Canalblog
Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité

Gure Urruña / Notre Urrugne

18 janvier 2015

Babes juridikotik harago(Berria)

Euskal presoen eskubideen defentsan aritzen diren abokatuen kontrako polizia operazioak gogor eragin du presoen alderik zaurgarrienetako batean: senideengan.

Isilik emandako besarkadak, baina izugarri esan nahi dutenak. Isilak eta beteak». Halako besarkada eman zioten Ainhoa Baglietto abokatuari Itziar Goienetxeak, Elias Minerrek eta Nekane Basaurik. Hirurak euskal presoen senideak dira. Itziar Goienetxea Xabier Alegria euskal presoaren bikotekideak esana da besarkadarena; atxiloketa, epaiketa eta kartzelaldietan egokitu zaizkion hainbat egoera gordinetan abokatuek senideei emandako besarkadez ari zen, baina kontrako norabidean egokitu da oraingoan. Bero hartu dute senideek Baglietto, ustekabean, abokatuen bulegoan azaldu direnean, Hernanin. BERRIAk elkartu ditu senideak, euskal presoen eskubideen defentsan aritzen diren abokatuen kontrako polizia operazioak, presoen eskubideak urratzeaz gain, senideengan ere baduelako eragina. Abokatu sare horren asistentzia arlo juridikotik harago doa haientzat. Haiekin izan dituzten bizipen batzuk partekatu dituzte.

 

Kepa Minerri gaztetatik egokitu zitzaion Auzitegi Nazionala ezagutzea. 1984an atxilotu zituzten haren aita eta ama. «30 urte daramatzat espetxetik espetxera, lehenbizi aitarekin eta gero anaiarekin, eta ikusi dudana da egunerokotasunean beharrezkoak ditugula abokatuak: bisita ukatzen digutelako, edo eskaera bat egin behar dugulako espetxe barruan, auzitegira joan behar denean... Gure senideak babesten dituzte, eta guk lasaiago eramaten dugu espetxealdia».

Itziar Goienetxeari 1998tik abokatu askorekin hartu-emanetan aritzea egokitu zaio. «Hainbeste auzi... Egin, Ekin, Udalbiltza, Egunkaria...». Senideen ezinegonak partekatu dituzte abokatuek, Goienetxeak dioenez: «Gure senideak atxilotuta, inkomunikatuta, haien berririk gabe, gu auzitegi kanpoan zain, auzitegiko ateak ixten zituzten eta atzeko parkean geratzen ziren abokatuak, gurekin, gaupasa egiten, animoak ematen». Ez du ahazteko Arantza Zuluetaren telefono deia —abokatua, iaztik preso—: «Xabi lasaiago dago, egin lo lasai». Egunkaria auzian atxilotu eta torturatu osteko egunak ziren. Lehen bisita dauka oroimenean iltzatuta: «Begiak itxita, hortzak beheko ezpainari hozka egiten, odoletan.... ez gehiago joateko eskatu zidan, berataz ahazteko. Ni animoak ematen, mezu pilo bat geneuzkan, baina ezin zuen. Shock egoeran zegoen; nik ez nuen kartzelatik atera nahi; kezka ikaragarria nuen, bere buruarekin zerbait egingo zuela pentsatzen bainuen. Arantzak esan zidan lasaitzeko, autoa hartu eta Madrilera joango zela. Hari kontatu zion gertatutakoa, baina kostata. Nik ez nuen ezer entzun Udalbiltzako epaiketara arte. Bi egun berarekin pasatu zituen, hizketan. Une horretan ez zuen abokatu lana egin, psikologo lana baizik». Bi egunera esan zion lasaiago zegoela eta lortu zutela beste kide batekin jartzea. «Hitz horiek dena dira. Hori ezin da diruarekin pagatu». Zintzotasuna ere eskertzen die abokatuei, senideari zer gertatuko zaion ez ezkutatzea.

Nekane Basaurik esker oneko hitzak baino ez ditu: «Deskribatu ezina da zein baldintzatan egiten duten lana, ez ordurik, ez ezer. Frantzian bisitak jasotzeko tramiteak konplikatuak dira, eta senideaz ezer ez dakizun egunak luze joaten dira. Abokatuak hor izateak lasaitasuna ematen digu. Hainbat formula erabili dituzte guri kalte egiteko: lagunen zerrendak murriztu, ausaz biluzarazi, haurrak erabili... Giza kalitatea apartekoa dute abokatuek hori dena kudeatzeko».

Duela urte batzuk, Espainiako zenbait espetxetan euskal presoen senideak, bisitetara sartu nahi bazuten, biluztera behartzen zituzten. Ez zuten jakiten biluzteko eskatuko zieten espetxera joan arte. Bereziki gogorrak egin zitzaizkien hilabete haiek; are gogorragoak haurrak zituztenei: «Biluztera behartu nahi zuten gure alaba ere. Abokatuari deitu, eta esan zidan Madrilera dei zezala espetxeko zuzendaritzak, haurrak ezin dituztelako ukitu, eta hortik lortu genuen 15 urtera arteko haurrak ez ukitzea». Minerrek jarraitu dio: «Ikasi dugu beti erreklamatu egin behar dela. Galduko ditugu hamarretik bederatzi, baina beti erreklamatu. Ez bagenitu erreklamatuko, gauza asko galdu egingo genituzke, ezjakintasunagatik edo...».

«Babesa»

Lasaitasuna sentitzen dute senideek abokatuengana edonoiz jo ahal izanda. «Presoek espetxean egoera oso larriak jasaten dituzte maiz, eta batzuetan senideoi ez dizkigute kontatzen, ez sufriarazteagatik. Baina abokatuek gauza askoren berri izaten dute. Eta hori dena jaten dute, askotan gure ordez», dio Basaurik. «Ikusten duzu zein lan hartzen dituzten, nola prestatzen dituzten epaiketak eta dena, eta gero defentsa egiten duintasunez. Nik ikusi dut Parisen epailea epaiketan lo hartzen. Ez dakit zertarako egiten dituzten epaiketak».

Harrigarri egin izan zaie senideei ikustea abokatuak Auzitegi Nazionaleko korridoreetan nola mugitzen diren. Goienetxeari egokitu zitzaion haiekin ibiltzea: «Egunkaria-ko kontuarekin gora eta behera ibili nintzen abokatuekin, paperak behar zirelako edo, eta ikusten duzu nola kontrolatzen duten Auzitegi Nazionala. Han lanean diharduten prokuradore edo abokatuek esaten dizute: hauek hemen gauden guztiok baino hobeto ezagutzen dute Auzitegi Nazionala». Elkarrizketa aurrera doala, Ainhoa Baglietto abokatua sartu da gelara. Irribarrea galdu gabe, baina albistea bere gordinean ematera: «Josu oso gaizki dago». Uribetxebarriaz ari da; ostegun iluntzea zen, eta ostiral goizaldean hil zen. Eskertu diote abisatu izana.

Eta heriotzaren haritik segitu du elkarrizketa Goienetxeak: «Senideok pasatzen dugun beste trago txarretako bat da gure senideak hiltzen direnean. Duela urte eta erdi, hiru egunetan nire aita eta bere [Alegria] ama hil ziren. Une gogorrak dira. Beraiek esaten dizute zer non eskatu, eta ezin baduzu, haiek laguntzen dizute paperak egiten, lehenbailehen ekartzeko presoa».

Kezka, aurrera begira

«Ikusteko dago zer gertatuko den aurrerantzean, presoak arazoren bat duenean, psikologikoki apurtuta baldin badago edo... abokatuek ezingo dute ikusi?», esan du Goienetxeak, kezkatuta. Basaurik segitu dio: «Egunak eta orduak markatuta dauzkagu. Baina horietatik kanpo ez dakigu gure senideei zer gertatzen ari zaien. Batzuetan izaten dira kezkatzen gaituzten gaiak, abokatuei esanez gero kiku bat egiterik badagoen... Horrek lasaitasun handia ematen digu. Gu zeharo abandonatuta eta presoak ere hala geratuko lirateke talde hau galduz gero».

Uste dute operazio honen helburua prozesua oztopatzea dela. Basauri: «Kolektiboa beharrezkoa da prozesuak aurrera egiteko. Eta hori puskatu nahi dute». Minerrek jarraitu dio: «Elkartasuna delitu bihurtu nahi dute». Goienetxeak ditu zken hitzak abokatuentzat: «Zein gutxi eskatzen duzuen, eta zenbat ematen diguzuen».

 

Publicité
Publicité
18 janvier 2015

Mendekua jasandako Josu Uribetxebarria maitasunez agurtu dute ehunka pertsonek

Testua, bideoa eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2015eko urtarrilak 17, zapatua

 

“Gernika” hileta-martxaren doinuen artean, Josu Uribetxebarria Bolinaga “Eperra”ren zerraldoa Aldaiko parkean sartu dute.

 

Xingola beltzezko ikurrinek bidea egin diote, eta bertaratutako ehunka eta ehunka pertsonek txalo beroen artean hartu dute.

 

Txalapartariek ekitaldira dei egin dute, Enrike Letonak aurkezpen-lanak egin ditu, eta Xanti Iparragirre eta Gari Lopez de Munainek bertso hunkigarri [entzun audioa, pantailaren behealdean] bana abestu dute.

 

Ekitaldi hunkigarrian, ohorezko aurreskua egin da, txistularien eta dantzariaren eskutik. Josu Uribetxebarriak oso gustuko zuen “Xalbadorren heriotzean” kantua, eta zenbait lagunek horixe abestu dute, ehunka herritarrekin batera. “Eusko gudariak” ere elkarrekin abestu da.

 

Zerraldoaren gainean ikurrina eta euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko banderola bana izan dira, eta herritar ugarik krabelin gorriak jarri dituzte bertan, oso hunkiturik.

 

Jabi anaiak, oso hunkituta ere, esker oneko hitzak izan ditu trantze zailean lagun izan dituzten guztientzat. Azaldu du anaiak beti eskatzen ziola pertsona horiei guztiei eskerrak ematea.

 

Bertaratutakoekin konpartitu du familiak “une oso zailak bizi izan ditugula, batez ere azken bi egunak”. Txalo beroak jaso ditu familiak, eta lau lagun minek (Xabin, Gaztelu, Xabier eta Joxek) idatzitako olerkia Ines Zubiak irakurri du:

 

Lagun min bikainaren oroitzapenak gogora,
besarkada bat eman nahi eta ezinak
eragindako saminaren zauritik,
garrasi bat ziegetako leihoetatik airera.

Askatasunaren sua piztuta mantendu huan
hire militantzia zintzoaz.
Hire duintasunak du gartsua utzi ziguk,
eta aurrera goazak su horren argitasunean.

Eusko lurraren gainean harro,
Historiari begira gogoratu eta
oroitzapenen txoko goxoenian
eramango haugu beti.

 

Lagun gehigok ere Josu Uribetxebarriaren aldeko hitzak izan dituzte, eta ekitaldian ere irakurri dira:

 

“Gaur egun iluna da guretzat. Josu ez dago gure artean fisikoki, baina inoiz baino gertuago sentitzen dugu. Zure bihotzaren taupadak gelditu direnean, Josu, gureganaino iritsi dira taupada horiek eta hemendik aurrera Josu gurekin batera biziko da. Izan ere, maite dugun pertsona bat gure oroimenean eramaten dugun bitartean, bera ere gure baitan eta memoria kolektiboan bizi-bizirik baitago.

 

Herri honetan batzuek behin eta berriz aipatzen dute indarrean dagoen legedia. Eta guk ezin dugu gure burutik kendu, Josuri lehen aldian minbizia detektatu ziotenean, legeak dioen bezala, kalean utzi balute, agian gaur ez ginatekeela egon behar hemen Josu agurtzen. Hemen gaude Josuri agur esateko, baina era berean Josurekin egindakoa salatu nahi dugu. Josu, legeak dioen bezala, aske egon balitz eta beharrezko zainketak izan balitu Josu bizirik jarrai zezakeen. Horren aurrean ezin gara isilik geratu eta berari egindakoa indartsu salatu nahi dugu.

 

Ezin dugu ahaztu Josu ez zutela nahi askatu. Josuk askatasun mugatua lortu zuen berak eta Euskal Herriak egindako borroka luzeagatik. Poliki-poliki bere osasun egoera moteltzen joan zen, baina hala eta guztiz espetxeratzeko beste saio bat egin zuten eta hainbat hilabete etxetik irten gabe eta polizia zaintzarekin egon zen. Josu gehiegi ari zen irauten eta neurriak jarri behar ziren bere egoera eta osasuna gaiztotzeko. Giza eskubideak behin eta berriz aipatzen dutenek ez zuten antolatu inolako protestarik, baina Josuren lagunek eta Euskal Herriak orduan ere neurriko erantzuna eman genuen eta gure salaketa kalera atera genuen.

 

Une honetan, Josu agurtzen ari garen bitartean, hainbat euskal preso politiko gaixotasun larriekin daude eta espetxean mantentzen dituzte. Nola aplikatzen dute legedia Estatu frantziarrak eta espainolak? Zergatik ez dituzte kaleratzen pertsona horiek? Nahiago dute kutxa batean atera, euren nahia garbi adierazten dute, legea ez dutenean aplikatzen, baina herri honek ezin du hori permititu. Milaka pertsona ginen Bilbon urtarrilaren 10ean eta milaka pertsona jarraitu behar dugu kalean, preso guztiak Euskal Herrira ekarri arte eta neurri desberdinak aplikatuz guztiak kalean egon arte.

 

Ez duk izan erraza, Josu, baina une oro izugarrizko duintasuna erakutsi diguk. Kalera atera hintzenetik, egoera larrian egon arren, inoiz ez dituk ahaztu barruan utzitako lagunak eta eguna joan eta eguna etorri, beti atera duk indarra boligrafoa eta papera hartzeko barrukoei lerro batzuk bidaliz, kanpoko arnasa helarazteko.

 

Gaur hemen kanpoan eta espetxe askotan ziegako isiltasunean, iluntasunean, bakardadean, lagun askok begi umelak izango dituzte eta dauzkagu, masailetik behera lerratzen zaizkigu malkoak, baina hik erakutsita bezala, duin gaude, malkoek ez gaituzte lotsarazten. Gaur, triste gaude Josu, baina era berean irribarrea daukagu begitartean, zain harro gauden hire lagunak izan garelako. Hor goian hago, Josu. Hirekin izar berria sortu duk Euskal Herriko zeruan eta hor goitik izpiak bidaltzen jarraituko duk espetxe guztietara, horretan ez diagu zalantzarik. Eta izpi horiek, herriaren izpiekin batera, Preso politikorik gabeko Euskal Herria lortuko dute, horretan ere ez daukagu zalantzarik.

 

Baina hau idatzi ondoren zalantza bat sortu zaiguk. Ez zekiagu, Josu, gai izango haizen izar bezala, hor goian geldi geratzeko. Gehio ikusten haugu arrano bezala, Arrasatetik Bedoñara, handik Degurixara eta Aitzgorritik landa Udalaitzeraino, hortik goitik Arrasate zaintzeko. Eta nola ez hire hegalak indartsu irekiz, espetxeetara joango hintzan kideak bisitatzen eta babesten. Eginzak nahi duana, Josu, hik aukeratu, izar edo arrano baina hortik goitik zaindu Euskal Herria eta zaindu gure bizkarrak. Laguntza guztiaren beharra izango dugu eta.

 

Bukatzeko, Josuren familiari gure maitasuna igorri nahi diogu, hemen gauden guztion maitasuna. Une gogor hauek pasatuko dira eta eguzkiak dir-dir egingo du berriz. Beste askorekin batera, Josu bizi-bizirik mantenduko dugu gure oroimenean.

 

Ez adiorik Josu!”

16 janvier 2015

Iosu Uribetxeberria hil da

bildu673_44504576

Iosu Uribetxeberria hil da goizeko 4tan minbizia zuela. 2005ean espetxean zela minbizia atxeman zioten baina etzioten baldintzapeko askatasunik eman. 2012an Leongo kartzelatik Donostiako hospitalea eraman zuten giltzurruneko minbizia zaintzeko. Bertan gose greba luze baten ondotik, Arrasatera, etxera eraman zuten bizitzako azken uneak igarotzera.

AGUR ETA OHORE

13 janvier 2015

Xarli aipatzen euskaraz, azterketa eginez.(Ahotsa.info)El

Elkarrizketa interesgarria urruntasun pixka bat hartuz!

 

13 janvier 2015

Frantzian pasatutako urteak debalde

Gaur erabaki du Esapinako epaitegiak presoek Frantzian pasatutako urteak ez zizkiela haitzat hartuko, ondorioz delitu berarentzat zigorra bi aldiz beteko dutela. Erantzutari dei egiten ahal omen zaio, baian abokatu gehienak eta txostenak haiekin batera preso sartu dituzte. Nork eta zein baldintzetan dei eginen du?

Azken egun hauetako ipokrisia bete betean agerian agertzen da, borrkalariak zigortzen dira ez behin bakarrik, bi aldiz delito berarengaik. Non daude demokratak. Egun beltzak heldu direlakoan gaude!

Publicité
Publicité
13 janvier 2015

Abokatuen aurkako operazioa

(ikusi bideoa)

7 janvier 2015

Lagundu eskaera hau bidaltzen FRANTZIARI ZUZENDUTAKO ESKAERA : EUSKAL PRESO POLITIKOAK EZ ESPAINARATZEKO‏

Frantses estatuan diren Euskal preso politiko batzu ari dira Frantziako Mme TAUBIRA-ri idazten. Luzatzen zaion eskaera EUSKAL PRESO POLITIKOAK EZ ESPAINARATZEKO da eta haiekin batera herritar orori eskatzen zaie berdin egitea. Behean datorren esteka hori deskargatu, bete eta igortzea galdegiten zaizue.
Eskutitz hau Ibon GOIEASKOETXEA ARRONATEGIren izenean dago baina beste preso batzuek beren izen pean berdin egin dute.
Zuen izena eta datoak agertu behar dira goiko ezkerraldean eta behean siñadura.
Eskerrik asko zuen laguntzagatik!!!!

PRISONNIERS_POLITIQUES_BASQUES_1

6 janvier 2015

Didier Rouget gogoan

rouget

 

Didier Rouget urtarrilaren 5an zendu da. Militante, abokatu eremu askotan eragiten aritutako pertsona. Familiarentzat eta lagunentzat une gogor hauetan elkartasuna adierazi nahi diegu. Euskal Herriko izarren artean lagun ainitz aurkituko ditu.

5 janvier 2015

Iheslarien ehun pauso garai berri baterako bidean

 [Naiz.eus]tik

Iazko ekainean iragarri zuen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Miarritzen etxera itzultzeko garaia zela, «Herria dugu arnas» aldarri hartuta urtebetera Arrangoitzen erabakia baieztatu eta sorterrirako itzulera hasi zuen iheslarien zati handi batek. 100 bat itzuli dira sorterrira, kolektiboaren laurden bat inguru. Ipar Euskal Herrian bizi direnak gehienak baina baita konfinamentua edo deportazioa eten eta etxeratzeko hautua egin dutenak ere, urruneko erbestea atzean utzi dutenak. Orain dela 40 urte ihes egin zutenak eta azken hamarkadan egin dutenak. Ez dira denak, ehun pauso eman dituzte iheslariek berandu baino lehen, behinola joan ziren den-denak itzul daitezen

 (ikusi bideoa) http://youtu.be/0QTI80ZOMoA

5 janvier 2015

Hendaitz, eguberri kantuz.

Hendaiako gazte asanbladak, Hendaitzek, kantu berria sortu du. Eguberrikari kantazen ibili ziren.

Astero elkartzen gara
10 pertsona inguru
gizarte alternatiba
antolatzea helburu
zuen iritzia entzun
nahi dugu seguru
baina dena burutzeko 
tokia behar dugu

Hendaian hendaian
gaztetxea gure nahia

Pentsatzeaz gain badira
nahiko barre ta algara
gonbidatuta zaudete
denak gure familiara
ondo pasatzeko denak
beharrezkoak gara
elkarlanaz lortzen dena
askozaz hobea da

Gaixtoak izandakoak
txintxotzeko berandugi
laister olentzero dator
ta denak daude urduri
hala ere merezia
dakarrela dirudi
dakigun askoi ikatza
ta gaztetxea guri

Hauek, dituzten problematikei erantzuten egon arren oso mugatuak gelditzen dira sarritan. Oraindik aldarrikatzen duten eremu autogestionatua lortu ez dutelako. Badirudienez herriko etxeak beste proiektu batzuk lehenesten ditu.

Publicité
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité