Canalblog
Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité

Gure Urruña / Notre Urrugne

30 novembre 2014

'Gerra zikineko' gertakari eta testigantzak bildu ditu Euskal Memoriak liburu batean.(Berria)

jarraia105931

Fundazioak goizean aurkeztu du 'Deklaratu gabeko gerra' lana, Donostiako San Telmo museoan.

Estatu terrorismoa mundu mailan, Euskal Herriko gertaera garrantzitsuenak, ekintzak komunikabideetan nola agertu ziren, senideei eta adituei eginiko hainbat elkarrizketa eta beste bildu ditu Euskal Memoria Fundazioak 700 orrialde baino gehiagotan. Deklaratu gabeko gerra. Estatu-terrorismoa Euskal Herrian du izenburu, eta liburuaren lanetan parte hartu dute Joxean Agirre, Paul Asensio, Joxerra Bustillo, Iñaki Egaña eta Mikel Zubimendi idazleek. Gaur aurkeztu dute Donostian.

 

Estatua eta indarkeria jatorritik batera datozela azaltzen du Eugenio Etxebeste Antton-ek lanaren hitzaurrean, eta baldintza eta beharren arabera, indarkeria hori "terrorista" bihurtzeko joera egon daitekeela: "Estatuaren terrorismoa da disidentzia eta subertsioa borrokatzeko modurik eraginkorrena". Iñaki Egaña fundazioko lehendakariaren sarrerak ematen dio jarraipena lanari, definizioetan sakonduz. Haren hitzetan, "gerra konbentzionalen aurkako kontzeptu bezala" sortu zen gerra zikinarena.

Hona hemen pasarte esanguratsuetako batzuk:

MAGNIZIDIOAK

Felipe Gonzalezen zalantza

Magnizidioa: «Etsaiari burua moztea». Liderra hiltzea, eraginkortasun ikuspegiz. Hainbat kasu aipatu dituzte: Jose Miguel Beñaran Argala ETAko burua, Santi Brouard HBkoa, Josu Muguruza HBko diputatua, Eduardo Moreno BergaretxePertur ETApm-koa... Eta ahaleginean geratu zirenak: Jon Idigoras Gerrikabeitia LABeko eta HBko buruarena, Juan Mari Bandres Euskadiko Ezkerrakoarena... Estrategia horren aitorpen adierazgarria Felipe Gonzalezek egin zuen, El País egunkarian, 2010ean. Espainiako presidente zela, «Frantzia hegoaldean» ETAko zuzendaritza «batera leherrarazteko» aukera izan zuela, eta zalantzan zegoela «zuzen» jokatu ote zuen. Norbaitek jarri zion aukera hori mahai gainean, liburuaren egileek nabarmendu dutenez: zerbitzu sekretuek.

ATENTATU BEREIZIGABEAK

Leherketa haurtzaindegian

«Herritarrak zuzenean beldurrarazteko atentatuak eta ekintzak» dira atentatu bereizigabeak, «kaleko jende arrunta» dute helburu. Kasu askorik egon ez den arren, mugimendu ezkertiar edo abertzaleen ingurukoen aurka erabili dela diote egileek: Alonsotegiko Aldana tabernaren aurkakoa —lau lagun hil zituzten, eta hamar zauritu, 1980an—, edo Bilboko Ametzola plazan zegoen Iturriaga haurtzaindegikoa —hiru hildako eragin zituzten, 1980an, lehergailu bat jarrita. AAAk eta BVEk aldarrikatu zuten, guztiz argitu ez den arren—.

BORTXAKETAK

Ana Teresa Berrueta

Atentatu bereizigabeen atalean sartu dituzte emakumeen bortxaketak ere, pistola mehatxuz eginak batzuk. Aipatzekoa da Ana Teresa Berruetaren kasua: 1980an, Loiun (Bizkaia) desagertu egin zela salatu zuen familiak, eta hurrengo egunean aurkitu zuten errepide ondoan, tortura eta bortxaketa zantzuekin. Segurtasun uhalarekin ito zuten.

BAHITZE ETA DESAGERTZEAK

Lasa-Zabala baino lehen

«[Teknika] Erabilienetako bat, etsaiari beldurra eragiteko duen arrakasta dela-eta, bahiketa da». Informazioa lortzeko ez ezik, zigor eta intimidazio gisa erabili izan da. Ezagunak dira hilketan edota desagertzean bukatu diren batzuk, Joxean Lasa eta Joxi Zabalarena, Eduardo Bergaretxe Moreno Pertur-ena, Joxe Miguel Etxeberria Naparra-rena... Azkena, duela bost urtekoa: Jon Anza.

Lasa eta Zabalaren kasua (1983) baino atzerago jo behar da bahiketez aritzean. 1975eko maiatzean, Pedro Ibarra Guel abokatua eramaten saiatu ziren Leioako etxetik. Haren emazte Carmen Oriolek azaldu zuenez, hiru gizonezko ziren, eta tiro egin zuten Oriol atzetik joan zitzaienean. Haren esanetan, besoak sabelera eraman zituen senez, eta hura zauritu zutelako beldurtuta-edo, ez zuten Ibarra Guell eraman.

BAHIKETA ETA TORTURA

Anagramak azalean

Horiek baino ugariagoak bestelakoak izan dira, ordea: ordu batzuk iraun dutenak, esaterako, azala labana bidez zauritu eta anagramak egiteko. Halakoak jasan zituzten, adibidez, Paul Asensiok 1989ko abenduan eta Edurne Sampedrok 1988ko otsailean. Bahiketa espresak ziren, eta biktimak «galdekatu eta torturatzeko» ere erabili zituzten; hala, beldurra zabaldu edo informazioa lortzeko.

Kasu horietako bat da Juan Antonio Goienetxeak jasandakoa —Miguel Angel Goienetxea errefuxiatuaren anaia zen—. 1979an bahitu zuten: mendira eraman, jo, zuhaitz batetik zintzilik jarri, hilko zuten itxura egin... eta bide bazterrean utzi zuten bost bat ordura. Hiru bat hamarkada geroago, antzeko egoerak salatu zituzten beste hainbatek. Alain Berastegik, esaterako, elkarrizketa batean kontatu du 2009ko uztailean berari gertatua.

METRAILATZEAK

1975eko maiatzeko grebak

Ibarra Guel abokatua bahitu zuten egunen bueltan, 1975eko maiatzaren 8, 9, 10ean, ordu txikietan, hainbat egoitza, liburu denda eta saltoki metrailaz josi zituzten. ETAren nahiz EAJren inguruko independentismoarekin zerikusia zuten lekuak ziren denak. Horien artean zegoen, esaterako, bahitzen saiatu ziren abokatu haren Bilboko bulegoa. Geroago, modu horretan egin zuten Hendayais tabernaren aurkako atentatua ere, 1980ko azaroan —bi lagun hil zituzten, eta hamar zauritu—.

ONDASUNEN AURKAKOAK

Lehergailuak egoitzetan

Metrailatze horiek ez ziren izan ondasun materialen aurkako eraso bakarrak. Frankismoaren azken urteetan, esaterako, «ohiko» bihurtu zen autoak erre edo lehergailu bidez erasotzea. 1971n, esaterako, Juan Mari Bandres abokatuaren autoari eraso zioten, Burgosko prozesua pasatu berritan. Bi urteren ondoren, berriz jo zuten haren autoaren aurka. Denetarik egon izan da jomugan: liburu dendak, saltokiak, herriko tabernak, HBren egoitzak, elkarteak... 1973ko abuztuan, esaterako, Kresala kultur elkarteak erabiltzen zuen lokal bat txikitu zuten, lehergailu batekin.

HILDAKO GEHIENAK, ZIBILAK

Etxabetik Casteigtsera

Gertaerez gain, datu bilduma ere badakar liburuak amaieran: hildakoen zerrenda, eta kalte fisikorik gabeko erasoen kronologia. 83 hildako dokumentatu dituzte. Lehenengoa, Iñaki Etxabe Orobengoa, 1975eko urrian AAAk tiroz hila; azkena, Christian Casteigts, 2012ko urtarrilean hila, indar parapolizialek lehergailuz egindako atentatuak eragindako tetraplegiaren ondorioz. Nabarmentzekoa da, horien artean, zibilak zirela gehien-gehienak: 48. Gainerakoetatik, errefuxiatuak ziren gehienak.

GERRA ZIKINAREN IZENAK

Mertzenarioak, politikariak

Hildakoez eta gertakarien kronologia ez ezik, gerra zikinarekin zerikusia izan duten 400 bat pertsonaren izenak ere bildu dituzte. «Garai eta joera ezberdinetako militarrek, poliziek, faxistek, mertzenarioek eta politikoek, inplikazio maila ezberdinekin, parte hartu dute gaur egun arte dirauen hilketa, bahiketa, tortura, eraso, leherketa, sute eta mehatxuen soka luze batean».

Publicité
Publicité
26 novembre 2014

Hizkuntza-komunitate guztientzat aitortza aldarrikatu du Paul Bilbaok Nazio Batuen Erakundean

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Giza Eskubideen Batzordeak sustatutako Gutxiengoen Aferetako Foroan parte hartu du eta bertan hizkuntza-komunitate guztien aitortza eta bermerako mekanismoak aldarrikatu ditu.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi eta ELEN –42 hizkuntza-komunitate biltzen dituen Europako Hizkuntza Berdintasunaren aldeko Sarea– erakundearen lehendakariordeak NBEren Giza Eskubideen Batzordeak sustatutako Gutxiengo Aferetako Foroan hitzaldia eskaini du.

Bilbaoren parte-hartzeak bi ardatz izan ditu: batetik, gatazken konponbidean eskubide kolektiboen aitortza urrats eragingarria dela azaldu du eta, ildo horretan nabarmendu duenez, hizkuntza-komunitateen aitortza eta horien babeserako mekanismoak «nahitaezko tresna» dira gatazkak saihesteko. Horregatik, nazioarteko erakundeen hainbat dinamika kritikatu ditu. «Badirudi nazioarteko komunitateak lehenetsi izan duela desagertzear dauden hizkuntzen zerrenda egitea eta, ez ordea, hori saihesteko beharrezkoak diren arauak abian jartzea, beti ere hizkuntza-komunitateek beren hizkuntzetan bizitzeko duten eskubidea askatasunez egikaritu ahal izateko», esan du.

Bestetik, Estatu frantsesaren adibidea partekatu nahi izan du foroan bildu diren munduko laurehundik gora parte-hartzaileekin. «Frantziako Estatuak ukatu egiten ditu eskubide kolektiboak, eta, horren ondorioz, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean edota Haurren Eskubideen Deklarazioan babesgabe uzten ditu Estatuko hizkuntza-komunitate gutxiagotu guztiak, eta beraz, Foroan denbora guztian aldarrikatzen ari diren gutxienekoen kontra egiten du», salatu du.

Bilbaok gogoratu du NBEren hainbat batzordek gomendio zehatzak egin izan dizkiotela Parisko Gobernuari jarrera hori aldatzeko eta eskubide kolektiboak aitortzeko, baina oraindik ez dituela bete.

 

25 novembre 2014

Ibon Iparragirre presoa jipoitu dutela salatu dute senideek(Berria)

preso

Gaur arratsaldean jakinarazi die senideei jipoiaren berri presoak berak, Lea-Artibai eta Mutrikoki Hitzari esan diotenez. Alcala-Meco espetxean dute preso Iparragirre.

Iparra Galdu Baik plataformak salatu du jipoitu egin dutela gaur arratsaldean Ibon Iparragirre. Gaitz larri eta sendaezina du Iparragirrek: hiesa, 3C estadiokoa. Senideek Lea-Artibaiko Hitzari azaldu diote beste preso batek eraso duela Iparragirre, eta oso urduri zegoela deitu duenean. Oraingoz, ez dute informazio gehiago. 

Presoaren ingurukoek azaldu izan dute gaixotasuna arintzeko modu bakarra bere konfiantzazko lagun eta senideek babestu eta zaintzea dela. Hala ere, preso sartu eta Navalcarneroko kartzelara urrundu zuten Iparragirre, eta bakartuta ere izan zuten. Heriotz arrisku errealean dagoela salatu zuten urria hasieran.

25 novembre 2014

"Senarra ikustea eta amatasuna ukatzen didate"(aiaraldea.com)

eider_u

EIDER URUBURU (Bilbo, 1978) Aletxu Zobaran euskal preso politikoaren emaztea da. Nahiz eta estatuak lurralde frantziarrean egotea debekatu, pasa den astean Parisera joan zen bere senarra ikustera, Aletxu epaituko zutela aprobetxatuz. Ikustea lortu bazuen ere, hurrengo egunean poliziak Eider atxilotu zuen eta atzo 8 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion epaile batek. Kartzelan dago orain. Epaiketa baino lehen Aiaraldea.com-ek elkarrizketa egin zion.

Lyon-eko espetxean dago Aletxu, hau da, 980 kilometrora. Zer suposatzen du horrek senide eta lagunentzat?

Hasteko dirutza ikaragarria gastatzea suposatzen du. Bidaia bakoitzak 300 euro baino gehiago suposatzen du, zer nolako garraio modu erabiltzen duzun arabera: Mirentxin-eko furgoneta, autoa, hegazkina...

Lyon ez dago bat ere ondo komunikaturik eta batzuetan hegaldiak oso garestiak dira, trenez ere oso urriak dira zuzenean heltzen direnak -askotan Parisera jo behar duzu edo Marsellatik itzuli... odisea izan daiteke-.

Dirutzaz gain, ahalegin fisiko handia da, autoz eginez gero istripua izateko aukera handiak dira, stressa...

Preso prebentibo gisa -hau da, epaitu gabe- astean hirutan egin daitezke bisitak baina hain urruti egonda edo bertan lo egiten duzu -eta ondorioz diru gehiago behar duzu- edo bertan bizi den jendea egin ditzake aste berean hiru pertsona ezberdin ikusi. Hori dela eta normalean presoek bisita bakarra dute astero.

Zu ere Lyonen espetxeratua egon zara, nolakoak dira bizi baldintzak?

Borroka ugari egin genituen eta mitard-ean -hau da, isolamenduan- zenbait aldiz egon ginen. Une hauetan Aletxuk hilabete baino gehiago darama mitard-ean.

Baina orokorrean espetxean dauden baldintzei dagokionez, presoak bi orduz egon daitezke egunero patioan.

Zenbait kartzelatan apur bat gehiago da baina legez zuzendaritzak errespetatu behar du presoek bi orduz patiora ateratzea.

Nahi izanez gero presoa ziegan gera daiteke. Estatu Espainiarrean derrigorrezkoa da ateratzea baldin eta baimen berezirik ez badago.

Preso politikook egunero gutxienez 22 ordu ziegan eman ez ezik, bakarrik ematen ditugu, debekatua baitago preso politikoek kideak izatea. Preso arruntek ez dute debeku hori.

Egoera normalean beraz patioan bakarrik elkartzen dira euskal presoak bere kideekin.

Bestela frantziar klaseak jasotzerakoan. Baina irakasten diren mailak oso apalak dira eta presoek maila hobeagoak dituzte orokorrean.

Ikastaro gehiago daude baina ez da batere erreza.

Kirola egiteko aukera ere badago astean hirutan baina zerrenda bitartez egiten da eta zaila ere bada. Batzuetan arazoak egon dira horrekin, adarra jotzen saiatzen baita zuzendaritza.

Guk adibidez egin genuen lehenengo borrokaldia izan zen Aletxu baztertzen saiatu zirelako. Kontua da ziegak ilaran daudela. Alde batean zein bestean. Hori dela eta ziega bat bestetik ez badago oso urrun, korridore berean komunikatu zaitezke, baina korridorearen beste aldean jarriz gero erabat isolatuta gera zaitezke.

Eta hori Aletxurekin egiteko saiakera egin zuten, baina mitard-ean sartu gintuzten guztiok behintzat oinarrizko eskubideak bermatzeko: kideak elkarrekin egoteko eskubidea, alde berean egotekoa, bisitak bikoitzak izateko -400 kilometrotatik baino urrunago etorriz gero senide eta lagunek bisitak bikoitzak izan beharko lituzkete, baina espetxeak ez daude prestatuta hainbeste jende jasotzeko, preso arruntek hilean behin egiten dute bisita bikoitza eta guk eskuratu genuen astero hiru egiteko eskubidea-, preso zegoen bikote batek bere semea egoera duinean ikusteko zuzendaritzaren baimena erdietsi genuen...

Borrokaren bitartez lortu genuen gure eskubideak bermatzea. Ez genuen ezer berezirik lortu, soilik legez zegokiguna.

Espetxean ezkondu zineten, zergatik?

Aletxu eta biok ez dugu inoiz buruan izan ezkontzeko asmorik inorekin.

Harremanak ez ditugu horrela ulertzen, bakoitzak bere harremana nahi duen moduan eraiki dezake. Eta berez ez ginen bikotea, elkar gustuko genuen eta espetxe berean giltzaperatu gintuztenean saiatu ginen bisitak lortzen.

Eta horretarako jartzen duten baldintza da ezkonduta egotea. Orduan pentsatu genuen ezkontzea, gurasoak elkar ezagutzea... bi pertsona bakarrik etor daitezke ezkongai bakoitzeko.

Bisitak lortzeko eta elkar ikusteko ahalik eta lasterren ezkondu ginen. Hala ere ezkontza urtebete atzeratu ziguten. Denbora hori guztia ikusi gabe eta gutunez eman genuen.

Baina gutun guztiak epailearen eskuetatik igarotzen dira eta aztertzen dituzte, baino prebentiboen kasuan gutunak epaiketaren instrukzioan sar ditzakete.

Horrek esan nahi du epaileari bidaltzen dietela, berak irakurtzen dituela eta asko atzeratzen dela: gutxienez bi aste eta gehienez hilabete baino gehiago. Hori galtzen ez badira.

Beraz, zuk gutuna igorri eta gero hiru edo lau astetara jasotzen zuen besteak... Idazten genion elkar baina ez zegoen benetako komunikazioa, bakoitzak gertatutakoa kontatzen zuen. Oso latza, egia esanda.

Ezkondu baino bi aste lehenago -guk esaten genuen ezkontza prestatu behar genuela- lortu genuen gure lehen bisita baimena. Barne bisita egin genuen, 45 minutukoa. Lyon-en, beste lekutan ez bezala, astero 45 minutu elkar ikusteko aukera genuen.

Bisitan besarkatu ostean muxu bat ematen ari ginen bitartean jakinarazi ziguten ezin genuela muxurik eman. Eta bagenekien gezurra zela. Senide eta lagunekin hainbat aldiz muxukatu eta besarkatu dugu elkar.

Egia da debekatzen dituztela sexu harremanak baina ez modu esplizituan.

Araudiak esaten du debekatuta daudela jokaera lizunak hirugarren baten bistan. Eta bisita guztietan kristala dago. Presozaina une horretan korridoretik igarotzen bada eta ikusten bazaitu bere ustez egokia ez den jarrera batean zigortu zaitzake.

Gure kasuan besarkatuta geunden eta sexu harremanak izaten egon izan bagina bezala zigortu gintuzten. Barne bisitak kendu zizkigun epaileak ezkondu arte.

Hala ere hori oso gai gatazkatsua da eta Le Vert epaileak -gainerako epaileengan agintzen duenak- oztopo asko jartzen ditu. Adibidez, preso bati ez zion bere umea ezagutzen uzten Le Vert-ek esaten zuelako ezinezkoa zela bere bikotea kartzelan izandako sexu harremanen ondorioz haurdun geratzea.

Gure kasuan Le vert-ek ezkontza oztopatu zuen. Debekatzeko aukerarik ez zuenez ahal bezain beste luzatu zuen, ez baitzigun bisitak izateko aukera eman nahi.

Berez ni espetxez aldatu nahi ninduen. Horren aurrean umea izatea erabaki genuen.

Oso zaila da baina lortu genuen. Baina ez genuen ezer esan. Biok bagenekien aitortuz gero barne bisitak kenduko lizkiguketela.

Arriskurik ez egoteko zerbitzu medikuei esan behar genien. Zerbitzuek isilpean izan zuten hirugarren hilabetea heldu arte, ospitalera eman behar ninduten ekografia egitera eta arrazoia azaldu behar zuten.

Atera ninduten espetxetik eta 20 polizia baino gehiago etorri ziren eskolta gisa, itxarongelan, haurren artean, ni eskuetan esku-burdinak jarrita nituen, medikuarekin nengoen bitartean bi emakumezko sartu ziren -polizia armatua eta presozaina- eta eztabaidatu ostean gutxienez polizia atera zen gelatik, ekografia egiteko esku-burdinak ez zizkidaten kendu... eta gainera ekografian umea ikusten bazen ere bihotz taupadak ez ziren sumatzen.

Hori gutxi balitz nire intimitate eskubidea bortxatu zuen presozainak, dena espetxe guztiari kontatu baitzion.

Protesta egin ostean erdietsi nuen medikuarekin bisita bakarrik egitea. Medikuak esan zidan haurdunaldiak ez zuela aurrera egingo baina nire gorputzak ez zuela umekia botatzen eta ospitalean konpondu beharko zutela hori.

Hori dela eta hirugarren bidaia egin nuen ospitalera eta bertan igaro behar nuen gaua. Horregatik poliziak nirekin etorri ordez indar bereziak egon ziren ni zaintzen: aurpegia estalirik, armatuak... ohera lotu ninduten; soka eta esku-burdinekin sartu ninduten ospitalean. Sekulako liskarra izan genuen.

Baina hori gutxi balitz nik ez nuen erabateko anestesia nahi eta hala ere jarri zidaten eta polizia batek ikusi zuen nire ebakuntza osoa.

Ezinezkoa dirudi baina Estatu Frantziarran duela gutxi lortu da emakume presoek erditzea esku-burdinekin lotuta egon gabe. Abereak bezala tratatzen dituzte presoak, bereziki emakumeak.

Eta orain nolakoa da zure harremana Aletxurekin?

Ezarri didate lurralde debekua. Hori dela eta ezin naiz Estatu Frantziarrean sartu. Haien argudioa da bere lurraldean sartuz gero erakundean sartu naitekeela berriro, baina horrek ez du inolako zentzurik, egin nahi izango banu ez nieke baimena eskatuko. Nik baimena eskatu dut nire senarra ikusteko.

Baina debekatzen didate nire senarra ikustea izorratzeko. Nahi izango balute ni kontrolatzeko eskumena dute, beraz segurtasun arrazoi horiek gezurra dira.

Horregatik helegitea jarri dugu. Espetxean nengoela birritan jarri genuen helegitea eta hori egiteko prozesua oso ezatsegina.

Oso modu iraingarrian jokatzen dute; leporatzen digute mesedeak eskatzen ditugula, baina zure senarra ikustea eskatzea ez da mesedea, eskubidea baizik.

Askatu ostean beste helegitea jarri nuen, ez dute onartu eta Europako Giza Eskubideen Epaitegia besterik ez zaigu gelditzen, baina horrek urteak beharko ditu.
Bitartean senidea ikusteko aukerarik ez dizute ematen, amatasuna ukatzen dizute... bakarrik telefonoz eta eskutitzez komunikatzen gara.

Ia lau urteren ostean, epaiketa izatea gogorra edo lasaigarria da?

Gogorra da. Gogorrak dira baldintzak; garraioa, bertan dauden ziegak, ematen dizuten tratua...

Epaiketa prestatzeko ere baldintzak oso zailak dira, abokatuak Iparraldean bizi baitira mila kilometrotara.

Bidaiatzea gogorra da eta haiek hainbat preso bisitatu behar dituzte. Eta zaila da epaiketa prestatzea. Aletxuk behin uste dut ikusi duela abokatua.

Sakabanaketak ez ditu bakarrik oztopatzen senide eta lagunekin harremanak, babes legala izateko aukera ere.

Eta epaiketan zabor ugari irentsi behar da. Gezur ugari esaten dituzte.

Hala ere nik badakit Aletxu gogorra dela eta indartsu helduko dela epaiketara eta ondo eramanago duela.

 

24 novembre 2014

Lagun asko gaurko saioan Pariseko epaitegian

preso

Aste hauetan zehar epaitzen dituzten militanteek sostengu ederra jaso dute goizean  familiar eta lagun talde baten presentziarekin. Bihar Garikoitz Garroren urtebetetzea izanen dela eta zorionak kantatu dizkiote eta berrogei bat laguni besarkada emateko aukera izan du. Une oso hunkigarria izan da lekeukoen araberan.Epai mahaiaren presidenteak ez du trabarik ematen eta dena ongi gerta dadin saiatzen ari omen da. Ez da baitezpada berri ona, baliteke kondenak prest izatea eta gaineratekoaz paso egitea. Laster entzunen ditugu epaileen zigorrak, une horretan aterako ditugu ondorioak.

Publicité
Publicité
24 novembre 2014

Independentzia gure proiektua delako

10305428_393287137493630_1712763169212498516_n

24 novembre 2014

Haurzaindegia dirua galtzen ari da

1741399_7531978_800x400

Azken kontseiluan herriko etxeak urtero ematen duen dirua aitzinatzea bozkatu du haurzaindegiaren alde. Izan ere haurzaindegiaren diru galtzea edo diru eskasa emendatzen ari baita. Haurzaindegia kritika onak jasotzen ditu orohar, 25 urte bete dituen egiturak laguntza handia ekarri du Urruñako herritarrei baina diru laguntzak txikitzen ari diren une honetan, bereziki kontseilu orokorretik, zailtasunak aertzen ari dira eta prentsan azaldu da 94 000 euroko ziloa zuela urte bukaera honetan 2013ko funtzionamenduarentzat. Kezka handia da 10000 herritar baino gutxiago duen herriarentzat. Bestalde dakigu lerro euskaldunik ez duela eskaintzen haurzaindegiak, lerro elebiduna baizik.  Erran nahi baitu herritar guztiek ordaintzen dugun zerbitzu honek euskaldunentzat behintzat, errentabilitatearen aldetik, eskas gelditzen dela eta bestalde euskarari espazio txikia eskaintzen duen haurzaindegia oso garesti ateratzen dela, ordaintzen dugu eta ez dugu zerbitzu euskaldunik.(photo S.O. A.D.

24 novembre 2014

Behar gaituztelako

Sin título-1

23 novembre 2014

«Ukazioaren egunetik», independentziaren egunera (Berria)

aberrieguna2014

Egun osoko egitaraua prestatu du Independentistak Sareak abenduaren 6rako, Espainiako Konstituzioaren egunerako, Durangon

Abenduaren 6a —Espainiako Konstituzioaren Eguna— independentziaren aldeko egun bihurtu nahi du Independentistak Sareak. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu du, Durangon (Bizkaia), euskal liburu eta disko azoka dela-eta hara joango direnentzat. Horrekin batera, manifestazioa deitu du Gero eta gehiago, gero eta ozenago, independentzia lelopean. Landako gunetik abiatuko da «martxa berdea», 18:00etan.

Leku horretan bertan eginiko prentsaurreko batean eman dute mobilizazioaren berri. Independentistak Sareko kideek gogoratu dutenez, duela 36 urteko abenduaren 6an onartu zuten Konstituzioa Espainiako Gorteetan, «herriaren gehiengoaren borondatearen aurka» eta «era antidemokratiko» batean. Ordutik jaiegun ofiziala da Hego Euskal Herrian ere. Independentistak Sarearen iritzian, «inposatutako ikur» bat da jaiegun hori, «Espainiako Konstituzioa den bezalaxe». «Euskal Herriari bere naziotasuna eta etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea ukatzen dion konstituzio arrotza ospatzera behartu nahi gaituzte era iraingarrian», salatu dute .

Hori hala, urtero legez, sareko kideek dei egin dute egun horretan, Espainiako konstituzioa ospatu beharrean, «Euskal Herriaren askatasuna» aldarrikatzeko: «Gure etorkizuna askatasunean eraiki nahi dugula adieraziko dugu. Independentzia aldarrikatuko dugu. Horixe da, gure ustez, inposizioari eta ukazioari erantzuteko erarik onena», esan dute.

Kultur eragileen inplikazioa

Independentistak Sareko kideek Durangoko euskal liburu eta disko azoka baliatu nahi dute euren aldarrikapena zabaltzeko. Azpimarratu dute azokaren «filosofia eta ezaugarriekin» bat egiten duen mobilizazioa antolatu dutela, eta «euskara, kultura eta sormen munduko» lagunen parte hartzea lortu dutela. «Eurak izango dira protagonistak egingo diren ikuskizun eta animazioetan, eta arratsaldeko martxan».

23 novembre 2014

EMAKUMEEN AURKAKO PANDEMIA (Berria)

violence femmes

Munduan hiru emakumetik batek jasan du indarkeria fisiko edo sexual motaren bat bizitzan. Gehienetan, bikotekideak eragindakoa da bortizkeria hori, eta mota askotako osasun arazoak dakartza. Osasunaren Mundu Erakundeak mundu osoko arazoa dela ohartarazi du.

Etzi da Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Ez da nolanahiko data, indarkeria sexista osasun publikoari dagokion arazoa baita; eta larritasun handikoa, gainera. Pandemia baten parekoa da: munduko emakumeen %35ek jasan izan dute indarkeria fisiko edo sexualen bat bizitzan, eta, zehazki %30ek, bikotekidearengandik pairatu izan dute bortizkeria hori. Lurralde, gizarte mota eta klase sozial guzietan du genero indarkeriak eragina; arazo globala da. Eta horren aurka neurriak hartzea, premiazkoa. Horixe adierazten du OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2013an argitaratutako txostenak, eta aurre egitearen garrantzia azpimarratzen du han: «Munduko esku hartzea beharrezkoa da, indarkeriarik gabeko bizitza giza eskubidea baita, gizon, emazte eta haur orori bermatu beharrekoa».

Mar Rodriguez Gimena landa eremuko lehen arretako medikua da Madrilgo erkidegoan, eta bikotekideak eragindako indarkeriak emakumeen osasunean duen eragina aztertu du. Oroitarazi duenez, OMEk 1996rako errana zuen jada genero indarkeria osasun publikoko arazoa zela. Bi «funtsezko» arrazoirengatik dela dio: «Batetik, maiztasun edo iraupenagatik, hau da, hunkitutako emakume kopuruagatik; eta bestetik, emazteen osasunean dituen ondorio larriengatik». Indarkeria hori bereziki bikotekideek eragindakoa izaten dela zehaztu du, eta nazioarteak aitortzeari garrantzia eman dio: «OMEk eta NBEk onartutako osasun arazo bat izanik, kide diren estatuak behartuta daude aurre egitera: ikerketak, legeak eta bertze egin beharko lituzkete».

Ondorio ugari dakartza emakumeen aurkako indarkeriak, eta, hain justu, heriotza da ezagutzen den ondoriorik larriena. Hain zuzen, munduan bortxaz hildako emakumeen %38 bere bikotekideak hilda zendu dira. Datu larria izanik ere, bertze hainbat ondorio ere hartu behar dira kontuan. Izan ere, genero indarkeriak hamaika aurpegi ditu, eta hamaika dira, era berean, ekar ditzakeen osasun arazoak. Kolpeena da ugarienetariko bat: erasoren bat jasan duten emakumeen artean, %42ek jasan dute zauri edo kolpe fisikoren bat. Nahigabeko haurdunaldi eta abortuak izateko arriskua ere handia da indarkeria jasan duten emakumeen artean, eta pisu gutxiegirekin sortutako haurrez erditzeko probabilitatea erasorik jasan ez duten emakumeena baino %16 handiagoa da. Sexu harremanen bidez transmititzen diren eritasunekin kutsatzeko arriskua ere handitzen du indarkeriak: 1,5 aldiz probabilitate handiagoa dago sifilis, gonorrea eta klamidiaz kutsatzeko, eta, eskualde batzuetan, GIBaz infektatzeko arriskua ere 1,5 aldiz handitzen da. Buruko eritasunak ere ekar ditzake bortizkeriak, adibidez, depresioa. Eta tabako, alkohol eta droga kontsumo kaltegarriak izateko ere, gainontzeko emakumeek baino bi aldiz joera handiagoa dute bikotekidearengandik erasoren bat jasan izan duten munduko emakumeek.

Bikotekideak zein bikotekide ohiak eragindakoak izan ohi dira ezagututako kasurik gehienak. Izan ere, hortik kanpo gertatutako indarkeria kasuei buruz informazio gutxiago dago. Baina badira zenbaki adierazgarriak, halere. Adibidez, munduko emazteen %7k jasan izan dute bere bikotekidea ez den bertze gizon batengandik sexu erasoren bat, bizitzan. Bortizkeria mota hori pairatu duten emakumeengan ere ugariak dira osasun arazoak, nahiz eta, informaziorik ezarekin lotuta, zailagoak diren zenbatzen. Nahasmen batzuei buruz, nolanahi ere, badago zenbait datu: alkoholarekin lotutako nahasmenduren bat izateko joera 2,3 aldiz handiagoa da sexu erasoren bat jasan izan duten emakumeen artean, erasorik jasan ez duten emakumeen artean baino. Antsietatea edo depresioa garatzeko joera, berriz, 2,6 handiagoa da indarkeria jasan dutenengan.

OMEk egindako ikerketek isla zuzena dute egunerokoan, eta, Rodriguez Gimenak azaldu duenez, nabarmen okertzen da emakumeen osasun orokorra indarkeria jasaten dutenen artean. «Osasuna, oro har, okerragoa da, aldartea ere bai, eguneroko bizitzako jarduerak mugatu egiten dira, eta atseden eskasia nabaria da». Zehaztasunetan sartuta, patologiak ere anitz direla adierazi du: artritisak, giharretako mina, alergiak, depresioak eta aldarte nahasmenduak. Kopurua handia dela gaineratu du: «Medikuarengana doazen emakumeen ia %20k jasan dute indarkeriaren bat». Osasuna okerragoa izateaz gain, indarkeria jasan duten emakumeei sendagai gehiago eman eta osasun proba gehiago egiten zaizkie, eta gehiago joaten dira kontsultetara, Rodriguez Gimenaren arabera. «Bertze ezaugarri adierazgarri bat da emakume horiek ez dutela bortizkeriagatik zuzenean galdetzen, bere ondorioengatik baizik». Eta osasun arazoak «oso gogorrak» izan daitezkeela dio, erraterako, eritasun kronikoak eragiteraino.

Sistemaren betebeharra

Osasun arazoak eta ondorioak hain ugariak izanik, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea arlo anitzetan lan egiten duen jendearen zeregina dela adierazi du OMEk. Osasunaren kasuan, bereziki, ildo hauek landu beharra azpimarratu du: bortizkeria jasan duten emakumeei osasun arreta integrala eskaintzea, datu eta joeren bilketan ikertzea, eta prebentzioan lan egitea.

Rodriguez Gimenak horretan egiten du lan, hain zuzen, medikua baita, eta, aldi berean, gaiaren inguruko aditua. Lehen harrerako osasun zerbitzuen garrantzia handia dela ohartarazi du: «Osasun sistemara jotzen dutenen %95 kontsultetatik igarotzen dira; beraz, leku pribilegiatua da detekziorako». Gainera, indarkeria pairatu duten emakumeek gune segurutzat jotzen dute lehen harrerako kontsulta, ikerketek diotenez. Halere, gaia lantzeko moduan kontuz ibili behar dela uste du Rodriguez Gimenak: «Indarkeria gai konplexua da».

Lehenbiziko lana, haren ustez, indarkeria egon daitekeela aintzat hartzea da, edozein kasutan. Horregatik, kontsultetan horren inguruan «sistematikoki eta enpatiaz» galdetzea beharrezkoa dela dio: «Galdetzen ez badiegu, ezin dugu jakin». Horrekin lotuta, osasun arloko langileen prestakuntzari ere ezinbestekoa deritzo. «Oraingoz, medikuntza fakultatean ez dute horri buruz informaziorik ematen».

Behin galdetuta, emazteak indarkeria pairatu duela erranez gero, prozesu zaila izan ohi dela azaldu du Rodriguez Gimenak. Protokolo bat lantzen ari dira horretarako, baina esku hartzea ere «konplexua» dela azaldu du. «Emakumearen kontzientzia maila kontuan hartu behar da, adibidez». Bestalde, maiz emakumeak bakartze egoeran egoten dira, eta osasun arloko langilea da kezkak azaleratu ditzakeen leku bakarra. Horregatik, indarkeria jasan duen emakumeari entzun, bere bidea erabakitzen utzi eta bide horretan laguntzea da egokiena, Rodriguez Gimenaren ustez, betiere, paternalismorik gabe. «Egoerak eta denborak behartzea alferrik da; ezin diogu eskatu indarkeria jasan duen emakume bati bertze edozeini eskatzen dioguna baino gehiago», zehaztu du.

Justiziarekin elkarlanean lan egiten du osasun arloak, baina ez beti: «Legearen eta isiltasun profesionalaren artean dantzan gabiltza askotan». Gainera, Rodriguez Gimenaren aburuz, justizia sistemak batzuetan ez du behar bezalako babesik ematen, erraterako, emakumea eta gizona parez pare jartzen baititu epaiketetan, eta salaketak kentzen dituzten emakumeak errudun sentiarazi.

Osasun alorrean asko dago egiteko oraindik, beraz, baina datuek eta errealitateak argi erakusten dute emakumeen aurkako indarkeriaren hedadura eta garrantzia. Bortizkeriak ez du, ordea, osasunaren alorra soilik hunkitzen. OMEren txostenak azaldu duenez, hain zuzen, inpaktu ekonomiko handia ere badu genero indarkeriak. Errate baterako, osasun sisteman eta justizian eragiten ditu gastuak, baita irabazien galeretan ere. Bestalde, eragina ez da bakarrik indarkeria jasaten duten emakumeen aurkakoa: haren ingurukoek ere pairatzen dutela frogatuta dago, hala nola emakumearen seme-alabek edo bertzelako senideek. Emakumeen aurkako indarkeria, ertz ugariko pandemia da.

Publicité
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité