Canalblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
28 octobre 2015

ETAko ustezko bost buru auzipetuta, gizateriaren aurkako krimenengatik (Berria-tik)

25-10-28 / Hodei Iruretagoiena

Urrutikoetxea, Karrera, Aspiazu, Iriondo eta Elizaran auzipetu dituzte. «Biztanleriaren aurkako eraso sistematikoa» egin dutela dio epaileak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan Pablo Gonzalez epaileak aurrera egin du Dignidad y Justiciak eta Luis Portero Fundazioak jarritako kereilarekin, eta gizateriaren aurkako krimenengatik auzipetu ditu ETAko ustezko bost buruzagi: Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera, Aitzol Iriondo, Aitor Elizaran eta Josu Urrutikoetxea —azken hori ihes eginda dago; gainerakoak, Frantzian preso—. Egun bakar bateko epea jarri die bostei bi milioi eta zazpi milioi euro arteko bermeak ordaintzeko, eta guztiei deklarazioa hartzeko prozedura jarri du martxan.


Horretarako eskaria egina zion Frantziari lehendik, baina zabaldu egin du orain galdea. Elizaran azaroaren 18rako deitu du deklaratzera, eta atxilotze eta espetxeratze agindua eman du Urrutikoetxearen aurka. Hiru eguneko epea utzi die erreforma helegitea jartzeko, eta bostekoa apelazio helegitea aurkezteko.

Instrukzio fasean beste lau lagunen izenak ere aipatu zituzten, baina horiek ez auzipetzea erabaki du epaileak. Mikel Albisuren kasua aipatu du auzipetze autoan: 2004ko abenduaren 1ean sartu zuten Espainiako Zigor Kodean gizateriaren aurkako krimenak biltzen dituen artikulua, eta sei egun geroago atxilotu zuten Albisu. Tarte labur horretako delitu larririk leporatu ezin zaionez, auzitik kanpo utzi du epaileak.

ETAk egindako hainbat hilketa eta atentatu zerrendatu ditu Gonzalezek autoan, eta Poliziaren arabera garai haietan buruzagi lanetan jardun zutenei egotzi dizkie delitu horiek. «Erakundearen agintean, hirugarren pertsona baten bidezko egiletza» leporatu die. Alegia, ETAk egitura hierarkikoa, «diziplina militarrarekin alderatu litekeena» zuela argudiatu du, eta buruzagiek bazutela egingo ziren atentatuen berri. Gonzalezek arrazoitu du haiek ematen zizkietela aginduak ekintzen egileei: «Aukera zuten atentatuak gauzatu aurretik esku hartu eta emaitza saihesteko».

Gizateriaren aurkako krimenak «hilketa delituak, bortxazko lekualdatzeak eta deportazioa» biltzen ditu, besteak beste, baldintza gisa jarrita delitu horiek «biztanleria zibilaren edo haren parte baten aurkako eraso orokor eta sistematikoa» izatea, eta biktimak «arrazoi politiko, etniko eta erlijiosoengatik jazarritako kolektibo bateko kide» izatea.

ETAren kasuan, helburuak «posizio ideologikoagatik» edo «sektore instituzional, politiko, ideologiko, profesional edo sozial jakinetako kide» zirelako hautatzen zirela dio epaileak. Eta horiek «neutralizatzen» saiatzen zela, erakundearen «proiektu politiko, ekonomiko eta soziala garatzea zailtzen zutelako». 2004ko abendutik aurrera ETAk hildako pertsonak zerrendatu ditu Gonzalezek autoan: 2006ko abenduan Barajasko T4an egindako atentatutik hasita, 2009ko uztailean Calvian (Herrialde Katalanak) egindakora. Denera, zazpi hilketa jaso ditu epaileak autoan —epaituta daude horietako gehienak, eta beste preso batzuk ari dira zigorrak betetzen—.

«ENAMeko gainerakoak»

Atentatuak zerrendatu aurretik, ETAren estrategia «biztanleriaren sektore zabalei sistematikoki jazartzea» zela esan du epaileak autoan, horrela, «Espainiako Gobernua politikoki negoziatzera behartzeko». ETA ez ezik, «ENAMeko gainerako erakundeak» ere aipatu ditu, haren jarduna «osagarritu eta babestu» zutela iritzita. Antzeko eskaera gehiago egin izan dira ezker abertzaleko kideen aurka; iazko otsailean, esaterako, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegira jo zuen Covitek, gizateriaren aurkako krimenengatik eta genozidioagatik pertsona jakin batzuk ikertzeko eskatuz —tartean, Arnaldo Otegi—.

2013ko abuztuan jarri zuten oraingo auzipetzeak ekarri dituen kereila, eta iazko otsailean Javier Gomez Bermudez epaileak ikerketa abiatu zuen, gizateriaren aurkako krimenengatik eta genozidioagatik. Uztailean, Gomez Bermudezen lekua hartu ondoren, kereila partzialki onartu eta genozidio delitua baztertzea erabaki zuen. Gizateriaren aurkako krimenen ikerketa abiatu zuen, eta 2004tik aurrerako epea ezarri. 

Hainbat legelari ez dira ados agertu delitu hori Espainiako legedian jasotzeko moduarekin. Auzitegi Goreneko Francisco Monterdek, adibidez, gogoratu zuen delitu hori bereziki arautu eta aztertu behar dela Espainiak sinatu dituen nazioarteko itunen arabera, eta, horietan oinarrituta, epaileak uste du ETAren «terrorismoa» ezin dela gizateriaren aurkako krimentzat jo.
Publicité
Publicité
Commentaires
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité