Canalblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
27 décembre 2021

Etxe ondoko esklabotza

Dossier spécial 10 mai commémoration de l'esclavage et ... 

.

Esklabotza sistema juridiko eta sozial bat da, gizabanakoei, esklabo deiturikoei, jabetza-eskubidea aplikatzen diena. Aitzitik, indibiduo bat, jabetza-eskubide horren menpe ez dena, aske dela esaten da. Esklabo baten jabeari nagusi deitzen zaio. Erregela (ohiturak, legeak) aldagarriak dira, kontuan hartutako herrialde eta garaiaren arabera, finkatzen dira zein baldintzatan bihurtzen den esklabo edo izateari uzteko zeuden baldintzak, zein muga ezartzen zaion ugazabari, zein lege-askatasun eta babesari eusten dion esklaboak, zein gizatasun (zein arima, erlijio mailan) aitortzen zaion, eta abar, esklaboaren askapena (ugazabaren edo goi-jaraunspenaren autoritatez) gizabanako arrunta bihurtzen duen.

Esklaboak Afrikako kontinentearen barruan zeuden erresuma eta inperioetan harrapatzen zituzten: mendebaldeko Afrika, Angola, Mozambike, Etiopia... Atlantiar ozeanoko kostetan zeuden merkatari europarrengana ekarriak ziren. Prezioak generoaren, adinaren eta osasun-egoeraren araberakoak dziren. Esklabuek oso egoera zailean bidaiatzen zuten. Lotuta, kateatuta eta pilatuta zeuden. Animaliak bezala tratatzen zituzten eta beren nagusiek arbuiatzen. Beroaren eta hotzaren arriskupean zeuden, inolako babesik gabe. Ia ez zuten jaten. Kolpeek, zauriek, zikinkeriak, izurriteek preso asko hiltzen zituzten.

Esclavage moderne - Traite négrière | Pearltrees

Ontziak armadoreek Europako kostetan prestatzen zituzten(ekipoak, oihalak...) eta Afrikara abiatzen ziren, "Pacotillak" kargatuta (armak, alkoholak, ehunak...). Marinelen bizitza oso gogorra zen ontzian : belak maneatu, ontzia garbitu, janari eskasa, gaixotasunak eskorbutoa bezala...

Esklaboak Afrikako kostetan, Gore uhartean adibidez ere, trukatzen ziren "pacotilles" ekin (armak, alkoholak, ehunak...) eta itsasontzietara eramaten zituzten, Ameriketara bidean.

Esklabuak enkantean saltzen ziren Amerikan. Familiak banatzen zituzten. Orduan maisu zuri batenak ziren, zeinak landetan, etxean edo meategietan lan eginarazten baitzituzten.

Esklaboak batzuetan untzietan eta plantazioetan matxinatzen ziren. Frantzian, hainbat intelektualek lotsatzat kondenatzen zuten esklabotza. 1791n San Domingoko koloniaren matxinadak Haitiko independentzia lortu zuen 1804an. Frantziak 1. esklabotza deuseztatu zuen Iraultzan, 1794an, baina behin betiko abolizioa aldarrikatu zen 1848an.

 

Arrantzatik at.

 

Arrantzak ibilbide luzea dauka Lapurdin, eta bertako arrantzale eta armadore askok diru zamak bildu izan dituzte balea eta bakalauari esker, industria izateraino, Europako sektore ekonomiko handia, ospe handikoa. Gehienetan hau da, Lapurdiri doakionez, gogoratzen dugun sektore ekonomiko nagusia.

Haatik, bestelako komertsioak ere eraman ziren hemendik, armadore batzuek beste bizi bideak landu zituzten eta praktikatu. Bereziki Ultrechteko itunaren ondotik (1713), Lapurdi egoera larrian zegoen, arrantzak ez baitzuen gehiago dirurik ematen. Horrela armadoreek beste herrialdeei begira jarri ziren eta beste merkatu motak jorratzen. Esklabutza horietariko bat izan zen.

Duela urte batzuk Kepa Arburua Olaizola ziburutarrak aukera eman zigun Urruñak komertsio horretan izan zuen tokia ezagutzeko. Belzenia liburuan kontatu zuen, XVIIIgarren mendean, Belzenia, Boutranzahar, Miguelenia eta Santa Ana ondasunak, esklabutzaren antolaketan parte hartzea izan zutela, bertan esklaboak atxikitzen zituztela, preso, Ameriketako bidean. Esklabuak garraiatzen zituzten itsasuntzietan, armadoreek agindurik, gure kostaraino, Donibaneraino. Gure herria, Urruña geldi gune bilakatu zen komertzio gizagabe honetan.

Ematen du memoria zati hau desagertzekotan zegoela, iaia auzo osatzen zuten etxe horien historiaz ez baitzen aipamenik egiten, baina Kepa Arburuak, lan aberats baten ondotik, kontatu zigun, 2013an, gure historiaren zati bat, alegia bertako aberastasun batzuk, gizatasun kontrako komertzioan, alderdi ilunetik egin zirela hemen ere.

Karfa Sira DIALLO idazleak, Mémoires et partages aldizkarian1 azaltzen duen gisan, Baiona ez zen frantses estatuko portu nagusia izan esklabutzako komertzioan, baina 4500 esklabu inguru Baionatik pasa zirela ebaluatzen du. Esklabotza komertzio horretan, l'Utile itsasuntziaren inguruko gertakariak (1760) prentsan aipatuak izan ziren2, alegia esklabuz betetako(160 esklabu) itsasuntziaren naufragoa Indiako Ozeanoan, Baiona izan zelarik bere abiatze puntua. Idazlearen araberan, historialariek hogei bat espedizio Baionatik abiatu zirela diote. Baliteke oraindik informazio xekatze beharra izatea, esklabutzaren inguruko informazio gehiago, Ipar Euskal Herriari lotuak, zehaztasun handiagoa izateko.

Behintzat espedizio horietan, Utile itsasuntzian bezala, 140 bat marinel abiatzen ziren, tokikoak zitezkeen ere, bidaiaren zergatiaren jakinaren gainean abiatzen zitezkeen marinelak eta horrek ondorioak utziko zituzkeen memorioetan, eta komertzio hori antolatzen zituztenen aberastasunen oinarrian.

Horietakoa zen Michel-Joseph Leremboure donibandarra, Haitiko Port-au-Prince hirira 1749an heldu zena, bertako lehen auzapeza izan zena 1791tik 1793 arte, “le Vieux tigre” goitizenez ezaguna. Horrelako ibilbidearekin pentsa daiteke maila bateko eragina zukeela, bai komertzioan, bai politikan. Bertan kafea ekoizten omen zuen Donibane deitu zuen ondasunean, hirurogei bat esklabu lan egiten zutelarik bertan, eta bere etxearen kudeatzeko beste hamar bat zeuden. Haren izena gogoratzen omen da oraindik Haitin.

Noski, armadoreek dirutza egin zuten Ameriketan, esklaboak haien menpe bizi ziren eta handik bildutako aberastasunekin Ipar Euskal Herrian ederki bizi ziren, beste komertzioa zen, arrantzak galdutako berreskuratu zuten, gaur egun salatu behar dugun esplotazio ikaragarria erabiliz.

Belzenia du izena oraindik etxeak, muino batean kokatua, Donibaneko portua du begi bistan. Esklabutzaren aztarnak aurkitu zituen bertan Kepa Arburuak, aztarna beldurgarria presondegiaren forman. Belzeniaren eremuaren bazter batean kokatua, 26metroko luzera, 3 metroko altuera eta 5 metroko zabalera, doi bat arnasa hartzeko bi lehio txiki dituen gela handi bat aurkitu zuen. Bere liburuan ehun bat esklabu sartzeko doia dagoela bertan. Eskapatzeko aukerarik ez dago, deskripzioaren arabera eta autoreak dioen arabera luzarako eraiki eta pentsatutako presondegia zen.

Argi dago etxalde horien inguruan lan egiten zuten herritarrek horren berri zutela. Zer zioten? Ez zuketen jabe aberatsentzat lan egitea baino aukera gehiago izanen. Ez gaude inor epaitzeko, bereziki informazio gehiagorik gabe, baina galdera asko zintzilik daude.

Geroa gure gogoetatik

Karfa Sira DIALLO idazleak dio presondegia bisitatu ondoren, oso hunkitua sartu zela etxera, aste osoa behar izan zuela ikusitakoaz jabetzeko eta emozioa gainditzeko. Garaiko presondegi asko ez dira gelditzen eta gure herrian bat dago, ezagutarazi behar dena. Presondegi horretan hil zirenei, preso eduki zituztenei zor diegu.

Iragana ezagutzeak geroa prestatzen laguntzen gaitu, epaitu gabe, gogoratuz Frantxa salatu zutela eta preso eramaten batzuek begiratzen gelditu zirela, gerla garaian muga pasatu nahi zituzten bi iheslari erahil zituztela, semea sasian zuen ama jipoitu zutela elbarria zen senarraren aurrean, salaketa anonimoa baliatu zela agintera heltzeko. Gaur egun oraindik, konfrontazio politikoa saihesteko, militanteak zikintzea nahiago izaten da askotan, alta inguruan dauden miseriak ezagutzeko, kontatzeko lan asko gelditzen da oraindik. Helburua baita askeagoa izatea, denak. Hemendik hasiz.

 

 

 

 

 

 

1http://memoiresetpartages.com/

2Sud-ouest egunkariak 2017an aipatu zuen, liburu desberdinak argitaratu dira gertakariaren inguruan, uhartean abandonatu zituzten esklaboak gogoratzeko.

Publicité
Publicité
Commentaires
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité