Canalblog
Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité

Gure Urruña / Notre Urrugne

15 novembre 2016

«Baneukan gogoa azal berriak erakusteko jendeari»:Sustrai txapelduna

Xilaba «azala berrituta» hasi zuen Sustrai Colinak (Urruña, Lapurdi, 1982). Bertsokera «kontzienteagoa» josi du azken urteetan, eta bide hori indartzeko baliatu nahi du larunbateko finaleko saioak emandakoa.

Nola ospatu zenuen?

Finalaren ondoren etxera etorri nintzen. Hedabideei kasu egin, han zeuden lagunekin pixka bat egon... eta 23:30ean etxeratu nintzen. Orain dela hiru aste haur bat jaio da gurean, eta arratsaldea etxetik kanpo pasatzeak esan nahi du besteak egon behar duela harekin. Banuen gogoa beste bertsolariekin egoteko, baina oso nekatuta nengoen. Etxera etorri, eta berriketan egon ginen luze xamar. Horrela ospatu dut txapela.

Nola hartu duzu txapela?

Sentsazio goxoa da, esnatzea eta zeure burua ikustea egunkariko lehen orrian, txapela jantzita. Goxoa da, eta niri gero eta poz handiagoa ematen didana, konturatzea saioa ona egin nuela. Momentuan ez nintzen hain kontziente; oso kontzentratuta nengoelako bertsotik bertsorako bide horretan, eta ez niolako neure buruari erlaxazio segundo bat baimentzen. Etengabe nengoen hurrengo ariketarako reseteatzen, eta zer egin nezakeen, zer egin nahi nuen, eta nola egin nahi nuen pentsatzen. Zurrunbilo horretan nengoen, nekeari eta tentsioari eusten. Pixkanaka ari naiz konturatzen zer izan zen utzi nuena, zer uzteko gelditu zitzaidana, nire helburuetatik zein distantziatara gelditu nintzen… Horrek ematen dit halako sentsazio asebete xamar bat. Txapela asko gozotzen du sentsazio horrek.

Zer gorde duzu finaleko saiotik?

Badakit hori esatea batzuei ez zaiela oso sinesgarria egiten, baina saioarekin gelditu naiz konforme. Txapela Ametsek [Arzallus] jantzi izan balu ere, sentsazio horrekin gustura egongo nintzateke. Jakina, txapelak ematen dizu poz bat, baina hori ere saiatzen naiz erlatibizatzen. Oso garbi dut larunbatean egin nuen saioa ez dela aldatzen txapela jantzi edo ez jantzi. Nire esku zegoena baloratu nahi dut, eta baloratzen dut. Txapela janztea ez zegoen nire esku bakarrik. Nik egin behar nuen saio on bat, epaileen eta publikoaren onarpena jaso behar nuen, besteek ere kantatzen dute... Sentsazio horiekin nabil. Gustura, eta gauzei lekua hartzen uzten. Ea larunbateko saioak ematen didan konfiantza gehiago, konplexu batzuk kentzen laguntzen didan, askatasun gehiago ematen didan bilaketa horretan segitzeko... Uste dut hori ari naizela xurgatzen txapeletik.

Zuk aipatu zenuen «azal berria» hasierako agurrean, eta askotan aipatuko zizuten gero. Azken urteetan egin duzun bide bat da. Txapelketak zer eman dio honi?

Batzuetan kontrakoa dirudien arren, ez da hasieratik erabat planifikatutako bide bat. Orain dela lau urteko Xilaba oso sentsazio eskasekin amaitu nuen, eta inflexio puntu baten aurrean gelditu nintzen. Orduan pentsatu nuen: «Bi aukera dauzkat: saiatzen naiz nahi dudan bertsolaria izaten, edo honek ez narama plazerera eta ez narama inora. Etapa bat bukatu da». Uste dut lehenengo egon zela kontzientzia hartze eta erabakiak hartze hori: gauza hauek egin nahi ditut, hau ez dut egin nahi, halako bertsolaria izan nahi dut... Duela bi urteko txapelak lagundu zidan orain lau urteko arantza kentzen. Pisu bat kendu nuen gainetik, baina bidea ez dela bukatzen konturatu nintzen.

Azken txapelketak eman dizu bidea segitzeko aukera.

Jendeari azal berriak erakusteko gogoa nuen, zerbait ezberdina izan nintekeela erakustekoa. Gu ere ez gara beti berdin egoten, eta gu ere azal berritzen gara eguneroko gauzak gertatzen zaizkigun heinean. Eta, berdin, pelikulak ikusten ditugun heinean, musika entzuten dugun heinean, pertsona bezala hazten eta aldatzen goazen heinean… Azal berritzea finala baino lehen esaten nuenarekin lotzen nuen; nire bizitza momentu harekin bat zetorren bertsokera eta jarrera batekin. Ez nintzen esaten ari aita berri baten bizi momentuarekin lotu nahi nuenik nire bertsokera. 34 urteko pertsona baten afizioekin, plazerekin, beldurrekin, penekin, zauriekin... bat datorren bertsokera eta jarrera erakutsi nahi nituen. Zentzu horretan sentitzen nuen neure burua azal berritze baten atarian, eta finala bazen azal berri eta ezberdin horiek erakusteko aukera bat. Horregatik iruditzen zait aurrekoa arantza bat kentzearen txapela izan zela; eta hau azal berritze baten txapela.

Azal berritze horrek aldatu al du bertsoak zure bizitzan duen lekua?

Begirada aldatu dit. Ez dakit bertsoak aldatu didan begirada ala begiradak aldatzen didan bertsoa. Zirkulu bat dela uste dut: gauzak modu batean egiten hasten zarean, inguruan ondorio bat dute gauza horiek, eta ondorio horiek eragina dute zuk gauzak egiteko duzun moduan. Lehen fijatzen ez nintzen gauza batzuetan fijatzen naiz orain, lehen garrantzirik ematen ez nien detaile batzuei garrantzia ematen diet, lehen gustatzen zitzaizkidan gauza batzuk ez zaizkit hainbeste gustatzen, eta lehen gustatzen ez zitzaizkidan batzuk orain gustatzen zaizkit. Eboluzio batean ikusten dut nire burua, eta etengabeko eboluzio horri nire bertsokera egokitu beharrean. Bide horretan, ez ditut deskonektatu nahi bertsokera eta nire ezaugarri eta gustatzen zaizkidanak.

Zergatik?

Saiatzen naiz kontziente izaten mundu batean bizi naizela, eta inguru batean bizi naizela. Horiei ere erantzun nahi diet. Nire munduari kantatzen diot, baina nire mundua ez naiz ni bakarrik. Arretaz begiratzen dut nire inguruak ze fobia dauzkan, ze joera dauzkan, ze inertzia dauzkan. Gauza batzuk gustatzen zaizkit nire mundutik, eta beste batzuk, aldiz, ez. Saiatzen naiz gauza horiek bertsotan zer leku izan dezaketen pentsatzen. Ez du zertan izan bukaerako arrazoian horri buruz kantatzea; erdiko puntuko detaile batekin erantzun diezaiokezu mundu horri. Baina globaltasun horretan, ez zaudete zu eta zure bertsoa bakarrik. Zu zaude, hor dago zure bertsoa, eta hor dago kantatu nahi diozun ingurua. Ingurua aipatzean, ez dut esan nahi jende target batentzat bakarrik kantatu nahi dudanik; baina nire burua herri batean eta belaunaldi batean kokatzen dut.

Mututuei eta zubigintzari kantatu zenien azken agurra.

Segur aski, txapelketak beste dimentsio bat eta beste oihartzun bat ematen dizkio gure hitzari. Oihartzun horri erantzungo zion bertso bat kantatzeko ardura sentitzen nuen. Zubigileei eta mututuei kantatu nien, baina askotan bat dira biak. Askotan iruditzen zaitu mututuen arteko zubiak behar ditugula. Horregatik sentitu nuen nire inguru horri zerbait kantatzeko ardura. Ez zerbait berria, ez diskurtso bat, baina testuinguru batean kokatu nahi nuen txapela: bi aroren artean gaudela iruditzen zait. Likido deitzen diren garai hauen izena oso polita da, baina denok gabiltza galduta. Segurantza ematen zigun garai batetik gatoz, eta ezagutzen ez dugun mundu batera goaz. Hor kokatzen dut neure burua, hor kokatzen da euskalgintza, hor kokatzen da euskal kultura, eta hor kokatzen da gure herria ere. Batzuetan ikusten dut noraeza horretan Urruñan jaiotzeko zortea izan dudala. Mugako izaera beti da berezia. Kontrabandistek eta guardek kafea toki berean hartzen zutela entzun izan dut beti. Konturatzen zara gauzak ez direla prentsan edo sisteman agertzen diren bezain zedarrituak: ez daudela alde batean onak eta bestean txarrak, batean zuriak eta beste batean beltzak... Badira batetik bestera naturaltasunez pasatzen diren pertsonak, eta uste dut gu ere pasatzen garela.

Zertarako eraiki beharko dira zubiak?

Hegemonian ez gaudenok alternatiba bat sortu nahi badugu egunen batean, mutututako horiek elkarri konektatzera derrigortuta gaude. Joan den astean idatzi zuen Juan Kruz Lakastak BERRIAn, hemen Poliziak erail zuen senegaldarra dela eta, gu ez ginela manifestaziora joan. Eta egia da. Nahi baldin badugu egunen batean komunitate senegaldarra gure manifestazioetara etortzea, igual guk ere hasi beharko dugu haien manifestazioetara joaten. Eta ulertu beharko dugu ez direla haien manifestazioak eta gure manifestazioak, denon manifestazioak direla. Lehen ere egon da figura hori, eta orain ere behar dugu; inoiz baino gehiago. Zubiak egin daitezke Paris eta Madrilekiko gatazkak desblokeatzeko, herrigintzan erdaldunekin izan dezakegun harremana desblokeatzeko, feminismoa, euskalgintza eta arrazakeriaren kontrako mugimenduak lotzeko... Zubigintza horretan dago aberastasuna, eta alternatiba bat.

Zein da bertsolaritzak zubigintzan duen lekua?

Bertsoak badu zubigintzatik, eta zubigintza zuzenetik gainera. Asteburu batean kantatu dezakezu euskara talde batek antolatutako bertso afari batean, eta biharamunean aritu zaitezke kantuan SOS Arrazakeriak antolatu duen manifestazioaren bukaeran. Txapela jantzi eta Sud Ouest-en agertzen zara, eta euskal kulturaz paso egiten zuen amona horrek agurtzen zaitu...Pertsonak dira zubigileak, eta pertsonak ibiltzen gara batetik bestera; horretan lagundu dezake bertsoak. Elkargune bat da bertsoa. Seguru nago [Baionako] Laugan egon ziren 1.600 lagunak bertsoaren eta euskal kulturaren inguruan elkartu, baina mila kontutan dabilen jendea zegoela han. Mila kontutan dabilena diodanean, ez dabilena ere hor sartzen dut. Esan nahi dut denetik bildu zela: jende bat joango zena militantziagatik, jende bat joango zena bertsoa gustatzen zitzaiolako, jende bat joango zena arratsalde pasa... Jende hori elkartzeko gune bat da bertsoa. Jendea elkartzeko indarra duen bitartean, zubigile lana egin dezake bertsoak.

Bertsolari moduan, zeintzuk dira gerorako zure helburuak?

Izan nahi dudan bertsolari hori gero eta gehiago definitu nahi nuke: estiloa gehiago definitu nahi dut, gauza berriak probatzeko ausardia eduki, konplexu gutxiago eduki, askatasun gehiago sentitu... Uste dut zentzu horretan larunbateko saioak lagunduko didala. Nahi nuke nire izatean barrurago dauden gauza batzuk plazaratzea lortzea, eguneroko bizitzaren arruntasunean poetika bat bilatzea, eta nahi nioke arrazoiari ihes egin batzuetan. Osoagoa izan nahi dut, eta gai izan nahi du bertsotan modu batean bakarrik ez egiteko: lan edo ariketa bakoitzari ertz batetik heldu nahi nioke. Nahi nuke nire ahulguneak estaltzen joatea, eta indargunetzat ditudanak lantzea. Erronka asko daude, eta erronka asko dauzkat. Kontziente naiz ezin zaiela erronka guztiei batera erantzun, baina horren bila nabil, eta horren bila segituko dudala uste dut.
Publicité
Publicité
13 novembre 2016

Iritziak zabaltzen

Bi urte ditu hemen azaltzen dugun iritziak. Haatik oihartzun handia duela dirudi. Gogoetak interesgarriak direlarik, oihartzun horiei bidea ematea tokatzen da.

Afficher l'image d'origine

Gure Esku Dago: zer?

Artikulu hau orain dela zenbait denbora egin zen: izan ere, Zamudion emandako hitzaldia (2014.05.14an) baino lehenago.

Ekainaren giza katea gertatu baino lehenago (2014.06.06an) egunkari batera bidali nuen, esanez, mesedez,  argitaratzekotan 2014.06.08ko giza katea  gertatu eta gero azaltzeko.

(Beste aldetik, jatorrizko testuan azaltzen ziren data bat edo beste egokitu behar izan  nituen, kasurako, Oiartzunen egoteko data maiatzaren 31 bazen ere, irail /urrirako atzeratu dute[1].)

Irakur artikulu hau adiskide eta lagun izan ditudan Txillardegi, Jesus L., Joseba G., eta Manex-en oroimenean eta ohorean.

Hona artikulua:

Gure Esku Dago: zer?

Bai gure esku dago… Ongi eta zehatz-mehatz ez dakigu zer, baina.

Erabakitzeko eskubideaz, orain dela 25 urte hitz egin genuen, luze gainera. Euskal Herrian zehar Herrien Liga zela, Bai Independentziari! zela, hamaika bilera, mahai inguru pilo bat eta zenbait ekitaldi egin genituen. Baita manifestazio erraldoi bat Iruñean ere.

Zer dela eta abandonatu ziren (lurperatu?) Herrien Liga eta Bai Independentziari! izeneko  mugimenduak?

Hortaz, zer dela eta 25 urte eta gero, antzeko ildotik abiatzea? Baltikoko herrialdeetan orain dela 25 urte giza kate bat egin zelako?

Ala orain dela gutxi Katalunian beste giza kate bat egin delako?

Orain dela momentua? Eta lehen, orain dela 25 urte, Baltikoko herrien mugimenduak pil-pilean zeudenean, ez al zen momentua?

Agian batzuek jakingo dute horretaz… Seguru nago.

Badaezpada ere, eta aurreko bi mugimenduei gertatu zitzaiena kontuan hartuta, orain antzeko ‘erabakiak’ berriz ere hartu ez daitezen, hona hemen eztabaidarako puntu batzuk, lagun batzuei bidalitako e-posta batetik hartuak:


“Hasi ginenean ‘hortaz’ pentsatzen nire helburua zen autodeterminazioa, eta batez ere, beronen praktika Eskozian, Katalunian, Euskal Herrian, eta oro har Europar Batasunean, aztertzea…

Gure Esku Dago delakoa, ene ustez, eskubide mailan geratzen da, eta ez da makala kontua!

Baina… horretaz haratago joan nahi nuke.

Zehazki, zer proposatzen da (dute, dugu) Euskal Herriaren INDEPENDENTZIArako esparru hauetan guztietan: ekonomian, politikan zein nahi dituzuen edozein arlotan?

Ni neu aspertu egiten nau eskubideei buruz behin eta berriz hitz egiteak, agian aspalditik ezagutzen dudalako ‘afera’.  (Montrealetik etorri berria, 1986an hasi nintzen  arlo horretan lanean, lagun askorekin batera: Txillardegi, J. Lezaun, J. Goñi, M. Goyenetche eta jadanik utzi gaituzten beste askotxorekin ere.)

Ez, jakin behar dena hauxe da:  gaur egunean, independentziarako, praktikan, zeintzuk dira proposatzen diren aukerak?

Kasurako, ekonomian: Moneta propioa ala euroa?

Euroan, Espainia una grande y libre-n eta Frantziaren la grandeur de la France-n egotea, ala Kosovon, Montenegron gertatu dena aztertzea eta antzekoa bultzatzea?

Hori ez dute ‘gure esku dago’ delakoek eztabaidatzen (…), ezta beste askok ere….

Hortaz?

Uste dut aukera irekita dagoela, maiatzeko hauteskundeetatik eta ekainaren 8ko ekitalditik baino askoz haratago joateko.”

Ez al du merezi gai horretaz eztabaidatzeak? Itxaron egingo dugu beste batzuek horren inguruan ere erabaki arte?

Ez al gara gai gu geu, euskaldunok, EHren independentziaz eztabaidatzeko? Zer dela eta?

Noiz eztabaidatuko da EHren independentziaz? Nork? Non?

Noiz arte horrela? Quosque tandem?

“Katalunia, geroari begira, eta Euskal Herria, berriz, iraganari lotua. Gatazkaren zauriak konpontzeko premia ez da aitzakia, bestelako dinamikak abiatzeko benetako eragozpena baizik.” (Imanol Murua)

“Oraingo eztabaida ez da independentzia bai ala ez. Gauza sakonagoak landu behar ditugu.” (Andoni Ortuzar)

Aunque la izquierda aberzale la constituyeran solo cuatro, debería tener un plan, un proyecto, una hoja de ruta, un contacto constante con otras fuerzas y un recorrido por todo el mundo para dar a conocer sus objetivos.” (Javier Sádaba)

Hitzaldi askotan eta UEUko webgunean aipatu dudan bezala: “Non daude laukotea osatzeko beste hiruak?”

Hala ere, Lo pertinente es una soberanía compartida con el estado español, no estamos hablando de independencia.” (Iñigo Urkullu)

Hitzaldi batzuk eman ditut Gure Esku Dago delako kanpainan: besteak beste, Azpeitian eta Zamudion. (Oiartzunen datorren irailean edo urrian egongo naiz.)

Oso hitz gutxi erabili egin dut ‘erabakitzeko eskubideaz’ hitzaldi horietan guztietan. Independentziaz  hitz egin  dut, zehazki Euskal Estatu independentearen bideragarritasun ekonomikoaz (http://www.unibertsitatea.net/otarrea/gizarte-zientziak/ekonomia/euskal-estatua-bideragarria-al-da-ekonomikoki).

Noski, giza katean egon naiz, (Kanpanzar mendian tokatu zait) eta beste hamaika ekitaldietan ere. Argi.

Ongi. Gure Esku Dago izeneko mugimenduaren ekitaldi nagusian egon gara, jende pilo bat gainera. Ederki.

Eta hemendik aurrera, zer?

Nire aldetik, ‘hortxe’ egongo naiz eta berton egoten segituko dut, hitzaldiak, elkarrizketak eta ahal dudana egiten. Baina, erabakitzeko eskubideaz, zer esan? Soilik bost hitz: herri guztiek daukate auto-determinatzeko eskubidea.

Nahiko eta sobera, zeren horretaz dena, edo ia dena esanda baitzegoen 1980ko hamarkadan: artikuluak, liburuak, hitzaldiak, konferentziak, saiakerak, mahai inguruak, elkarrizketak, …, den dena.

Orain proposamen zehatzak plazaratzeko eta beraiek eztabaidatzeko ordua da. Praktikan jarriko denaz eztabaidatu behar da, proiektu desberdinez, aukera ezberdinez, eta ahalik eta lasterren, horrelakoen onenak praktikan eta martxan jarri…

Erabakitzeko eskubideaz hitz egiteko momentua bukatua da.

Hortaz? Zeri begira gaude? Zeren zain?

EHren independentzia litekeena da, it is possible,… baina oztopo guztien gainetik, arlo ezberdinetako helburu zehatzak eta beroriek lortzeko erabil daitezkeen medioak argi eduki behar dira.

Egia da. Dena dago gure esku. Baina ‘dena’ delako horretaz ere, halabeharrez, nahita zein ez, borondatez ala ez, eztabaidatu beharra daukagu, inongo mugarik eta, batez ere, inolako kontrolik eta kontrolatzailerik gabe.

Ad Majorem Vasconum Libertatem.

joseba felix tobar-arbulu (donejurgi)

10 novembre 2016

EPPK-ren oharra: Borroka ekimenak azaro eta abendurako

EPPK-k bere eztabaida abiatzear duelarik, bi borroka-ekimen sustatuko ditu datozen hilabeteotan.

Lehen ekimena, Kolektiboko kide baten egoera zehatzari lotuta dago, Ibon Fernandez Iradirenari. Izan ere, azaroaren 24an Frantziako tribunal batean bere egoerari buruzko eztabaida burutu behar baita. Hori dela eta, aurtengo otsailean Lorentxa Guimonen kasuarekin bezala, Kolektiboak borrokaldi bat eramango du aurrera eztabaidaren aurreko astean, kaleko eragileekin bat eginez, kasu honetan Bagoaz-ek antolatutako ekimenekin eta bereziki azaroaren 19ko manifestazioarekin.

Hartara, azaroaren 14tik 19ra kartzela bakoitzeko batzarrak erabakiko du zein motatako ekimena garatuko duen aste horretan. Ibon Fernandezen kasuaren inguruan indar berezia egiteak ez du kentzen, Estatu espainolean dauden Kolektiboko beste kideen egoera salatzea. Hain zuzen, preso eta gaixo larri dauden Jesus M. Martin Hernando, Ibon Iparragirre Burgoa, Aitzol Gogorza Otaegi, Gorka Fraile Iturralde, Jose Ramón Lopez de Abetxuko Likiniano, Jagoba Codo Callejo, Garikoitz Arruarte Santacruz, Josetxo Arizkuren Ruiz eta Iñaki Etxeberria Martin. Aste horretako ekimen hau baliatu egin behar baita kasu guztien berri emateko eta baita Kolektiboaren ekimena gaixo larrien dauden kideen sostengu eta babes gisa ezaugarritzeko.

Aldi berean, geure egingo genituzke gure senideek azaro eta abenduan zehar antolaturiko protesta eta salaketak, zeinetan argitzen diren sakabanaketak dituen ondorio orokor eta zehatzak: errepide istripuak, seme-alabekiko dituen ondorio lazgarriak eta abar... Horretarako Etxeratek abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean, programatuta dituen ekimenekin bat egingo genuke.

Ekimen bateratuak antolatzeko zailtasuna gainditzeko, burura eraman daitezkeen ekimenak zerrendatu baino ez ditugu egingo: baraua, bazka-errefusa, itxialdia, propaganda ekimena, instantziak, salaketa gutunak,...

Bigarren ekimena, abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra bitartean antolatutako “KALERA, KALERA, bakea eta askatasuna irabaztera!” ekimenarekin lotutakoa izango da. Usurbilen antolatuko den “Kalera guneak” preso politikoon gaia indar berriz jendarteratzeko ekimena izango da. Hilabete batez eta egunero-egunero presoen askatasunaren beharra presente egongo da Euskal Herriko txoko guztietan.

Horrelako ekimen baten aurrean EPPK-k borroka molde berri bat abiatzea planteatzen da. Presoak barrura begira jartzen duten ohiko borroka moldeez gain, barrukook kalean presentzia biderkatua eta ahalik eta zuzenena izateko ahalegina egitea litzateke ekimenaren funtsa. Hartara, kanpoarekin komunikatzeko ditugun baliabideak erabiliko lituzke gutako bakoitzak norberaren eta kartzelaren berri emateko. Gutun, dei, dei grabatu, marrazki, bertso edo zernahi baliabide komunikatibo erabiliko genituzke bai Usurbilgo Kalera Gunearekin komunikatzeko, bai norberaren herri edo auzoarekin harremanetan jartzeko eta baita norberak dituen harreman pertsonalei ekimenaren berri emateko. Horrela, debekatu zituzten presoon argazki mutuei hitza, ahotsa, kolorea eta mezua jartzea izango litzateke helburua. Kartzela eta kalearen arteko lotura biziagotzea, presoon presentzia kalean sentiaraztea, ekitaldi eta elkarretaratzeetan, senide eta lagunekiko ohiko harremanaren mugak hautsi eta herritarren artera agertuz, gure nahiak, gure borroka ametsak eta gure egoera azalduz.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bi ekimen hauek eztabaida abiatzearekin batera burutuko dituela ohar honen bidez jakinarazten du.

Euskal Herria bihotzean, 2016ko azaroa

EPPK

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!

7 novembre 2016

LAB eta azken atxiloketak

Gaur Sokoa enpresako langileak elkartu dira atxiloketak salatzeko ! Afiliatuei eta euskal langile guztiei dei egiten dizuegu atxiloketa salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.

irudia

Azken hilabeteetan ugariak eta oso interesgarriak izan dira eremu zibiletik hartu ditugun iniziatibak Euskal Herrian benetako bake egoera bat eraikitzeko. Hainbat eragile sindikal eta sozialek bat egin dugu gatazka garaiak atzean uzteko funtsezkoak diren gauzen inguruan. 

Urriaren 22an Donostian eratu zen Foro Sozial Iraunkorrean esandakoetatik, hiru konklusio nagusi atera ziren: armagabetzea egiteko baldintzak daudela, garaia dela preso politikoak etxeratzeko bidearen inguruan akordio zabalak egiteko; eta hainbeste urtez luzatu den gatazkak utzitako zauri latzak sendatzeko derrigorrez egin behar dugula bide bat guztien artean.

Bertan ginen eragileak eta norbanakoak bakearen alde lanean jarraitzeko prestutasuna adierazi genuen. Jendartearen aurrean konpromiso berriak bereganatu genituen bakea eraikitzeko agenda zehatz batekin lan egiteko. Eta alderdi politikoei eskatu genien euren eskutan zeudenak egiteko bake prozesuaren mesedetan, beraiei dagokielako euskal instituzioak bakearen alde lanean jartzea.

ETA Foro Sozialak marraztutako bidean urratsak emateko prest agertu delarik, erabaki horrekin lotzen dugu guk bart gaueko atxiloketa; ziur gaude horrela ikusten eta ulertzen dugula Donostian elkartu ginen guztiok, baita euskal herritar gehienak ere. 

Bake prozesua zapuztea Estatu helburu dute Estatu frantses eta espainolak, bistakoa da. Horrek eraman gaitu bakea eraikitzeko gure bide propioa marraztera. Erabaki zuzena hartu dugu. Baina zaila izango da bidea egitea ez baditugu eraso hauek salatzen, ez badiogu euskal jendarteari mobilizazio sozialaren bidez bake prozesua babesteko eta defendatzeko aukerarik ematen.

Hori dela eta, atxiloketa berri honek bakearen eraikuntzan laguntzeko prest gauden eragile sozial, sindikal eta norbanakoen erantzun bateratu eta sendoa eskatzen duela pentsatzen dugu LABetik. Eman ditzagun urratsak hori posible egiteko.

Afiliatuei eta euskal langile guztiei dei egiten dizuegu atxiloketa salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.

6 novembre 2016

Telesforo Monzonen 'Urrundik' liburuaren berrargitalpenaren aurkezpena egin dute Bergaran(http://goiena.eus/bergara)

Iparraldeko Begiraleak Kultur Elkarteak berrargitaratu zuen iaz Telesforo Monzonen 'Urrundik' poesia liburua eta atzo egin zuten aurkezpena Bergarako Olaso dorrean. 1945ean, Tenancingoko erbeste garaian argitaratu zen lehenengoz liburua. Baserritarra, arrantzalea, pilotaria... Deserriratutako euskaldun baten herriarekiko sentimenduak agertzen ditu liburuak.

Publicité
Publicité
30 octobre 2016

Antzerkizaleen eguna urriaren 29an

Eguralde zoragarria ukan dugu frontoian gure beste ospatzeko. Daniel Landartek mintzaldi interesgarria eman zigun Piarres Larzabalen bizia kontatuz. Ondoren omenaldi xumea eskaini genion antzerki idazleari, loreak eta aurreskua. Ondoren bazkari goxoa gazteek prestatua eta hiruak pasatuak ziren lehen antzerkia ikusi genuelarik, Herrialde urdina Azika taldearen eskutik.

Bostak ziren Patata tropikalak Dena ez da dirudiena eskaini zigularik, ipuin klasikoen interpretazio berriarekin;

20161029_16554420161029_15410720161029_173550

 

 

12 mai 2016

Memoriaren zaintzeko

http://www.ina.fr/video/CAF93022253/proces-de-burgos-video.html

29 mars 2016

«Herri berri bat nahi dugu, eta gakoa da denon artean sortzea» Txutxi Ariznabarreta. (Berria)

Aberri Egunaren ostean, aurrera begira jarrita daude Independentistak. Hausnarketa foro zabalak sortu nahi dituzte, independentziari buruzko herri galdeketak aitzakia hartuta.

2016-03-29 / Hodei Iruretagoiena

«Oso arrakastasua» izan da Aberri Eguna Independentistak sareko Txutxi Ariznabarretaren esanetan (Dima, Bizkaia, 1955). Baina balorazioak balorazio, egin beharreko lanari begira jarriak daude Independentistak. «Erabakitzeko garaiak» datozela dio Ariznabarretak, aldebakartasuna dela bidea, eta «euskal estatua eratzeari begirako urratsak egitea eta estrategia zehaztea» eskatzen duela horrek: «Hori jauzi sakon bat da, eta behar da subjektu politiko berri bat, abertzaletasunetik harago joan behar duena». Borroka ideologikoa indartu nahi dute hartarako, independentismoa «espazio utopikotik politika errealera» ekarri eta haren aldeko pedagogia egiteko.

Baldintzak badaude subjektu politiko berri bat sortzeko?

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban hauteskunde autonomikoen kanpainan sartuta gaude. Horrek berak zailago jartzen du normaltasunez eta lasaitasunez egitea halako eztabaidak, baina gero badator denboralditxo bat hauteskunderik gabe. Interesgarria da hori urte pare batean pauso batzuk emateko. Gero, buruetan dago kontua. Oso kokatuta gaude familia politiko hertsien eskeman, eta esfortzu handia egin beharko da batak bestea entzuteko.

Auzi nazionalak eta sozialak daude hor, aldarrikapen ezberdinak. Auzi zaharra da, baina horiek nola uztartu izan liteke beharrezko hausnarketa bat?

Bai. Nazio eraikuntzatik gatoz, eta jauzi bat egiten ari gara estatu eraikuntzara. Gizarteko sektore handi batek ikusten du gure kultura, hizkuntza eta herria nola dauden hilzorian. Orain, beste pauso bat eman behar dugu, elementu identitario horiek alde batera utzi gabe; subjektu abertzale horren kohesioa ere behar da, subjektu berriaren barruan motore izan beharko delako. Baina sartu behar dira arrazoi berriak, arrazoi sozialak, demokratikoak, dibertsitatea... Justizia sozialean eta demokrazian oinarritutako gizartea nahi dugu. Herri berri bat sortu. Herri bat denontzat, baina, batez ere, denon artean. Hori da gakoa: denon artean sortzea.

Subjektu berriak tresna berriak eskatzen dituela ere aipatu da.

Hemen eragile politiko asko daude, pisu handia dute alderdiek, sindikatuek... Gu, sare moduan, ez gara oso eragile egituratua. Era boluntarioan ahal duten denbora eskaintzen duten pertsonez osatutako sare bat gara. Lurra landu nahi dugu, eta, baratze horretan, gero agian beste batzuek landatu beharko dituzte landareak.

Alderdiak aipatzen hasita, ez dirudi gehienak aldebakarreko bideen alde daudenik.

Badaude bi ideia, bi kimera. Batetik, aldebiko eskemen bidez urratsak egitea burujabetza mailan. Bestetik, Espainiaren demokratizazio prozesu baten ondorioz etorriko dela hau eta bestea. Ez dugu uste hori posible denik. Ideia horien alde egotea da oraingo statu quo-a defendatzea.

Iparraldean bada bide bat esparru administratibo berri bat sortzeko. Nola ikusten duzue hori?

Gauza interesgarri bat gertatzen ari da. Herriz herri ari dira prozesu hori egiten, eta ikusten dugu atxikimendu handia dagoela Euskal Herriaren ideiarekiko. Hori oso urrats baikorra bilakatuko da, nahiz eta, berez, elkargo bakarrarena ez izan euskal mundu independentistaren proposamen bat.

Erabakiaren aroan gaudela aipatu duzu. Galdeketa ugari egingo dira aurten eta datorren urtean. Zein izango da zuen lana?

Lan zentrala dago galdeketa horiek antolatuko dituzten plataformen eta Gure Esku Dago-ren gain. Baina hor egon behar da kontrapuntu bat. Ariketa bat dago, eta erantzun batzuk. Gu erantzun posible horien inguruko hausnarketa egiten arituko gara. Batez ere, nahi duguna da gizartean, oinarri sozialean hausnarketa foroak sortu, eztabaidak, tailerrak, baina era zabalean. Eta gune horiek partekatu nahi ditugu abertzaleek eta ez-abertzaleek, baita independentisten eta unionisten artean ere. Independentziaren alde gaudenok igarobide handia behar dugu familia politiko ezberdineko jendearen artean; komunikazioa behar da. Hor, galdeketa hauek ekarri behar dute eztabaida sozial bat, hausnarketa sozial bat, gaia agenda politikoan, oinarri sozialean jartzeko. Emaitza bezain inportantea hori da, herri galdeketak tresna bat direla lan hori egiteko.
25 mars 2016

Humoristek beren gogoetak eskaintzen dizkigutelarik!

17 mars 2016

Ongi etorria euskal militanteei larunbatean.

Lorentxa, David eta Juantxo gure artera itzuli dira. 18 eta 13  urteren buruan, kondenak beteta horietako birentzat, etxera sartu dira eta horren ospatzeko datorren larunbatean elkartzeko deia luzatua da, goizeko 11etan. Hiru gehiago gure artean, denak itzuli bitartean.

Publicité
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité