Canalblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
18 mars 2015

IRAGANEAN SALBUESPEN, EGUN, ALDAPA ZELAITZEN ETA ETORKIZUNA MARRAZTEKE (naiz)

Astebete da Emakume Cup txapelketako finala Zamudion jokatu zela. Emakume Cup maila nagusian emakumeek jokatu duten esku pilotako lehen lehiaketa izan da, eta, hortaz, zita historikoa izan zen hilaren 6koa. Aurreneko pausoa eman da emakumeek esku pilotan joka dezaketela erakutsi eta duela gutxi utopia zena errealitate bihurtzeko.

Utopia zena errealitate egina

Emakume Cup izan da orain dela bi urteko Gabonetan piztutako suaren azken emaitza. Garai hartan Morgan (Bizkaia) ospatu zen umeen kontzentrazio batean ama multzo bat konturatu zen seme-alabek eta gizonek esku pilotan jokatzen zutela, baina, haiek, aldiz, ezetz. Guk zergatik ez? Hausnarketa hori egin zuen emakume multzo hark eta modu horretan Larrabetzun esku pilotan jokatzen hastea erabaki zuten. Hori izan zen lehen urratsa. Hastapenean sei emakume inguruko taldea besterik ez zen hasi. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, emakume gehiago joan ziren taldean sartzen.

Hala ere, benetako jauzia ez zen iritsi pasa den udaran Bizkaiko eta Nafarroako pilotariek elkarrekin aurka aritzeko antolatutako topaketetara arte. Izan ere, Nafarroan ere bada esku pilotan aritzen den emakume multzo bat, Karlos Armendariz pilotari ohiaren gidaritzapean. Hala, haiekin topaketa bat antolatu zuten abuztuaren 15ean, Larrabetzuko frontoian. Hitzordu hark sekulako arrakasta izan zuen, eta, hori ikusirik, San Fermin Txiki festetarako beste zita berri bat jarri zuten. Bi jaialdi horiek presentzia nabarmena izan zuten hedabideetan, eta horrek are eta emakume gehiago animatzeko balio izan zuen.

Hori izan zen, esaterako, Ainhoa Alaiogoikoaren kasua (Larrabetzu, 1975): «Udaran Larrabetzun nafarren aurka jokaturiko partidak ikusten egon nintzen, eta hor sortu zen nire barruan jokatzeko gogoa. Hala, urrian probatzea erabaki nuen». Bi hilabete geroago egin zuen gauza berbera Jone Arangurenek. «Nik kirol pilo bat praktikatu ditut eta betidanik gustatu izan zait pilota ikustea. Lankide batek esan zidan bere alaba Larrabetzun pilotan jokatzen hasia zela eta egun batean bertara joan eta probatzea erabaki nuen. Egun hartan ondo ikusi nuen nire burua, emakume guztiak oso jatorrak ziren, eta, gainera, sekulako giroa zegoen. Ondorioz, jarraitzea erabaki nuen».

Orain egoerak bestelako bide bat hartuagatik, hasieran, haien buruetan ez zegoen txapelketarik jokatzea; kirola egitea eta ondo pasatzea, besterik ez zuten nahi. Halere, xedea ez da aldatu ordutik hona. «Gure helburua kirola egitea eta ondo pasatzea da. Guk ez genuen pentsatzen txapelketarik jokatzea hasiera batean, baina, dena den, horrek ez ditu gauzak aldatuko eta helburu berberekin jarraituko dugu. Hori bai, ea honek guztiak inguruko herrietako emakumeek nola jokatzen dugun ikusteko balio duen, eta ea haiek ere animatzen diren, izugarri ondo pasatzen dugu eta», nabarmendu du Alaiogoikoak.

Orain arte emakume asko esku pilotara ez gerturatzearen zioa piloten gogortasuna izan da. Izan ere, telebistan profesionalek erabiltzen dituzten piloten soinua entzutearekin bat, pilota horiei jota eskuek ikaragarri sufrituko duten ustea zabaltzen da. Dena den, Bizkaiko Federazioaren laguntzaz eta hainbat proba burutu ostean, topatu dute beraien ezaugarrietara ondo egokitzen den pilota bat. Goxua izenez ezagutzen dena, hain zuzen. «Oso pilota polita eta egokia da guretzat. Behin eskua eginda ez du minik ematen, eta, beraz, probatzera gonbidatzen ditut beldur hori duten emakumeak», zehaztu du Arangurenek. «Pausu hori ematea ezinbestekoa zen. Finalaren aurkezpen egunean Aretxabaleta eta beste hainbat pilotari profesional zeuden Miribillako frontoian. Haien pilota bat probatzea erabaki genuen eta guretzat ezinezkoa da hain pisutsu eta gogorrak diren pilotak mugitzea», gehitu du. Bestalde, pilota joz mina sentitzen dutenentzat badaude min hori ekiditeko babesak ere. «Batzuek takoak jartzen dituzte, beste batzuek takoak dituzten eskularruak, eta badago babesik gabe jokatzen duenik ere», kontatu du Alaiogoikoak.

Txokoan Larrabetzu pilota elkartean 22 emakumek dihardute. Multzo horretan adin eta ezaugarri guztietako emakumeak topa daitezke, eta, Alaiogoikoaren ustez, horrek erakusten du edonork joka dezakeela pilotan «Bertan 18 urtetik gorako emakume guztiek dute kabida. Ez da beste munduko abileziarik behar jokatzen hasteko». Entrenamenduei dagokienez, astearteetan egiten dute asteroko lan saio ofiziala Larrabetzuko frontoian, Joanes Kamararen agindupean. Halaber, posible izanez gero, beste egun batzuetan ere frontoia hartu eta jokatzeko geratzen dira taldeko beste kide batzuekin gustatzen zaien kirola egin eta hobetzen jarraitzeko.

Iraganean salbuespen

Pilotan hasi den emakume multzo honek hitz onak eta animoak baino ez ditu jaso jendearen partetik. Bizkaiko Federazioak emaniko laguntza eta erraztasunak ere behin eta berriz azpimarratzen dituzte, eta esker oneko hitzak baino ez ditu Arangurenek ere. «Materiala eman digute, dena prestatu dute eta pilo bat mimatu gaituzte, eta hori guztia asko baloratzen dugu».

Iragan hurbil batean, ordea, kontuak oso bestelakoak ziren. Esku pilotan jokatzen zuten emakumeak salbuespen ziren, eta, halaber, garai haietan ez zegoen ondo ikusita emakumeak frontoian aritzea. Primeran gogoratzen du egoera hori Nagore Arozenak (Lizartza, 1985): «Nire etxean amonak ez zidan uzten pilotan jokatzen. Esaten zidan frontoia ez zela neskentzako lekua eta parkera joan behar nuela gainontzeko neskekin, baina niri pilotan jokatzea gustatzen zitzaidan eta ihes egin eta frontoira joaten nintzen. Jendeak esango zuenaren beldur izaten nintzen; pentsa, marimutil bat nintzela esaten zidaten». Patri Espinarrek ere (Usansolo, 1986) ez zuen batere laguntzarik jaso gurasoengandik, eta bere kabuz moldatu behar izaten zuen entrenamendu eta partidetara joateko. «Nire entrenatzaileak pilo bat laguntzen zidan eta hori ezinbestekoa zen, izan ere, nire gurasoek ez zuten begi onez ikusten nik kirola egitea; ez zidaten batere laguntzen».

Urte batzuk atzera, emakume bakan batzuk baino ez ziren ibiltzen esku pilotan, eta, hortaz, mutilekin entrenatu eta jokatu behar izaten zuten. Hori izan zen txikitatik bizitzea egokitu zitzaien egoera eta normaltasunez hartzen zuten. Oro har, jendeak eta inguruko mutilek errespetatzen zituzten eta ez zitzaien egoera bereziki desatseginik igarotzerik tokatu. Haatik, partidak jokatzera haien ingurutik kanpora joaten zirinean aitortzen dute jendea harritu egiten zela. Ohikoa ez izanagatik bazegoen hasieran barre egiten zien mutilik ere. Hori bai, «mutil batzuek barre egiten zuten ni ikustean, baina, gero, nola jokatzen nuen ikustean eta irabazten nienean, isildu egiten ziren», gogoratu du Maider Mendizabalek (Anoeta, 1977). Halaber, mutil batzuei egoera hori kudeatzea eta neska bat beraiek baino hobea zela onartzea kosta egiten zitzaiela dio Espinarrek: «Batzuk negarrez hasten ziren, beste batzuk tranpa egiten nuela esaten zidaten… Denetarik bizitzea tokatu zitzaidan».

Maila teknikoari dagokionez argi dute hirurek mutil eta nesken artean ez dagoela desberdintasunik. Aldea indarrean dagoela diote, ez gainontzeko arloetan. Horrenbestez, 13-14 urtera arte neskak mutilekin inongo arazorik gabe joka dezaketela baieztatzen dute. «Emakumeak teknikoki mutilak bezain onak edo hobeak izan gaitezke, eta hori kantxan erakusten genuen. Kontua entrenatzea eta orduak sartzea da», zehaztu du Mendizabalek. Hori berresten du garai hartan aurkari izan zituzten zenbait pilotariren mailak. Maite Ruiz de Larramendik (Beasain, 1973), esaterako, Nafarroako binakako txapelketan Ruben Beloki bera menderatu zuen finalerdietan, 11 urte zituela. «Ruben Belokik Javier Lopez Vallejorekin (Osasunako atezain ohia) osatzen zuen bikotea. Denok dakigu Belokik ze maila duen eta orduan ere asko jokatzen zuen. Dena den, irabaztea lortu genuen, nahiz eta gero finala galdu». Finalean bizitakoa, gainera, guztiz bitxia izan zen. «17 eta 9 irabazten hasi ginen, baina, ondoren, angelusa errezatzeko geratu zuten partida, eta bueltan ez genuen lortu tanto bakar bat ere egitea! Azkenean 18 eta 17 galdu genuen», amorruz gogoratu du pasadizoa Ruiz de Larramendik. Arantzatxo hori handik oso gutxira atera zuen Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Euskadiko txapelketa irabazita.

Nagore Arozenak, berriz, bikotekide ezaguna izan zuen. Egun, Asegarceko aurrelaria den Mikel Olaetxea, hain zuzen. Bien artean makina bat txapel jantzitakoak dira. «Olaetxea oso urduria zen txikitan; nik, berriz, lasai jokatzen nuen beti. Hala, ni lasai nengoela ikusita, bera ere lasaitu egiten zen, eta orduan hasten zen bere mailan jokatzen. Oso ondo moldatzen ginen eta bikote ona egiten genuen», azaldu du. Olaetxearekin bizitako momentuak errepasatzen hasita, barrez gogoratu du pasarte bat: «Burlatara jokatzera joaten ginenean partidaren ostean ogitarteko bat ematen ziguten, eta, askotan, nik nirea eta berea jaten nituen, ahul samarra zen jaten eta!». Horrez gain, oroitu du garai haietan izan zuela beste aurkari ezagunik ere: «Behin Markel Bergara Realeko jokalariaren aurka jokatu nuen final bat Elgoibarren. Irabazi egin genuela gogoratzen dut, baina baita oso ondo jokatzen zuela ere».

Dena den, aipatu moduan, esku pilotan teknikaz gain indarrak ere zerikusi handia du. Hala, 13-14 urtetik aurrera mutilak gizontzen hasten direnean indar asko hartzen dute oso epe motzean, eta, hori dela eta, puntu horretara iritsita ezinezko bilakatu zitzaien mutilekin lehiatzen jarraitzea, eta, neskarik ez zebilenez, pilota utzi egin behar izan zuten Arozena eta Mendizabalek. «Teknikoki ni baino okerragoak ziren mutil asko eta asko, baina, indar gehiago zutenez, pilota askoz atzerago botatzen zuten eta nik ezin nuen. Horrek sekulako amorrua ematen zidan, eta, erridikulua egitea inori gustatzen ez zaionez, utzi egin behar izan nuen», kontatu du Mendizabalek. Espinarrek 17 urtera arte jarraitu zuen pilotan, baina, ondoren, pena handiarekin bada ere, amore eman zuen. «Niri pilota beste kirolak baino askoz gehiago gustatzen zitzaidan, baina kadete mailatik gazte mailara jauzi ikaragarria dago, pilotak askoz pisutsuagoak dira eta ezin nituen mugitu».

Oso bestelako arrazoiengatik esan behar izan zion agur pilotari Ruiz de Larramendik. «14 urterekin nire aitari klubeko teknikariak eta herriko beste pertsona batzuk burua jaten hasi zitzaizkion. Esaten zioten aurrerantzean ezingo nuela jokatu, eta, jarraituz gero, eskuak txikituko nituela. Nik eskuak primeran nituen, ez nuen minik hartzen eta mutilekin lehiatzeko gai nintzen. Hala ere, aitak, jendearen esanei kasu eginez, pilota utzi eta akordeoia jotzen hasteko esan zidan. Ordutik aurrera ez zidaten txapelketetan izana ematen uzten. Hura ez zen nire erabakia izan eta horrek ematen dit amorrua. Nik ahal nuen bitartean jokatzen jarraitu nahi nuen».

Laurek palan topatu zuten ihesbidea eta modalitate horretan aparteko lorpenak eskuratutakoak dira. Munduko txapelketa irabaztea lortu dute Ruiz de Larramendi eta Mendizabalek. Arozenak brontzezko domina irabazia du txapelketa berean eta Espinarrek ere urrea dastatu zuen 22 urtez azpikoen mailan.

Aurrerantzean zer?

Emakume Cup txapelketarekin Mendizabal, Ruiz de Larramendi, Espinar eta Arozenak izan ez zuten aukera izan dute emakumeek. Lehen harria jarrita, proiektuari jarraipena eman behar zaio orain, eta zeregin horretan jarraituko dute bai antolatzaileek eta baita protagonistek ere. «Espero dezagun egindako lan guztiak zerbaitetarako balio izatea eta gero eta emakume gehiago esku pilotara gerturatzea», esan du Baraiazarrak. «Hau lehenengo urratsa baino ez da izan. Orain helburua umetan pilotan jokatzen hasten diren neska gazteak maila nagusira iristen direnean pilotan jokatzen jarraitzeko aukera izatea da. Halaber, ekimena beste federazio batzuetara zabaltzea eta guztion arteko elkarlanarekin Euskal Herri mailako txapelketa antolatzea oso polita litzateke», gaineratu du Amarikak.

Ekimenak aurrera eginez gero Espinarrek ez du baztertzen berriro ere takoak janztea. «Nik faltan botatzen dut eskuz gozatzea, eta, orain kontua zabaltzen ari denez, posible badut eta uzten badidate, gustura hartuko dut parte». Ruiz de Larramendik pilotan diharduen iloba bat du eta bere ametsa litzateke berarekin eskuz txapelketa bat jokatzea. «Ikaragarria litzateke. Aukera balego ez nuke zalantzarik izango. Hori errealitate eginez gero lasai erretira ninteke!» dio barrez.

Maider Mendizabalentzat positiboa da emakumeek kirola egitea eta pilotaren munduan barneratzea, baina, hori esatearekin bat, ondorengo hausnarketa ere egiten du: «Oso emakume gutxi gabiltza pilotan, eta, modalitate desberdinetan parte hartzen hasten bagara, modalitate bakoitzeko emakume kopurua oso baxua izango da, eta, ondorioz, mailak ere behera egingo du neurri berean. Beraz, ez al da logikoagoa denak modalitate berean jokatzea?». Iritzi berekoa da Arozena ere.

Momentuz, Emakupe Cup txapelketak emakumeei orain arte izan ez duten aukera eskaini die. Etorkizunean zer gertatuko den denborak argituko du.

Publicité
Publicité
Commentaires
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité