tandemak aukera handia du bi eserlekuak bereganatzeko.

Alta, EH Bai-ko abertzaleek ere azken boz deialdietan egin dituzten aitzinamenduak kontuan izan beharko dira. Aurkeztu dituzten hautagaiak -Xabi Larralde eta Anita Lopepe- erreferentzia handikoak dira bai lokalki bai Euskal Herri osoan ere. Ezker moderatuak Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezaren eta PSko Veronique Roberten aldeko apustua egin du, Berdeen babesarekin.

Laugarren bikotea FNko Valerie Franco eta Pierre Perez dira. Kantonamendu honetan ere lor dezaketen emaitza inkognita da baina, logikaz, abertzaleen esparrutik baino gainerako indarretatik eta abstentziotik gizendu beharko luke.

Baigura-Mondarrain

Kostaldearen eta barnealdearen arteko atean dago. Lehengo Kanboko eta Ezpeletako kantonamenduko herri gehienak gehi beste batzuk (Larresoro, Hazparne, Haltsu...) biltzen ditu Baigura-Mondarrain mendi izenez bataiatu duten kantonamendu berri honek. 22.913 lagun bizi dira bertan eta Kanbo da hiriburua.

Bost bikotek parte hartuko dute Pauera iristeko lasterketan. Zentristen artean izango da lehia nagusia, egun kontseilari diren Beñat Inchauspe Hazparneko auzapeza eta Vincent Bru Kanbokoa berriro aurkeztu baitira; hori bai, aurrez aurre. Lehenak Frantxa Etcheverry-Cachau du bidelagun eta, Isabelle Pargade, besteak. Joera politiko bertsukoak aurkeztu izanak zentro eta eskuinaren aldekoen botoa dezente sakabanatuko du. Biek dute alderdi ofizialen babesa eta lehen itzulian emaitza onena lortzen duena izango da bigarrenean. Horri FN hemen ere aurkeztu dela gehitzen bazaio, bigarren itzulia nola geratuko den ikustea interesgarria izango da, eta hor gakoa izan daiteke EH Bai-ko Juliette Bergouignan eta Jean-Paul Larre-k, dagoeneko hainbat hauteskundetan trebatutako abertzaleek, lortzen duten babesa. Sozialistek bi etxeko kide aurkeztu dituzte, Jean Capdevielle eta Juana Etchegoin.

Zerbitzu publikoak eta gazteak bertan atxikitzea eta laborantza mantentzea, erronken artean

Hautagaien joera politikoaren arabera indar gehiago edo gutxiagorekin, Ipar Euskal Herri osorako erakunde baten eskakizuna eta euskararen biziraupenerako neurriak hartzea kantonamendu guztietan hautagai gehienek planteatzen dituzten gaiak dira.

Halere, landaguneak eta laborantza nagusi diren hiru kantonamendu hauetan badira mahai gainean beste hainbat gai. Zerbitzu publikoak atxikitzea da horietako bat. Izan ere, barnealde eta kostaldearen artean hainbestetan azpimarratzen den desorekaren adierazleetako bat da, zerbitzu horietan izaten ari diren murrizketek herritarren eskubideen berdintasuna kolokan jartzen baitute.

Esaterako, La Poste-ren berrantolaketa dela-eta, hainbat herritan (Larzabale, Baigorri...) posta bulegoak itxi edo banaketa zentroak lekualdatzeko zorian dira eta horrek landa-lur eremuan dakartzan ondorioen gainean arrangura handia dago.

Gaitasun urritasuna dutenen, haurren eta adinekoen zaintzarako egituren eskasia ere hautagaien artean maiz aipatzen den arazoa da, batez ere demografikoki populazioa nahiko adindua delako. Osasunarekin lotutako zentroetan, batez ere Kanbon eta Itsasun, legeak eskatzen dituen arauetara jartzeko egin behar diren lanak egin baino ohe-kopuruen ratioak erabiltzen dira eta hiri-eremuetara deslokalizatzen ari dira erietxe edo zaintza-etxe asko. Ondorioz, jarduera horri lotutako 700 lanpostuen geroa zalantzan dago.

Aspaldiko urteetan beti mahai gainean izan den Donibane Garaziko saihesbidearen gaia ez da kanpaina honetan gai izarra izango, nahiz eta hautetsiren batzuek aipatzen duten oraindik. Izan ere, duela hilabete gutxi proiektua erabat baztertua geratu zen.

Bestalde, barnealdean -Zuberoan gehienbat- eta laborantza esparruan azken urteetan gertatzen ari den desertifikazioari aurre egiteko gazteak bertan geratzea ezinbestekotzat jotzen dute. Xede hori lortze aldera baldintza egokiak sortu behar direla nabarmena da. Hala, etxaldeetan instalazio berriak laguntzea, baita laborarien familiakoak ez direnak ere, laborantza, hazkuntza, mendia eta basoak bizirik mantentzea, enpresa edo jarduera xumeak sustatzeko mintegiak abian jartzea eta kooperatibak sortzea aipatzen dira hartu beharreko neurri ekonomikoen artean. Zuberoan dagoen jarduera industriala (1.200 lanpostu inguru) babestu eta sustatzeko ahalegina ere aipatzen da, nahiz eta ez dagoen batere argi Departamenduko Kontseiluak eskumen hori izango duen. Langabezia kostaldean baino apalagoa da (Garazi-Baigorri inguruan %5,7 eta Zuberoan %6,3).

Publicité
Publicité
10 mars 2015

Plazaolak eta Arrospidek kartzelara itzuli beharko dute

preso

Frantziako Estatuko espetxeetan egindako urteak Espainiako Justiziak ezarritako zigorretatik kentzea erabaki zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Salako epaileek, eta aske utzi zituzten bi euskal preso ohiak joan den abenduan. Europak 2008an onartutako zuzentaraua ezarri zuten erabaki horrekin.

Fiskaltzak, ordea, helegitea jarri zuen erabaki horren kontra. Izan ere, aske gelditu direnak ETAko kide eta buruzagi historikoak izanda —Santiago Arrospide, batik bat—, harrabots handia eragin zuen haien kaleratzeak. Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusia "kezkatuta" mintzatu zen, Auzitegi Nazionaleko atal batzuek egindako "okerreko" interpretazioa dela eta. "Presaka" aritzea egotzi zion Torres-Dulce fiskalak Auzitegi Nazionalari.

Gauzak horrela, urtarrilaren 13an, Kepa Pikabearen kasuan, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen aintzat ez hartzea Frantzian eginiko urteak —Arrospide eta Plazaolaren erabakian parte hartuko duten bost kereiletatik hiru sinatu zuten Pikabearen aurkako epaia—. Horrela, Espainiak ez zuen aintzat hartu Europako zuzentaraua.

Arrospide, kartzelan

Auziak bere horretan zeudela, urtarrilaren 19an, espetxetik atera eta hilabetera, atxilotu eta espetxeratu egin zuten Santiago Arrospide euskal presoa. Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Andreuk, 1986 eta 1987an ETAk Madrilen eta Bartzelonan egindako atentatuetan parte hartu izana egotzita agindu zituen atxiloketak.

 

6 mars 2015

Euskaraz informatzekoaren beharraz:"Komunitateak badu elkarren berri edukitzeko beharra"(Berria)

"Bi norabideetako komunikazioa" sustatu nahian, gaur jarriko dute martxan 'Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria', sarean. Tokikom eta Euskalerria irratiaren egitasmoa da. Juan Kruz Lakasta, Euskalerria irratiko esataria, izango da, oraingoz, arduradun nagusia.

Sarera eraman nahi du Euskalerria irratiak urteetan uhinetan landutako "topagunea". Horretarako,Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria(www.euskalerriairratia.eus) jarri du gaur martxan. Juan Kruz Lakasta (Jaka, Espainia, 1970) esatariak hartu du, oraingoz, ardura nagusia.

Zer da Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria?

Euskalerria irratiak Tokikom-ekin (tokiko euskarazko hedabideen elkartea) elkarlanean garatu duen proiektua da. Informazio lokala jorratuko duen webgune bat izango da, independentea, irekia, parte hartzailea eta komunitateari protagonismo handia emango diona.

Zer beharretatik sortua da?

Tokikomek oso metafora polita erabiltzen du: agerkaria ez da izanen hedabidea, baizik eta komunikabidea. Zein da ezberdintasuna? Bada, hedabideak informazioa banatzen duela norabide bakarrean, eta aldiz komunikabidea hari bat dela, bi norabideetan funtzionatzen duena. Aspalditik genekusan beharra Iruñerrian halako bat sortzeko. Zergatik? Iruditzen zaigulako komunitateak geroz eta gehiago duela elkarren berri edukitzeko beharra. Eta Iruñerria bezalako leku batean, non euskaldunok oso sakabanaturik bizi garen fisikoki, halakoak oso garrantzitsuak dira. Urteetan Euskalerria irratiak bete izan du lan hori, topagunearena. Orain bistan da teknologia berriek biderkatzen dituztela aukerak, jendeak elkarren berri izan dezan eta komunikazioa bi norabideetan heda dadin. Iruditzen zitzaigun halako plaza bat irekitzea garrantzitsua zela, eta, gainera, horretarako masa kritikoa bazela. Bitarteko gutxirekin gauza handiak egin daitezke.

Zergatik hartu du Euskalerria irratiak egitasmo honen ardura?

Besteak beste, Iruñeko euskarazko komunikabide bakarra delako. Tokikom halakoak bultzatzen ari zen Euskal Herria osoan, eta bat zetorren guk identifikatzen genuen beharrarekin. Egitasmoa Iruñerrira egokitu beharra zegoen. Beraz, hona ekarri dugu, eta uste dut nahiko egitasmo interesgarria izanen dela.

Eta badu plaza izaera, jende ezberdina bertan topatu dadin.

Bai, noski. Euskalerria irratiak bere mugak ditu, eta argi dago oraingoz Internetik ez duela dirurik ematen. Orain arte irratia egiteko baliatu ditugun bitartekoekin ere egin beharko diogu aurre honi, eta ez da erraza izanen. Baina txunditurik gaude erantzunarekin, ikusi da beharra agerkari horretan komunitate gisa agertzeko. BERRIArekin eta Nafarroako Hitza-rekin hitz egin dugu eta akordioa lortu dugu Nafarroako edukiak ekartzeko; baita Argia-rekin ere. Xaloa telebistak ere ateak zabalik dauzka, aukera duenean sar dadin; baina bistan da orain proiektua abiarazten ari direla, eta ez dela haientzako erraza. Izan ere, Iruñerriko euskaldunok sakabanatuta gaude fisikoki, baina digitalki ere bai, eta badaude barreiatuta dauden gauza oso interesgarriak. Adibidez, Karrikirik agenda itzela du, eta Karrikaluzekoek badute 2.0 izeneko aldizkari zoragarria, baina paperean banatzen da haien eskualdean eta ez du oihartzunik Interneten. Iruñerriko euskara elkarteekin, eragile politikoekin, sindikalekin... jende askorekin hitz egin dugu, eta erantzun zoragarria izan dugu. Oso ongi dago hasi aurretik halako erantzuna izatea. Komunitatearen aldetik ekarpen majoa ia ziurtatua dago.

Komunitateaz galdetu nahi nizun, hain zuzen ere. Zer erantzun espero daiteke Iruñerriko euskaldunen komunitatetik?

Ikusteko dago. Erabiltzaileen aldetik bi baldintza behar dira profila zabaltzeko, euskaraz aritzea eta identifikatzea. Taldeen aldetik erantzuna oso ona izan da, eta batzuk jada martxan daude. Beste indargune bat da Euskalerria irratian iritziaren leihoa landu izan dugula iritzi-emaile talde zabala izateko, eta horiek ere haien profil pertsonalekin sartuko dira agerkarian. Beraz, ikusteko dago jendeak, pertsonalki, zer-nolako ekarpena eginen duen. Ez da erraza, guk uste dugu asko ematen ahal digula, baina ez da erraza. Eta badira ahalegin honetan porrot egin duten egitasmoak.

Hori guztia Interneten eginen duzue. Zertan datza sarearekiko apustua?

Internetek diru gutxi ematen du, baina zerbitzu handia ematen ahal diozu euskaldunon komunitateari. Ez bakarrik ikuspegi soziolinguistikotik, bazik eta komunikazioaren ikuspegitik ere; badu bere zentzua. Garai berezian bizi gara Nafarroan; berria ez dakigu sortuko den, baina argi dago erregimen zaharraren gainbeheraren aitzinean gaudela. Jendeak gauza asko esateko gogoa du, taldeka eta bakarka, eta aintzat hartuta Nafarroako panorama mediatikoa zein den, plus bat eskaintzen ahal diogu euskaldunei. Ez bakarrik euskaraz ariko garelako, baizik eta plaza bat izanen dugulako iritziak trukatzeko, erdaldunek akaso ez dutena.

Zer aurkituko du agerkarira sartzen denak?

Tokiko informazioa landuko dugu, baina ezin ahantz daiteke hiriburuan gaudela, eta, alde horretatik, Nafarroa osoari dagozkion gaiak ere landuko ditugu. Nafarroa ofizialaren berri emango dugu, baina Nafarroa errealaren berri ere bai. Eta tokikoagoa edo zerbitzuzkoa izan daitekeen informazioari ere lekua egin nahi diogu. Oso bateratzailea eta oso soziala izatea nahi dugu. Agendari ere garrantzi handia emango diogu. Eta umoreari ere tartea egin nahi diogu Nafarroa WOW (Nafarroa, the wonder of the world) izeneko atalarekin. Satira, umorea eta ironiaren bidez errealitatearekin lehian aritu nahi dugu. Nafarroan hori gaur egun ez da erraza, azkenaldian errealitateak fikzioa gainditzen duelako

6 mars 2015

Baldintzapeko askatasuna ukatu die epaitegi frantsesak Itxaso Zaldua eta Oihana Garmendiari

Itxaso Zaldua eta Oihana Garmendiaren baldintzapeko askatasunaren eskaerak errefuxat ditu epaitegi frantsesak. Josetxo Zeberiorena, aldiz, onartu egin du, baina fiskaltzak helegitea jarri du eta azken auzia martxoaren 17an ospatuko da, Bagoaz kolektiboak adierazi duenez.

EPPK-ak hartu dituen erabakien baitan kokatzen dira eskari hauek eta Bagoaz dinamikaren lana.

Kasu honetan, frantses Estatuko Bapaume eta Roannen daude preso. Bai Zaldua zein Garmendia epaiketaren zain daude eta Bagoazek adierazi duenez, erabaki hauetan «argiki Euskal Herriak bizi duen prozesuari frantses agintariek duten ukazioa adierazia geratu da».

Era berean, EPPK-ak hartu dituen erabaki desberdinak eta haien bide orria «ukatu» egiten dutela salatu dute. Honela, «bake prozesuaren aurka» aritzea leporatu diote Estatu frantsesari. Gainera, presoen giza eskubideak urratzen dituztela adierazi dute.

Azkenik, Euskal Herriak bizi duen egoeran epai hauek duten garrantzia gogora ekarri dute: «Epaile hauek hainbat pausu egiteko aukera dute bakearen bidean. Hauek egitea eskatzen diegu», amaitu dute.(Naiz)

Muga batzuetara heldu garela ematen du, mobilizapen gehiago eskatzen dituen muga batzuetara, nahiko argi gelditzen baita estatu frantsesak ez duela inongo urratsik egiteko intenzionerik. Estatuak EHarekiko duen ukazioa beste arazo askoren aurrean bezala  bere imobilismo orokorraren seinale itzela da. Frantses estatuaren imobilismoa desagertzen da soilik indartsuenen aldeko politika eramateko edo gerletan sartzeko!

 

 

4 mars 2015

Pierre Benoit, Ziburun

220px-Ciboure_(Pyr-Atl,_Fr)_Buste_Pierre_Benoit

1962ko martxoaren 3an zendu zen Ziburun, Ziburun haren estatu handia gelditzen da Frantziako akademiako partaide zelako behar bada. Baina ez da aipatzen Petainen aldeko intelektuala izan zela, tendentzia faxistako l’"Action française"(royaliste) eta   "Nouveau siècle" aldizkarietan parte hartzen zuela goratu behar da. Beti ere interesgarria da jakitea nor den goraipatzen gure bazterretan, bereziki eskuin muturra berrindartzen ari delarik.

Publicité
Publicité
3 mars 2015

22000 lanpostu gutxiago osasungintzan

santé

Hau da zenbakia! Hau da Challanges aldizkariak agertu duen berria. Gobernuak aurrezkiak egin behar dituela eta zenbakiak atera ditu. Hiru mila milioi euro aurreztu behar dituzte osasungintzan eta horietan 680 milioi langileen ordaintzeko diru zamatik aterako dute, horiek horrela 22000 lanpostu gutxiago izanen dira osasungintzan. Hau hiru urtez antolatuko den berritze plana, "aurreratze plana" omen. Aldizkari honek barne txostena irakurtzeko aukera izan du eta horrela plazaratu du berria Osasun ministroak ez baitu deus publikoki azaldu orai arte. Noski ez dute jenderik kanporatuko, erretretara joanen direnak ordezkorik gabe utzi, lanpostu kopurua txikitu. Hau da proiektua! Bestalde funtzionarioak ez direnak kanpoan gelditzeko aukera izanen dute. 

2 mars 2015

Ibon Iparragirre Alcalan

preso

Ibon Iparragirre presoa, gaixo dena, eten gabe erasotzen ari dira. Zaindariek egoera tensoa sortzen diote eta ebasketak gertatzen dira bere zeldan. Idatzi kanpaina hasten da, egoera salatzeko idatzi behar da; Hemen daude helbideak:

Angel Yuste Castillejo
Dirección General de Instituciones Penitenciarias
c) Alcalá 38-40, 28014, Madrid

Jose Luis Castro Antonio
Juzgado de Menores y Vigilancia Penitenciaria
Luis Cabrera 9, 28002, Madrid

Ibonen helbidea:

Ibon Iparragirre Burgoa
C.P. Madrid II (Meco), Ctra. Alcalá-Meco, km. 4,5, 28805, Alcala de Henares, Madrid.

Idazteak ez du denbora handia hartzen, lehio handia da presoarentzat. Gure elkartasunaren adierazteko era ederra.

 

1 mars 2015

FUTBOL 7, Maiatzak 30 Larunbata, XII.edizioa, HENDAIA Ondarraitz estadioa

Euskal preso eta iheslarien sustengurako Futbol 7 taldearen oharra:

txapelketa 2015 otsaila bukatua (1)

Aurten ere, euskal preso eta iheslarien sustengurako Futbol 7 txapelketa ospatuko da HendaianXII.edizioa maiatzaren 30ean, larunbatez, iraganen da ohikoa dugun Ondarraitz estadioan.

Hamarkada bat pasa ondoren, gure senide eta lagunen egoerak ez dute hobera egin. Horretarako, aurtengo elkartasun ekimen honi indar berezia jarri diogu.

Adin guzietako lagunek beren txokoa aurkitu dezaten gune ezberdinak antolatu ditugu. Karpa gunea, haurren gunea eta elkartasun gunea izenez ezagutuak izango dira berrikuntza hauek. Bertan puzgarriak, tailerrak, erakusketak, elektrotxaranga, herri bazkaria... egonen dira. Gauean berriz, Tximeleta, Oliba gorriak eta Anestesia taldeak izanen ditugu oholtza gainean energia biziz. Ohera joan nahi ez dutenentzat, kontzertu ostean eremua egonen da bertan festa egiten segitzeko.

Hori baina, ez dugu ekimenaren arrazoia ahaztu behar, borroka ez baita amaitu eta euskal preso eta iheslariak oraindik bertan dihardutelako. Gure senide eta lagunak etxean aske egon arte, amnistia lortu arte elkartasun ekimen honek bertan segituko du.

Amaitzeko, animatzen zaituztegu zuen zazpi laguneko taldea(guttienez) osatu eta izena ematera zenbaki hauen bidez (0034)650577426 (0033)642894537. Mezu elektroniko bidez egiteko aukera izanen da helbide honetara futbol7.hendaia@gmail.com idatziz.

Oroitu, futbolean jokatu nahi ez dutenak ere gonbidatuak direla eta beren lekua ukanen dutela.

PRESO ETA IHESLARIAK ETXEAN ASKE!

AMNISTIA!

 


DSC_3896 - Copie (1)

1 mars 2015

Euskara sustatzearen kontrako neurriak salatzeko

euskara

Milaka jende bildu zen Donostian euskararen ald, azken asteetan jasandako jarreren salatzeko.Jarrera horiek bideratu beharra dagoela uste du Kontseiluak, eta elkar hartuta erantzun behar dela, batera aurre egin behar zaiela euskara bultzatzearen aurkako neurriei. «Denok batera joko bagenu, nahikoa indar izango genuke oztopo horiei edota horiek baino gogorragoei aurre egiteko».

Beste garai batzuetako kemena ekarri zuen gogora Bilbaok —«herri honetan gai izan gara euskararen aldeko proiektuak baldintza makurretan abian jartzeko, itxi dizkiguten hedabideak berriz ere irekitzeko»—, eta orain ere jarrera hori behar dela adierazi zien manifestariei. «Euskaraz bizi nahi duen herriak aspalditik erakutsi izan du harresiak apurtzeko eta euskararen normalizazioa ahalbidetuko duten zutabe sendoak eraikitzeko gaitasuna daukala».

Trabak salatzekoa bai, aurrera egin duten erakundeei babesa ematekoa bai, baina batez ere batasuna eskatzeko manifestazioa bihurtu zen, beraz. Biainen deia: «Guztiok norabide berean boga eginez lortuko dugu». Bilbaoren esanetan, batasunak ez lituzke debekuak etengo, baina «antzu» bilakatuko lituzke. Horregatik eskatu du adostasuna: «Zeinek bere esparrutik egin behar dio aurre. Dei egin nahi diegu eragile horiei guztiei, behingoz bat egin eta denok elkarrekin jarduteko».

 

1 mars 2015

Estatu Batuek tortura legeztatu zutelako.

"Torture made in USA". Erreportaia honek azken urteetako gertaerei buruz argi interesgarria eskaintzen digu. Marie-Monique Robin kazetariak inkesta aberatsa eraikidu. Hemen dugu.

Publicité
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité