Canalblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
30 novembre 2014

'Gerra zikineko' gertakari eta testigantzak bildu ditu Euskal Memoriak liburu batean.(Berria)

jarraia105931

Fundazioak goizean aurkeztu du 'Deklaratu gabeko gerra' lana, Donostiako San Telmo museoan.

Estatu terrorismoa mundu mailan, Euskal Herriko gertaera garrantzitsuenak, ekintzak komunikabideetan nola agertu ziren, senideei eta adituei eginiko hainbat elkarrizketa eta beste bildu ditu Euskal Memoria Fundazioak 700 orrialde baino gehiagotan. Deklaratu gabeko gerra. Estatu-terrorismoa Euskal Herrian du izenburu, eta liburuaren lanetan parte hartu dute Joxean Agirre, Paul Asensio, Joxerra Bustillo, Iñaki Egaña eta Mikel Zubimendi idazleek. Gaur aurkeztu dute Donostian.

 

Estatua eta indarkeria jatorritik batera datozela azaltzen du Eugenio Etxebeste Antton-ek lanaren hitzaurrean, eta baldintza eta beharren arabera, indarkeria hori "terrorista" bihurtzeko joera egon daitekeela: "Estatuaren terrorismoa da disidentzia eta subertsioa borrokatzeko modurik eraginkorrena". Iñaki Egaña fundazioko lehendakariaren sarrerak ematen dio jarraipena lanari, definizioetan sakonduz. Haren hitzetan, "gerra konbentzionalen aurkako kontzeptu bezala" sortu zen gerra zikinarena.

Hona hemen pasarte esanguratsuetako batzuk:

MAGNIZIDIOAK

Felipe Gonzalezen zalantza

Magnizidioa: «Etsaiari burua moztea». Liderra hiltzea, eraginkortasun ikuspegiz. Hainbat kasu aipatu dituzte: Jose Miguel Beñaran Argala ETAko burua, Santi Brouard HBkoa, Josu Muguruza HBko diputatua, Eduardo Moreno BergaretxePertur ETApm-koa... Eta ahaleginean geratu zirenak: Jon Idigoras Gerrikabeitia LABeko eta HBko buruarena, Juan Mari Bandres Euskadiko Ezkerrakoarena... Estrategia horren aitorpen adierazgarria Felipe Gonzalezek egin zuen, El País egunkarian, 2010ean. Espainiako presidente zela, «Frantzia hegoaldean» ETAko zuzendaritza «batera leherrarazteko» aukera izan zuela, eta zalantzan zegoela «zuzen» jokatu ote zuen. Norbaitek jarri zion aukera hori mahai gainean, liburuaren egileek nabarmendu dutenez: zerbitzu sekretuek.

ATENTATU BEREIZIGABEAK

Leherketa haurtzaindegian

«Herritarrak zuzenean beldurrarazteko atentatuak eta ekintzak» dira atentatu bereizigabeak, «kaleko jende arrunta» dute helburu. Kasu askorik egon ez den arren, mugimendu ezkertiar edo abertzaleen ingurukoen aurka erabili dela diote egileek: Alonsotegiko Aldana tabernaren aurkakoa —lau lagun hil zituzten, eta hamar zauritu, 1980an—, edo Bilboko Ametzola plazan zegoen Iturriaga haurtzaindegikoa —hiru hildako eragin zituzten, 1980an, lehergailu bat jarrita. AAAk eta BVEk aldarrikatu zuten, guztiz argitu ez den arren—.

BORTXAKETAK

Ana Teresa Berrueta

Atentatu bereizigabeen atalean sartu dituzte emakumeen bortxaketak ere, pistola mehatxuz eginak batzuk. Aipatzekoa da Ana Teresa Berruetaren kasua: 1980an, Loiun (Bizkaia) desagertu egin zela salatu zuen familiak, eta hurrengo egunean aurkitu zuten errepide ondoan, tortura eta bortxaketa zantzuekin. Segurtasun uhalarekin ito zuten.

BAHITZE ETA DESAGERTZEAK

Lasa-Zabala baino lehen

«[Teknika] Erabilienetako bat, etsaiari beldurra eragiteko duen arrakasta dela-eta, bahiketa da». Informazioa lortzeko ez ezik, zigor eta intimidazio gisa erabili izan da. Ezagunak dira hilketan edota desagertzean bukatu diren batzuk, Joxean Lasa eta Joxi Zabalarena, Eduardo Bergaretxe Moreno Pertur-ena, Joxe Miguel Etxeberria Naparra-rena... Azkena, duela bost urtekoa: Jon Anza.

Lasa eta Zabalaren kasua (1983) baino atzerago jo behar da bahiketez aritzean. 1975eko maiatzean, Pedro Ibarra Guel abokatua eramaten saiatu ziren Leioako etxetik. Haren emazte Carmen Oriolek azaldu zuenez, hiru gizonezko ziren, eta tiro egin zuten Oriol atzetik joan zitzaienean. Haren esanetan, besoak sabelera eraman zituen senez, eta hura zauritu zutelako beldurtuta-edo, ez zuten Ibarra Guell eraman.

BAHIKETA ETA TORTURA

Anagramak azalean

Horiek baino ugariagoak bestelakoak izan dira, ordea: ordu batzuk iraun dutenak, esaterako, azala labana bidez zauritu eta anagramak egiteko. Halakoak jasan zituzten, adibidez, Paul Asensiok 1989ko abenduan eta Edurne Sampedrok 1988ko otsailean. Bahiketa espresak ziren, eta biktimak «galdekatu eta torturatzeko» ere erabili zituzten; hala, beldurra zabaldu edo informazioa lortzeko.

Kasu horietako bat da Juan Antonio Goienetxeak jasandakoa —Miguel Angel Goienetxea errefuxiatuaren anaia zen—. 1979an bahitu zuten: mendira eraman, jo, zuhaitz batetik zintzilik jarri, hilko zuten itxura egin... eta bide bazterrean utzi zuten bost bat ordura. Hiru bat hamarkada geroago, antzeko egoerak salatu zituzten beste hainbatek. Alain Berastegik, esaterako, elkarrizketa batean kontatu du 2009ko uztailean berari gertatua.

METRAILATZEAK

1975eko maiatzeko grebak

Ibarra Guel abokatua bahitu zuten egunen bueltan, 1975eko maiatzaren 8, 9, 10ean, ordu txikietan, hainbat egoitza, liburu denda eta saltoki metrailaz josi zituzten. ETAren nahiz EAJren inguruko independentismoarekin zerikusia zuten lekuak ziren denak. Horien artean zegoen, esaterako, bahitzen saiatu ziren abokatu haren Bilboko bulegoa. Geroago, modu horretan egin zuten Hendayais tabernaren aurkako atentatua ere, 1980ko azaroan —bi lagun hil zituzten, eta hamar zauritu—.

ONDASUNEN AURKAKOAK

Lehergailuak egoitzetan

Metrailatze horiek ez ziren izan ondasun materialen aurkako eraso bakarrak. Frankismoaren azken urteetan, esaterako, «ohiko» bihurtu zen autoak erre edo lehergailu bidez erasotzea. 1971n, esaterako, Juan Mari Bandres abokatuaren autoari eraso zioten, Burgosko prozesua pasatu berritan. Bi urteren ondoren, berriz jo zuten haren autoaren aurka. Denetarik egon izan da jomugan: liburu dendak, saltokiak, herriko tabernak, HBren egoitzak, elkarteak... 1973ko abuztuan, esaterako, Kresala kultur elkarteak erabiltzen zuen lokal bat txikitu zuten, lehergailu batekin.

HILDAKO GEHIENAK, ZIBILAK

Etxabetik Casteigtsera

Gertaerez gain, datu bilduma ere badakar liburuak amaieran: hildakoen zerrenda, eta kalte fisikorik gabeko erasoen kronologia. 83 hildako dokumentatu dituzte. Lehenengoa, Iñaki Etxabe Orobengoa, 1975eko urrian AAAk tiroz hila; azkena, Christian Casteigts, 2012ko urtarrilean hila, indar parapolizialek lehergailuz egindako atentatuak eragindako tetraplegiaren ondorioz. Nabarmentzekoa da, horien artean, zibilak zirela gehien-gehienak: 48. Gainerakoetatik, errefuxiatuak ziren gehienak.

GERRA ZIKINAREN IZENAK

Mertzenarioak, politikariak

Hildakoez eta gertakarien kronologia ez ezik, gerra zikinarekin zerikusia izan duten 400 bat pertsonaren izenak ere bildu dituzte. «Garai eta joera ezberdinetako militarrek, poliziek, faxistek, mertzenarioek eta politikoek, inplikazio maila ezberdinekin, parte hartu dute gaur egun arte dirauen hilketa, bahiketa, tortura, eraso, leherketa, sute eta mehatxuen soka luze batean».

Publicité
Publicité
Commentaires
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité