Canalblog
Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
Publicité

Gure Urruña / Notre Urrugne

24 mars 2015

Euskal Konfederazioak Lurralde Kontratuaren hizkuntza politika murrizten dela salatu du

Otsailaren 10an departamenduko prefetak, Hautagaien Kontseiluko lehendakariari gutun bat bidali zion, Estatu/Euskualdeko kontratu planaren inguruko gaia aipatuz. Hain zuzen ere, hizkuntza politika murrizten duen hainbat neurrien kontrako jarrera adierazi du. Horren aitzinean, Euskal Konfederazioak euskararen inguruko proiektuak eta apustuak defenditzeko, tokiko hautagaiak mobilizatzeko deia luzatu du.

Diagnostiko partekatu bat oinarritzat hartuz, Euskal Konfederazioak egindako ikerketa baten bidez, euskal hiztunen kopuruaren apaltzeaz abisatu zuen. Arazoari aurre egiteko, elkarteak hainbat neurri hartzeko iniziatiba hasi zuen, haien artean hitzarmen politiko bat euskararen inguruan. Itun horretan Estatua (hezkuntza nazionala), EPCI, hiri handiak eta eskualdea (formakuntzarentzat) parte hartu beharko lukete. Helburu nagusiena da hizkuntza politika arlo guztietara zabaltzea, baina prefekturaren jarrerak hitzarmen hori ezeztatu du.

Bestalde, Euskal Konfederazioak, Euskararen Erakunde Publikoari bideratzen zaizkien diru laguntzak doblatzea eskatzen zuen. Gaur egun, aurrekontu hori Estatuak (740.000 euro), Euskualdeak (860.000 euro) eta departamenduak (860.000 euro) osatzen dute. Baina prefetak eskakizun hori ezeztatu du.

Hautetsiei deia

Elkartearentzat, prefetaren erantzunak hizkuntza politika garatzeko garapena oztopatzen ditu eta "kontratu plana hor izan behar da aitzina pausu bat emaiteko". Euskal Konfederazioak hautetsiei galdegin die "negoziaketa bururaino eramaitea".

"Hizkuntza politikoak denen beharra du", azpimarratu du Hur Gorostiagak, Seaskako zuzendariak. Hain zuzen ere, guztiak elkarlanean aritzeko deia zabaldu du, "hizkuntza politikoaren beharrak ekonomikoki erantzuteko".

Martxoaren 29an departamenduko hauteskundeen bigarren itzulia iraganen denez, Euskal Konfederazioak departamenduaren kudeaketan parte hartzen ahalko duten hautagaien arreta deitu du, "diru laguntza doblatu dezaten departamenduko finantziazioan".

 

Publicité
Publicité
23 mars 2015

Sabin Mendizabal atxilotu dute Donapaulen

 

iheslariak

Estatu frantseseko polizia eta Estatu espainiarreko Informazio Komisaldegi orokorrak, Donapaulen Sabin Mendizabal atxilotu dute. 2009. urtetik ihesean zegoen, "kale borroka" ekintzekin erlazionatzen dutelako.

Estatu espainiarreko Entzutegi Nazionalak Europa mailako atxiloketa eta entregatze agindu bat zuzendu zion, "terrorismoa" leporatuta. 

23 mars 2015

Emaitza itzela

images

Erran genezake hauteskundeen inguruan urteetan egindako lanak emaitzak ematen dituela, behintzat zenbakietan.

Diskurtso ezagunagoa, abertzaleen aldarrikapenak entzungarriagoak egin dira, beldurra ez dute sortzen. Aldarrikapen konkretuak, behar argiak, askotan herri edo herrialdeari lotutako aldarrikapenak izaten dira eta herritarrek ulertzen dituzte. Herriko jendea presentatzen da eta hautagai hauek hurbilagokoak sentitzen dira.

Ipar Euskal Herri maila aldarrikapen berdinak agertzeak erraten du ere ulermena eta kohesioa eta koherentzia erakusten du, hau ere herritarrek eskertzen dute inguruko frantses alderdiek ez baitute horrelakorik erakusten.

Independentziaren aldeko aldarrikapena ahuldu da, baita ere hegoaldekoekin bat egiteko nahia ere. Herriari lotutako atximenduak du oihartzun handiagoa dudarik gabe, hurbiltasuna eta proiektu konkretuak, neurtzen direnak.

Bost kantonamendutan bigarren itzulian, ezin pentsatua duela zonbait urte. Zalantzarik gabe oztopo asko gainditu dira. Ematen du hauteskundeen bitartez dena posible izanen dela. Ez da argi hain optimiste izateko biderik dagoen baina bai pozteko arrazoinak horrenbeste mespretsu jaso ondotik. Zer erranen du Parisek horrelako emaitzak ikusita.  Parise entzungor egonen da, 2017ko aipatzen zuten elkargoa, hauteskundeen bezperan? Sozialistak podoretik kanpo izanen direlarik? Sozialistek ez dute emaitza onik lortu, ia-ia Ipar Euskal Herritik kanporatuak izan dira, hau berria da bi diputatu sozialistak direlarik. Eragina aldatu da. Horrek erakusten du ere herritarrek bozka aldakorra dutela. Abertzaleek gaina hartu die sozialistei. Hau zen helburua!

Frente Nazionak, frantses nazionalismo erradikalak emaitza onak lortzen ditu ere, eskuinak orohar mantentzen da eta gero eta emaitza hobeak ateratzen ditu. Hau ez da errealitate ona, imigrazio edo krisi ekonomiko larriaren ondorio handiak jasaten ez duen lurraldean. Giro orokorrak esplika lezake gehiago emaitza.

Alain Hiriarten parean FN aurkitzen da, eskuinak eta ezkerrak emanen ote dio bozka EH Bairi? Aipatutako frente errepublikarra martxan jarriko ote da EH Bairen alde? Zer erranen dute frantses alderdiek bi itzulien artean. Alderdi desberdinek hartuko dituzten jarrerak oso interesgarriak izanen dira.

Espero dezagun mugimendu guzti hauek independentziara eramanen gaituztela eta gaur egun bake prozesuaren urratsak emateko lagungarria izanen dela. Trabagarria ez da, zalantzarik gabe. Haatik presoen gaia ez da asko aipatu kanpainan, hau arazo politiko eta soziala bada, kantonamenduen ahalmenetan sartzen dena.

Alain Hiriart lehen eta parean Fronte nazionala

 

21 mars 2015

Ongi etorri Lurdes

CAmVcZ3WoAA7MF6Hogei urte eman ditu preso, 1994'eko azaroan atxilotu zuten, zauritua izan zen atxiloketa momentuan.Hogei urte pasa egon da bahitua, etsaiaren eskuetan. Pozten gara gure artera itzuli baita.

21 mars 2015

Ibardindik Korrika

Korrika Ibardindik jautsi da eta Azkaingo bidea hartu du. Berrehun bat herritar zeuden zain behereko aduanan. Giro ederra eta denak euskararen alde. Egunean zehar Euskararen egun txikia antolatua zen eta Berttolin bazkaria eta pailasoa ere haurrentzat. Larrabetzuko lagunak hurbildu ziren baita ere! Egun ederra zinez nahiz eta eguraldiak ez duen asko lagundu!

Gaua arte goaitatu beharko da korrika Urruñara itzuliko baita baina hau 4ak eta 40etan, hau da beste tenorea, gogorragoa!

Publicité
Publicité
21 mars 2015

Udalbiltzako lehendakariak ez du hautetsi segituko Usurbilen

10000797

Mertxe Aizpurua (Usurbil, 1960) duela lau urtetik Usurbilgo alkatea da, Bildukoa, eta 2013komartxoaren 2an Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien lehendakari hautatu zuten, Donostian egindako batzar batean.

Aizpuruak berak gaur txio baten bidez iragarri du ez dela berriro alkategai izango. Xabier Arregi izango da EH Bilduren zerrendaburua Usurbilen. Halaber, udal hautagai ere ez da izango Aizpurua, hark jakinarazi duenez.

Ondorioz, Udalbiltzak lehendakaria aldatu beharko du.

Nazio erakundea 2013an berrantolatu zuten. Gaur egun, 1.471 udalbiltzakide daude, eta haietatik 183 alkateak dira.

19 mars 2015

Baraualdia, sendatzeko beste modu bat

Dokumentala frantsesez emana da. Hemen jartzen dugu eritasunari aurre egiteko bide berrien edo zaharren ezagutzeko beharra dugulako, botikei alternatibak behar ditugulako.

18 mars 2015

IRAGANEAN SALBUESPEN, EGUN, ALDAPA ZELAITZEN ETA ETORKIZUNA MARRAZTEKE (naiz)

Astebete da Emakume Cup txapelketako finala Zamudion jokatu zela. Emakume Cup maila nagusian emakumeek jokatu duten esku pilotako lehen lehiaketa izan da, eta, hortaz, zita historikoa izan zen hilaren 6koa. Aurreneko pausoa eman da emakumeek esku pilotan joka dezaketela erakutsi eta duela gutxi utopia zena errealitate bihurtzeko.

Utopia zena errealitate egina

Emakume Cup izan da orain dela bi urteko Gabonetan piztutako suaren azken emaitza. Garai hartan Morgan (Bizkaia) ospatu zen umeen kontzentrazio batean ama multzo bat konturatu zen seme-alabek eta gizonek esku pilotan jokatzen zutela, baina, haiek, aldiz, ezetz. Guk zergatik ez? Hausnarketa hori egin zuen emakume multzo hark eta modu horretan Larrabetzun esku pilotan jokatzen hastea erabaki zuten. Hori izan zen lehen urratsa. Hastapenean sei emakume inguruko taldea besterik ez zen hasi. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, emakume gehiago joan ziren taldean sartzen.

Hala ere, benetako jauzia ez zen iritsi pasa den udaran Bizkaiko eta Nafarroako pilotariek elkarrekin aurka aritzeko antolatutako topaketetara arte. Izan ere, Nafarroan ere bada esku pilotan aritzen den emakume multzo bat, Karlos Armendariz pilotari ohiaren gidaritzapean. Hala, haiekin topaketa bat antolatu zuten abuztuaren 15ean, Larrabetzuko frontoian. Hitzordu hark sekulako arrakasta izan zuen, eta, hori ikusirik, San Fermin Txiki festetarako beste zita berri bat jarri zuten. Bi jaialdi horiek presentzia nabarmena izan zuten hedabideetan, eta horrek are eta emakume gehiago animatzeko balio izan zuen.

Hori izan zen, esaterako, Ainhoa Alaiogoikoaren kasua (Larrabetzu, 1975): «Udaran Larrabetzun nafarren aurka jokaturiko partidak ikusten egon nintzen, eta hor sortu zen nire barruan jokatzeko gogoa. Hala, urrian probatzea erabaki nuen». Bi hilabete geroago egin zuen gauza berbera Jone Arangurenek. «Nik kirol pilo bat praktikatu ditut eta betidanik gustatu izan zait pilota ikustea. Lankide batek esan zidan bere alaba Larrabetzun pilotan jokatzen hasia zela eta egun batean bertara joan eta probatzea erabaki nuen. Egun hartan ondo ikusi nuen nire burua, emakume guztiak oso jatorrak ziren, eta, gainera, sekulako giroa zegoen. Ondorioz, jarraitzea erabaki nuen».

Orain egoerak bestelako bide bat hartuagatik, hasieran, haien buruetan ez zegoen txapelketarik jokatzea; kirola egitea eta ondo pasatzea, besterik ez zuten nahi. Halere, xedea ez da aldatu ordutik hona. «Gure helburua kirola egitea eta ondo pasatzea da. Guk ez genuen pentsatzen txapelketarik jokatzea hasiera batean, baina, dena den, horrek ez ditu gauzak aldatuko eta helburu berberekin jarraituko dugu. Hori bai, ea honek guztiak inguruko herrietako emakumeek nola jokatzen dugun ikusteko balio duen, eta ea haiek ere animatzen diren, izugarri ondo pasatzen dugu eta», nabarmendu du Alaiogoikoak.

Orain arte emakume asko esku pilotara ez gerturatzearen zioa piloten gogortasuna izan da. Izan ere, telebistan profesionalek erabiltzen dituzten piloten soinua entzutearekin bat, pilota horiei jota eskuek ikaragarri sufrituko duten ustea zabaltzen da. Dena den, Bizkaiko Federazioaren laguntzaz eta hainbat proba burutu ostean, topatu dute beraien ezaugarrietara ondo egokitzen den pilota bat. Goxua izenez ezagutzen dena, hain zuzen. «Oso pilota polita eta egokia da guretzat. Behin eskua eginda ez du minik ematen, eta, beraz, probatzera gonbidatzen ditut beldur hori duten emakumeak», zehaztu du Arangurenek. «Pausu hori ematea ezinbestekoa zen. Finalaren aurkezpen egunean Aretxabaleta eta beste hainbat pilotari profesional zeuden Miribillako frontoian. Haien pilota bat probatzea erabaki genuen eta guretzat ezinezkoa da hain pisutsu eta gogorrak diren pilotak mugitzea», gehitu du. Bestalde, pilota joz mina sentitzen dutenentzat badaude min hori ekiditeko babesak ere. «Batzuek takoak jartzen dituzte, beste batzuek takoak dituzten eskularruak, eta badago babesik gabe jokatzen duenik ere», kontatu du Alaiogoikoak.

Txokoan Larrabetzu pilota elkartean 22 emakumek dihardute. Multzo horretan adin eta ezaugarri guztietako emakumeak topa daitezke, eta, Alaiogoikoaren ustez, horrek erakusten du edonork joka dezakeela pilotan «Bertan 18 urtetik gorako emakume guztiek dute kabida. Ez da beste munduko abileziarik behar jokatzen hasteko». Entrenamenduei dagokienez, astearteetan egiten dute asteroko lan saio ofiziala Larrabetzuko frontoian, Joanes Kamararen agindupean. Halaber, posible izanez gero, beste egun batzuetan ere frontoia hartu eta jokatzeko geratzen dira taldeko beste kide batzuekin gustatzen zaien kirola egin eta hobetzen jarraitzeko.

Iraganean salbuespen

Pilotan hasi den emakume multzo honek hitz onak eta animoak baino ez ditu jaso jendearen partetik. Bizkaiko Federazioak emaniko laguntza eta erraztasunak ere behin eta berriz azpimarratzen dituzte, eta esker oneko hitzak baino ez ditu Arangurenek ere. «Materiala eman digute, dena prestatu dute eta pilo bat mimatu gaituzte, eta hori guztia asko baloratzen dugu».

Iragan hurbil batean, ordea, kontuak oso bestelakoak ziren. Esku pilotan jokatzen zuten emakumeak salbuespen ziren, eta, halaber, garai haietan ez zegoen ondo ikusita emakumeak frontoian aritzea. Primeran gogoratzen du egoera hori Nagore Arozenak (Lizartza, 1985): «Nire etxean amonak ez zidan uzten pilotan jokatzen. Esaten zidan frontoia ez zela neskentzako lekua eta parkera joan behar nuela gainontzeko neskekin, baina niri pilotan jokatzea gustatzen zitzaidan eta ihes egin eta frontoira joaten nintzen. Jendeak esango zuenaren beldur izaten nintzen; pentsa, marimutil bat nintzela esaten zidaten». Patri Espinarrek ere (Usansolo, 1986) ez zuen batere laguntzarik jaso gurasoengandik, eta bere kabuz moldatu behar izaten zuen entrenamendu eta partidetara joateko. «Nire entrenatzaileak pilo bat laguntzen zidan eta hori ezinbestekoa zen, izan ere, nire gurasoek ez zuten begi onez ikusten nik kirola egitea; ez zidaten batere laguntzen».

Urte batzuk atzera, emakume bakan batzuk baino ez ziren ibiltzen esku pilotan, eta, hortaz, mutilekin entrenatu eta jokatu behar izaten zuten. Hori izan zen txikitatik bizitzea egokitu zitzaien egoera eta normaltasunez hartzen zuten. Oro har, jendeak eta inguruko mutilek errespetatzen zituzten eta ez zitzaien egoera bereziki desatseginik igarotzerik tokatu. Haatik, partidak jokatzera haien ingurutik kanpora joaten zirinean aitortzen dute jendea harritu egiten zela. Ohikoa ez izanagatik bazegoen hasieran barre egiten zien mutilik ere. Hori bai, «mutil batzuek barre egiten zuten ni ikustean, baina, gero, nola jokatzen nuen ikustean eta irabazten nienean, isildu egiten ziren», gogoratu du Maider Mendizabalek (Anoeta, 1977). Halaber, mutil batzuei egoera hori kudeatzea eta neska bat beraiek baino hobea zela onartzea kosta egiten zitzaiela dio Espinarrek: «Batzuk negarrez hasten ziren, beste batzuk tranpa egiten nuela esaten zidaten… Denetarik bizitzea tokatu zitzaidan».

Maila teknikoari dagokionez argi dute hirurek mutil eta nesken artean ez dagoela desberdintasunik. Aldea indarrean dagoela diote, ez gainontzeko arloetan. Horrenbestez, 13-14 urtera arte neskak mutilekin inongo arazorik gabe joka dezaketela baieztatzen dute. «Emakumeak teknikoki mutilak bezain onak edo hobeak izan gaitezke, eta hori kantxan erakusten genuen. Kontua entrenatzea eta orduak sartzea da», zehaztu du Mendizabalek. Hori berresten du garai hartan aurkari izan zituzten zenbait pilotariren mailak. Maite Ruiz de Larramendik (Beasain, 1973), esaterako, Nafarroako binakako txapelketan Ruben Beloki bera menderatu zuen finalerdietan, 11 urte zituela. «Ruben Belokik Javier Lopez Vallejorekin (Osasunako atezain ohia) osatzen zuen bikotea. Denok dakigu Belokik ze maila duen eta orduan ere asko jokatzen zuen. Dena den, irabaztea lortu genuen, nahiz eta gero finala galdu». Finalean bizitakoa, gainera, guztiz bitxia izan zen. «17 eta 9 irabazten hasi ginen, baina, ondoren, angelusa errezatzeko geratu zuten partida, eta bueltan ez genuen lortu tanto bakar bat ere egitea! Azkenean 18 eta 17 galdu genuen», amorruz gogoratu du pasadizoa Ruiz de Larramendik. Arantzatxo hori handik oso gutxira atera zuen Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Euskadiko txapelketa irabazita.

Nagore Arozenak, berriz, bikotekide ezaguna izan zuen. Egun, Asegarceko aurrelaria den Mikel Olaetxea, hain zuzen. Bien artean makina bat txapel jantzitakoak dira. «Olaetxea oso urduria zen txikitan; nik, berriz, lasai jokatzen nuen beti. Hala, ni lasai nengoela ikusita, bera ere lasaitu egiten zen, eta orduan hasten zen bere mailan jokatzen. Oso ondo moldatzen ginen eta bikote ona egiten genuen», azaldu du. Olaetxearekin bizitako momentuak errepasatzen hasita, barrez gogoratu du pasarte bat: «Burlatara jokatzera joaten ginenean partidaren ostean ogitarteko bat ematen ziguten, eta, askotan, nik nirea eta berea jaten nituen, ahul samarra zen jaten eta!». Horrez gain, oroitu du garai haietan izan zuela beste aurkari ezagunik ere: «Behin Markel Bergara Realeko jokalariaren aurka jokatu nuen final bat Elgoibarren. Irabazi egin genuela gogoratzen dut, baina baita oso ondo jokatzen zuela ere».

Dena den, aipatu moduan, esku pilotan teknikaz gain indarrak ere zerikusi handia du. Hala, 13-14 urtetik aurrera mutilak gizontzen hasten direnean indar asko hartzen dute oso epe motzean, eta, hori dela eta, puntu horretara iritsita ezinezko bilakatu zitzaien mutilekin lehiatzen jarraitzea, eta, neskarik ez zebilenez, pilota utzi egin behar izan zuten Arozena eta Mendizabalek. «Teknikoki ni baino okerragoak ziren mutil asko eta asko, baina, indar gehiago zutenez, pilota askoz atzerago botatzen zuten eta nik ezin nuen. Horrek sekulako amorrua ematen zidan, eta, erridikulua egitea inori gustatzen ez zaionez, utzi egin behar izan nuen», kontatu du Mendizabalek. Espinarrek 17 urtera arte jarraitu zuen pilotan, baina, ondoren, pena handiarekin bada ere, amore eman zuen. «Niri pilota beste kirolak baino askoz gehiago gustatzen zitzaidan, baina kadete mailatik gazte mailara jauzi ikaragarria dago, pilotak askoz pisutsuagoak dira eta ezin nituen mugitu».

Oso bestelako arrazoiengatik esan behar izan zion agur pilotari Ruiz de Larramendik. «14 urterekin nire aitari klubeko teknikariak eta herriko beste pertsona batzuk burua jaten hasi zitzaizkion. Esaten zioten aurrerantzean ezingo nuela jokatu, eta, jarraituz gero, eskuak txikituko nituela. Nik eskuak primeran nituen, ez nuen minik hartzen eta mutilekin lehiatzeko gai nintzen. Hala ere, aitak, jendearen esanei kasu eginez, pilota utzi eta akordeoia jotzen hasteko esan zidan. Ordutik aurrera ez zidaten txapelketetan izana ematen uzten. Hura ez zen nire erabakia izan eta horrek ematen dit amorrua. Nik ahal nuen bitartean jokatzen jarraitu nahi nuen».

Laurek palan topatu zuten ihesbidea eta modalitate horretan aparteko lorpenak eskuratutakoak dira. Munduko txapelketa irabaztea lortu dute Ruiz de Larramendi eta Mendizabalek. Arozenak brontzezko domina irabazia du txapelketa berean eta Espinarrek ere urrea dastatu zuen 22 urtez azpikoen mailan.

Aurrerantzean zer?

Emakume Cup txapelketarekin Mendizabal, Ruiz de Larramendi, Espinar eta Arozenak izan ez zuten aukera izan dute emakumeek. Lehen harria jarrita, proiektuari jarraipena eman behar zaio orain, eta zeregin horretan jarraituko dute bai antolatzaileek eta baita protagonistek ere. «Espero dezagun egindako lan guztiak zerbaitetarako balio izatea eta gero eta emakume gehiago esku pilotara gerturatzea», esan du Baraiazarrak. «Hau lehenengo urratsa baino ez da izan. Orain helburua umetan pilotan jokatzen hasten diren neska gazteak maila nagusira iristen direnean pilotan jokatzen jarraitzeko aukera izatea da. Halaber, ekimena beste federazio batzuetara zabaltzea eta guztion arteko elkarlanarekin Euskal Herri mailako txapelketa antolatzea oso polita litzateke», gaineratu du Amarikak.

Ekimenak aurrera eginez gero Espinarrek ez du baztertzen berriro ere takoak janztea. «Nik faltan botatzen dut eskuz gozatzea, eta, orain kontua zabaltzen ari denez, posible badut eta uzten badidate, gustura hartuko dut parte». Ruiz de Larramendik pilotan diharduen iloba bat du eta bere ametsa litzateke berarekin eskuz txapelketa bat jokatzea. «Ikaragarria litzateke. Aukera balego ez nuke zalantzarik izango. Hori errealitate eginez gero lasai erretira ninteke!» dio barrez.

Maider Mendizabalentzat positiboa da emakumeek kirola egitea eta pilotaren munduan barneratzea, baina, hori esatearekin bat, ondorengo hausnarketa ere egiten du: «Oso emakume gutxi gabiltza pilotan, eta, modalitate desberdinetan parte hartzen hasten bagara, modalitate bakoitzeko emakume kopurua oso baxua izango da, eta, ondorioz, mailak ere behera egingo du neurri berean. Beraz, ez al da logikoagoa denak modalitate berean jokatzea?». Iritzi berekoa da Arozena ere.

Momentuz, Emakupe Cup txapelketak emakumeei orain arte izan ez duten aukera eskaini die. Etorkizunean zer gertatuko den denborak argituko du.

18 mars 2015

Korrikaren ibilbidea aldatu behar izan dute Iruñean, prozesioagatik

korrika

Ohiko lanez gain, azken orduko gorabehera bat gehiago izan dute 19. Korrikako antolatzaileek Iruñean. La Dolorosa-ren prozesioarengatik, aurrez adostutako ibilbidea aldatu beharko zutela esan zieten atzo antolatzaileei. Udalarekin eta udaltzainekin negoziatzen aritu dira azken orduetan, Iruñeko arduradunek BERRIAri esan diotenez. "Bilatu dugu irtenbidea, baina ez guk nahi genuen moduan".

 Alde Zaharreko bidea moldatu behar izan dute. San Lorenzo elizatik Iruñeko katedralerako bidea egiten du aipatutako prozesioak, eta udalak lehentasuna eman dio horri. Ondorioz, Korrikak ezingo du pasatu, esaterako, udaletxe plazatik.

18 mars 2015

19garren Korrika Urruñatik ere pasako da!

 

11079035_811521565552436_4832418085890115426_n

Publicité
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité