Xole Mariluz ekonomilariak Urruñan, Herritarrak elkarteak gomitaturik, egindako mintzaldiaren ondotik, zenbaki batzuk utzi dizkigu Urruña hobeki ezagutzeko, aztertzeko eta behar bada debatitzeko, gure artean hitz egiteko.
Bertan zenbaki interesgarriak ditugu, herritarren kopurua eta urtean zeharreko aldaketa, bigarren etxebizitzen kopurua eta beste zenbaki interesgarri ainitz. Horrez gain Xole Mariluzek egoerari gain begirada bat ematen dio, azterketa orokorra eskainiz. Eskertzen dugu. Hemen duzue:
Ipar Euskal Herriko ekonomia ulertzeko pista batzuk.
Gure ekonomia ulertzeko ezinbertzekoa da bilakaera demografikoa eta turismoarena hurbiletik aztertzea.
Izan ere, jarduera gehien gehienak tokiko eta pasaiako jendeen beharrak asetzeko bideratuak baitira.
Bere aldetik, arlo produktibo esportatzailea nahiko marginala da, sektore batzuk aipatu behar badira ere (labore elikadura, aeronautika, lerra ala metalen industriarenak).
Behin betiko (biztanleak) eta behin behineko (turistak) beharrak betetzeko ekonomia mota hau, ekonomia egoiliarra deitzen da. Ipar Euskal Herriko lansaridunen %70 baino gehiago enplegatzen du.
Honako jarduerak biltzen ditu : eraikuntza, kontsumo xeheko komertzioa, partikularrentzako zerbitzuak (ostatuak, hotelak, zaintza, garbiketa, …), osasuna, ekintza soziala, finantza aktibitateak. Jarduera publikoak ere gehitzen ahal zaizkio : estatu, lurralde eta ospitale funtzioak.
Enplegu motari doakionez, kalifikazio apalagokoak dira, gutiago ordainduak eta ezegonkorragoak.
Aurkezpen honen bidez joera demografiko nagusiak aztertu ditugu Urruñako egoerari behako berezi bat emanez, ondotik ekonomia egoiliarrak biltzen dituen enplegu motetaz interesatu gara eta azkenean, zenbait gogoeta egin ditugu gure garapenari buruz.
Hona hitzaldi denboran landu ditugun atalak :
I . BILAKAERA DEMOGRAFIKOAK IEH-KO EKONOMIA AZKARKI BIDERATU DU
A. Bilakaera demografikoak eta turismoak ...
B. ... . egoiliar ekonomiaren nagusitasuna eragin dute.
II . ARLO PRODUKTIBOAK GARRANTZIA GALDU BADU ERE ALDE INDARTSUAK DITU.
A. Laborantza eta labore elikadura (agroalimentarioa) arloa.
B. Industria eta enpresekiko zerbitzuak.
III . GARAPENAREN INGURUKO GOGOETA BATZUK
A. Egoiliar ekonomiaren arrisku eta aukerak.
B. Garapen pasiboa eta aktiboa.
C. Garapena eta euskal nortasuna.
Urruñari doakionez, hona laburzki aipatu dena.
Kostako herria bada ere, demografikoki Lapurdi barnekaldeko dinamika segitzen du. Han segur ere kostako lur eremu gehien daukan herria delako, eta azken urte hauetan, etxe andana eraiki delako.
Kostako herrietan bezala biztanlegoa emendatu da baina nehun baino bizkorrago. Ez da soilik kanpotik jende gehiago jin delako baizik eta sortze gehiago izan delako heriotz baino. Beraz bi saldoak, naturala eta migratorioa, positiboak dira.
Arras bertze dinamika du auzoko Donibane Lohizunek.

40 urte hauetan Urruñako biztanleria bikoiztu da (%99 gehiago), Donibane Lohizunekoa %27 baizik ez delarik emendatu.
Donibane Lohizune jendetza irabazten ari da kanpoko jende gehiago jin delako, saldo naturala aldiz arrunt negatiboa da, Urrunan ez bezala.
Adin banaketari doakionez, bi herriek zahartzea bizitzen eta bizituko dute. Donibane Lohizuneko emaitzek ongi erakusten dute ez garela gehiago piramideaz ari baizik eta V itxurako irudiaz (gazteen defizita handia eta zaharren gainpresentzia).
Urrunako ekonomia biztanleriaren eta turismoaren dinamiken ondorio zuzena da. Urrunako biztanleria nagusiki zerbitzu eta komertzio jardueretan ari da (%77). Erran bezala enplegu horiek kalifikazio eta errenta apalagokoak dira industriako enpleguei konparatzen baditugu. Batazbertzean, 2008an, Urrunar batek 11.4€ garbi irabazi ditu, orduka, Pirinio Atlantikoetako biztanle batek 12.2€ irabazi dituelarik. Horrezgain ezegonkortasun maila handiagoa dute, horietarik frango turismoari lotuak izanki.
Hiru laurdena egun guziz herritik kanpo doa lan egitera (Hendaia, Donibane Lohizune eta Baiona aldera hain segur ere) eta horien artean %8.5 “Frantziatik” kanpo (%1.1 Donibane Lohizuneko kasuan), pentsa daiteke Gipuzkoarat joaten direla.
2007az geroztik langabezia azkarki emendatu da +%40 (A kategorikoak), erdiaren kasuan iraunpen mugatuko kontratua bukatu ondoan.