Canalblog
Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
25 mai 2014

Euskal preso eta iheslarien alde Futbol 7 datorren larunbatean!

txapelketa 2014 A2 copia

Lasterbidean pasa berri da eta kirolaren bitartez euskal preso eta iheslarien aldeko bigarren ekimena datorkigu maiatzaren 31ean, Hendaiara. Hamaikagarren edizioa du euskal preso eta iheslarien aldeko futbol torneo honek, eta aurtengoan ere gauzak ez direnez aldatu, belaunaldi berriak txapelketaren lekukoa hartu behar izan du.

Frantses estatuak zein espainolak ez dituzte jarrerak aldatzen, sakabanaketa, preso gaixo larriak, jipoiak, atxiloketak, kanporaketak …  oraindik denak zutik dirau, baina bizi gara. Bizi gara erreleboa hartzeko indarra dugulako. Gogotsu gatozelako eta aurrekoek bezain bat denbora, ahalegin eta indar emateko prest gatozelako. Argi dugu erreleboaren indarraz ate berriak irekiko ditugula; presoak beti preso ala iheslariak etxetik kanpo egon arren erreleboaren bitartez herriak iraunen baitu.

Maiatzaren 31ean erreleboa, pasea, emango dugu batak besteari, egun osoan zehar. Zuk gurekin eta guk zurekin partida irabaziko dugu. Pasez pase eta pausoz pauso, baloia aurrera eramanaz, Frantziako eta Espainiako ziegak lehertzera goaz. Gure nahi eta eskubideak zapaltzen dituzten bitartean, borroka honi ez diogu amaierarik emango beraz aurten ere taldea osatu eta sartu gola etsaiari!

Txapelketaren programa hau izango da:

Maiatzak 31, larunbata, Hendaiako Ondarraitz zelaian

·         8:30tan txapelketaren hasiera(ligaxkak)

·         Ekitaldia

·         Bazkaria

·         Torneoa(kanporaketak)

·         Sari banaketa

·          Kontzertuak: Ekintza, RKR, Kilauea

(horrez gain, puzgarriak, janari, edari eta musika egongo da egun osoan zehar)

Animatu egun hori erreserbatzeko eta denok batera egun bikaina pasatzeko.

Izena emateko deitu:(0034)722537368 edo (0033)787818986
edo bestela mezu elektroniko bat igorri helbide honetara: futbol7.hendaia@gmail.com
Animatu eta parte hartu; sortu zure taldea!

Publicité
Publicité
23 mai 2014

Jorge Olaiz euskal preso politikoak askatasuna berreskuratu du

montxi.jpg

Iruñeko bizilaguna 2001an atxilotu zuten ETAko kidea izategatik eta urte guzti hauetan sakabanatua egon da Espainiako espetxeetan.(Ahotsa info)

23 mai 2014

EUSKAL PRESO ETA IHESLARI POLITIKOEN ALDEKO FUTBOL TXAPEKETA, HENDAIAN, 2014ko MAIATZAREN 31an!!!!!

11.urtea da preso eta iheslarien alde futbol torneoa egiten dela eta
aurtengoan, gauzak ez direnez konponduak, ezta konpontzekotan, generazio
berriak erreleboa hartu behar izan du txapelketa honen ardura hartuz.

Aurten, txapelketa, maiatzaren 31n eginen da, urteroko programa
berdintsuarekin. Gainera, aurten ere gauerako kontzertu polit batzuk
izanen dira:
Lehenik EKINTZA taldea, ondotik RKR, eta amaitzeko KILAUEA taldea.

Beraz dei egiten dizuegu egun hori erreserbatzeko eta denok batera egun
bikain bat pasatzeko.

Izena emateko deitu:(0034)722537368 edo (0033)787818986
edo bestela email bat igorri helbide honetara: futbol7.hendaia@gmail.com
Animatu eta parte hartu; sortu zure taldea!

SEGI GOGOR!!!
23 mai 2014

Errepidetik aterarazi eta kontrol batean geratu du Guardia Zibilak senideen autobusa

Etxeratek jakitera eman duenez, Puerto de Santa Mariako espetxera zihoan euskal presoen senideen autobusa kontrol batean geratu du Guardia Zibilak. Iturri horien arabera, errepidean zihoazela patrol batek bidetik aterarazi ditu eta Lupidanako gasolindegira eraman.

Bertan kontrola ezarria zuen Guardia Zibilak eta senideak identifikatu dituztela eta gazte bati galdeketa egin diotela jakinarazi du Etxeratek.(Naiz.info)

22 mai 2014

Dabilen harrari goroldiorik ez

Dabilen harrari goroldiorik ezJoxemi zumalabe fundazioak ateratako militantziaz eta horizontaltasunari buruz hausnartzen duen liburuaren aurkezpena egongo da larunbatean azkaineko kilika gaztetxean.

Oharra: Zer gertatzen ari da aktibismo politikoarekin? zer aldatzen ari da, zerbait aldatzen ari bada? zer dugu hobetzeko? zer etorkizunean sahiesteko? zer dugu akuilu eta zer oztopo?

Proiektu hau holaxe hasi genuen, kezka horiek jasoz eta horretan gehitu genezakeen hondar aletxoa zein izan  zitekeen gure buruei galdetuz. Azken finean, gaia mahai gainean jartzeak ezinbesteko lanketa dakar. Punta askoko izarra baitugu, dimentsio ugarikoa. Bide horretan Joxemi Zumalabe Fundazioaren barruan 2012.urtean lan talde espezifikoa sortu genuen militantzia ereduen lanketarako, eta tirriki tarraka oinez hasi ginen. Horretan ari ginela, barne horizontaltasuna lantzeko tresna ezberdinen lanketa egiteko beharra zein gonbitea agertu ziztaigun, eta horri erantzunez beste lan talde bati sorrera eman genion.

Bi taldeok hurbilekoak diren gaiak landuz egin dugu ibilbidea. Bakoitzak berea, propioa. 2013.urtean baina, gogoetok eta lanak elkar ukitzeaz harago, gurutzatu ere egiten zirela ohartuta, bi taldeon uztea batean bildu eta aurkezten ari gatzaizuen gogoeta hau batera eraikitzea erabaki genuen.

EHko hainbat eragile eta 200 bat banakorekin batera 2012.urtetik 2014.urte arte burutu den gogoeta prozesua izan da hau beraz.

 

Liburu - DVD berriaren aurkezpena, maiatzaren 24ean, goizeko 10etan Azkaineko Kilika gaztetxean

 

 

Publicité
Publicité
21 mai 2014

Hogei diputatu FN heldu diren hauteskundeetan?

Azken sondeoetan 20 eta 22 diputaturen artean kokatzen da hauteskundeen emaitza FNarentzat frantses estatuan. Alegia Europara frantses estatutik abiatuko diren 70 diputatuetatik 22 eskuin muturrekoak lirateke, UMPrekin haien gibeletik beste 20 bat diputaturekin. Erran nahi baitu eskuinetik gehiengo eder bat lortu behar lulkete. Eta sozialistak 17rekin oso pozik lirateke omen, sekulako beherakada goaitatzen baitute. Bigarren beherakada herriko hauteskundeen ondotik.

Dinamarkan ere eskuin muturra lehen tokian aurrikusten da. Horrek kezka handia sortzen du Europako palamentuaren inguruan. Izan ere bertan bozkatuak diren legeek Europa guztirako balio dute eta ondorioak dituzte herri guztietan. Ongi ulertzen da eskuinak, eta eskuin gogorra indartsua baldin bada libertateen aldetik erasoak egon litezkeela.

21 mai 2014

Etxerat-en agiria: "Larriki gaixo dauden euskal preso politikoen egoera jasanezina da"

Larriki gaixo dauden 12 euskal preso politikoen egoera oso grabea eta, egunero, okerrera egiten du. Horregatik, Etxeratetik, egoeraren berri eman nahi dugu; egoera zein den argi azaldu nahi diogu euskal gizarteari.

Alarma gorria pizteko ordua da. Larriki gaixo dauden 12 euskal preso politikoek pairatzen ari diren egoera punta puntakoa da. Egoera jasanezina da. Eta etenik ez duen eskubide urraketa; gure eguneroko ogia.

Urte bakar batean hiru izan dira espetxeratuta hil diren euskal preso politikoak. Egun 12 dira larriki gaixo daudenak; puntako egoeran. Minbizi latzak, HIESA eta buruko gaitze grabeen inguruan ari gara eta, horrelako gaixotasunek, espetxean okerrera besterik ez dute egiten. Honen aurrean, senide moduan, lagun moduan edota pertsona moduan ere, gure buruari galdegiten dioguna zera da; 12 preso politiko hauetatik zenbat hil behar espetxean estatuek giza eskubideak errespetatzeko? Zenbat preso aurkitu behar dituzte hilik Euskal Herritik ehundaka kilometrotara espetxe politika krudel hau bertan behera uzteko behingoz?

Espainia eta Frantziako gobernuek mina eta samina zabaltzen jarraitzen dute; mesede politiko eta elektoralak lortzeko, sufrimendua sortzen. Espetxean mantentzen dituzte 12 euskal preso politiko hauek, jakinda euren gaixotasunak espetxean okerrera egingo dutela. Ez hori bakarrik; gaixo egonda ere, neurririk krudelenak aplikatzen dizkiete. Ehundaka kilometroetara dispertsatu, bakartu, isolatu edota euren gaitzek okerrera ez egiteko behar dituzten tratamenduak ukatu edo zailtzen.

Erabaki politiko bat dago honen guztiaren atzean. Mina eta samina luzatzeko erabaki politikoa. Datuak begiratzea besterik ez dago honen berri izateko. 2008 eta 2011 urteen artean 12 izan ziren espetxeratze arindua lortu zuten euskal preso politikoak. Espetxeratze arindua gaixo zeudelako; larriki gaixo zeudelako eta euren gaixotasuna erarik eta duienean bizitzeko kalean egoteko eskubidea dutelako.

2011 - 2014 urteen artean erabaki politiko bat hartu dela nabaria da. Bake prozesua zein ETAren su etenaren erabakiaren ostean, egoerak okerrera egin du. Larriki gaixo dauden euskal preso politikoek ez dute, ordutik, espetxe arindua lortzeko inongo aukerarik. 14 izan dira 2011 urtetik tramitatu diren askatasunak eta bakarra izan da onartua.

Onartu egin bazuten ere, gutxira, askatasun hori bertan behera utzi eta… presoa espetxeratu egin zuten berriz ere. Ez hori bakarrik, aurretik emanda zegoen Ibon Iparragirreren askatasuna bertan behera utzi eta Ibon espetxeratu egin dute; gaixo dagoen pertsona bat, espetxera eraman dute bere egoera hobetu ez den arren. 2011ko erabaki bat atzera bota zuten.

Argi dago presoak ez kaleratzeko erabakia erabat politikoa dela eta, euren eskubideak edo osasun egoera ez direla kontutan hartzen.

3 preso politiko hil dira urte bakar batean. Beste 12k pronostiko latzak dituztebaina euskal preso politikoentzako ez dago  Vera, Rodriguez Galindo eta Barrionuevo bezalakoek izan dituzten askatasun humanitarioak.

Kasu latz bezain larriak. Angelita Burgoak ongi baino hobeto ezagutzen duen Ibon Iparragirre bere semearen kasuak bezain latzak.

- Angelita Burgoa

Minbizia, ictusa edo osasun arazo grabe bat sufritu duen edonork ondo daki hainbat tratamendu ezin direla edonola egin. Nola osatu zikinkeria besterik ez dagoen espetxe batean? Ez al da aski gogorra radioterapia eta kimioterapia saio bat hura eskuburdinekin pairatu behar izateko?

Argigarria da ere ikustea nola espetxe politika gogortu eta krudeltu egin den ETAk bere ekintzak desagerrarazi ostean. Sufritzen ari garen biolentzia, sortzen duten min horrek ez du etenik izan baina, egun, handitu besterik ez dute egin. Espetxe politika mendekuan oinarritzen ari dira; zentzurik ez daukan mendekuan eta hildako asko sorrarazi dituen mendekuan. Helburu politiko zehatz batzuen pean ari dira hau guztia egiten. Euskal gizarteak, sindikatuek, alderdi politiko zein eragileek ezin dute hau onartu. Aski da!

Pairatzen dugun biolentzia eteteko garaia da. Dispertsioak eragiten duen minarekin amaitzeko ordua.

Zertara ari dira itxaroten politika basati honi amaiera emateko?

Etxeratetik ardurarako deia luzatu nahi dugu.

Horregatik prentsaurreko hau. Euskal gizarteak hamaika aldiz eskatu du salbuespeneko politiken amaiera. Eta bukaera emateko unea da.

Hau guztia, Arkaitz Bellon kalera atera behar zen astean. Edota Ventura Tomeren familiari minbiziaz Nafarroako Parlamentuan hitz egiteko aukera debekatu diotenean.

Bukatzeko, euskal gizarteari, maiatzaren 31rako Ondarru eta Baionan deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu.

Aski da! Etxean eta bizirik nahi ditugu!

20 mai 2014

Gardentasuna aglomerazioan

Aitzineko astean azaldu genuen nola Urruñako Herriko Etxean hautetsien saria bozkatua izan zen. Gehitu genuen erabakiaren irakurketa zaila zela eta bereziki haren interpretazioa eta ulermena ezinezkoa funtzio publikoa ezagutzen ez duenarentzat. Hots hautetsien saria ezagutzea ezinezkoa. 

Aglomearzioan ea gauza bera gertatzen zen jakin nahi genuen eta sarien deliberazioa bilatu dugu, hau ez bada oraindik aglomerazioaren gunean zintzilikatua izan. Horrela ohartzen gara aglomerazioak ez duela arazorik erakusteko aglomerazioaren presidenteak zenbat irabaziko duen, alegia 4181 euro, eta presidente ordeek 1672 euro. Ulertuko dugu auzapezek beren herriko etexeko saria eta aglomerazioaren saria metatzen dutela.

Hori dena erran eta, gehituko dugu espero dugula hilabete sari horiek mereziko dituztela, alegia lan ona eginen dutela. Garrantzitsua ez baita asko edo gutxi irabaztea baizik eta ongi lan egitea eta gardentasuna errespetatzea. Izan ere, herritarrak helduak dira, eta ardurak zein diren badakite, haatik beren zergak nola xahutzen diren jakin behar dute.

17 mai 2014

Frantzia zigortua bidaiako jendea ez errespetatzeagatik

7772037920_des-caravanes-installees-a-roquebrune-sur-argens-dans-le-var-en-decembre-2013

Nazio Batuek Frantzia zigortzen dute bidaiako jendea gaizki tratatzeagatik. Nazioarteko legediak Frantziari agintzen dio legea aldatzea, honek bidaiako jendeari frantses legeak imposatzen baitio zirkulazio titulua ukaitzea. Zirkulazio libre eskubidea ez baitu errespetatzen lege hau aldatu behar dela erabaki du martxoaren 28an Nazio Batuetako giza eskubideen batzordeak. Frantziak sei hilabete ditu legearen aldatzeko, hau 1969koa da.

Aitzineko hilabeteetan lege honen aldatzeko proposamenak aurkeztua izan zen bai sozialisten aldetik, bai ekologisten aldetik. Haatik gaia ez da sartzen debateetako egutegian.

17 mai 2014

Urruñako Tokiko Urbanizazio Planoa hila?

fronton-64122-urrugne-france-56_0

Ez dugu inongo komentariorik entzun, Sud Ouest egunkariak ez du horretaz deus atera. Aitzineko hilabeteetan Ziburuko PLUren berri izan genuen, Sud Ouestek ederki aipatu zuen. Haatik Urruñan gertatzen denaz zehar bideetatik jakiten dugu. Horrela jakinarazi digute prefetak "référé" bat jarri duela 2013ko abenduaren 20an Paueko administrazio epaitegian herriko kontseiluak hartutako PLUaren erabakiaren kontra (n° REQ 132252);

Agian oposizioko hautetsiek izanen dute zerbait errateko, aitzineko kontseiluetan auzapezak berak baieztatu baitzuen prefeturatik heldu ziren oharrak gaizki ulertze batzuengatik zirela. Ematen du refere delakoarekin PLUaren erabilpena gelditzen dela, ondorioz ez da urbanizazio dokumenturik gelditzen herrian erabakien hartzeko. Nola eginen dute? Hau ezin baita gorde. 

Publicité
Publicité
<< < 1 2 3 4 5 6 7 > >>
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité