Canalblog Tous les blogs
Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
MENU
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
5 janvier 2015

Presoen eskubideen aldeko mobilizazioarekin bat egin dute ELAk eta LABek

elalab

Presoen sakabanaketa "giza drama" eta "aberrazio juridikoa" dela eta helburu politikoa duela nabarmendu dute Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek.

ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txiki-k eta LABeko Ainhoa Etxaidek dei egin diete bi sindikatuetako militanteei eta oro har euskal gizarteari datorren larunbatean Sare plataformak antolatutako mobilizaziora joan daitezen. BERRIAn argitaratu dute Larunbatean, Bilbora iritzi artikulua.

ELAk eta LABek uste dute "ordua" dela 2000ean PPk eta PSOEk sinatutako Paktu Antiterrorista indargabetzeko: "Espainiako instituzio nagusiak diziplinatu dituen akordioa da, botereetatik —legegilea, betearazlea eta judiziala— hasi, eta komunikabide gehienetaraino, eliza katolikoaren hierarkiatik pasatuz, Estatuko bi sindikatu nagusietaraino". Ordua da, halaber, "Espainiako eta Frantziako gobernuek euskal preso politikoei ezartzen dieten espetxe politika aldatzeko", adierazi dute.

Euskal presoen eskubideen defentsan "mobilizazio sozial demokratikoa" ezinbestekotzat jo dute: "Oraindik aldarri hori bere egin ez dutenen kontzientzia politikoa irabazten joateko beste modu bat da".

Publicité
21 novembre 2014

Mikel Oroz, "Peru", eta Alejandro Zobarán, "Xarla" ren kontra, 8 urteko zigorra,

irabazi-arte

Peruk epaiketaren bukaeran hitza hartu duelarik euskal borrokaren azaltzeko, epaileak hitza moztu dio, ez du utzi bukatzen. Hau da frantses justizia. Prentsak egiten dituen komentarioetan akusazioa nahiko ahul agertzen zen, ondorio asko atera dituzte elementuetatik tiratuz, frogarik izan gabe. Zuzenbidea lerratzen delarik, denborarekin herritar guztientzat lerratzen da. Hau da gertatzen ari dena frantses gizartean, pixkanaka eskubide murrizketara, frogarik gabeko kondenak ematera.

27 décembre 2014

Ibai Peña aske utzi dute

ibai

Ibai Peña Gasteizko presoa aske utzi dute goizean, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Teruelgo espetxean zegoen. Militante politikoak gertutik ezagutu zuen Ipar Euskal Herria. Bertan bizi eta lan egin zuen bertako gazteekin batera. Frantses gobernuak kanporatu egin zuen eta Espainara igorri.

Euroagindu bat tarteko, 2010ean atxilotu zuen Polizia frantsesak.

Prozesu luze baten ondoren –zenbait alditan sufritutako jazarpena salatu zuen, bizitza publikoa eign baitzuen bitartean– eta Justizia frantsesak euroaginduari ezezkoa hainbat aldiz eman ondoren, 2012ko maiatzeanEspainiaratu zuten Peña, «sute terrorista» eta lehergailuak edukitzea leporatuta.

Geroztik preso egon da. Ongi etorri!

19 décembre 2014

Bergarara itzultzen zen Arriaran Jaun Karlos atxilotu dute

iheslariak

Gertatu da. Herrira itzultzen zen iheslaria atxilotu du poliziak. Ez dakigu zer gertatuko den, baina 30 urte eta gero eskuinak ez du deus pasatzen uzten, eskuinaren ustelkeria guztia euskaldunekin estaltzen saiatzen ari dira oraindik. Erronka zen, iheslarien kolektiboa hartzen zuen erronka zen herrira itzultzea, atxilotua izateko arriskua. Zer erranen du Barne sailak, Justizia sailak?

17 décembre 2014

Aske geratu da Joxepa Ernaga presoa, 27 urteren ostean

preso

Ongi etorri! 27 urte askotan bakarturik, Josepa nafarrak bere etxea aurkituko du, bere zain egon dira asko, gure bihotzean agon da eta orai ongi etorria prestatuko da, ederra, merezi baitu; Euskal Herriaren alde egindako lanarengatik eta jasan behar izan duen zigorrarengatik. Maite zaitugu Joxepa. Besarkada tinkoa!

Publicité
17 décembre 2014

IPAR EUSKAL HERRIAN, EMIGRAZIO SISTEMATIKOA (Naiz)

immigration

Euskal Herriko gazteen lan emigrazioa aztertzean, Ipar eta Hego Euskal Herriko errealitateak desberdindu ditu Eguzki Urteagak. Bere esanetan, Hego Euskal Herrian gertatzen ari den gazteen emigrazioa koiunturala da, 2008an hasi zen krisi ekonomikoari lotuta dagoelako neurri handi batean. «Hazkunde ekonomikoa apalagoa ala negatiboa den neurrian, enplegu gutxiago sortzen eta lanpostu gehiago desegiten da, langabezia igoaraziz. Gazteak bereziki ukituak dira lan-esperientzia txikiagoa daukatelako. Testuinguru horretan, atzerrira doazen gazteak formatuenak dira, eta horrek galera kualitatibo nabarmena suposatzen du gizartearentzat».

Aldiz, EHUko irakaslearen ustetan, Ipar Euskal Herriko egoera larriagoa da, bertako gazteen emigrazioa ez delako bukatuko krisi ekonomikoarekin, arazoa oinarrizko gabezia estrukturalek sortzen baitute. «Ipar Euskal Herrian emigrazioa estrukturala da, hemen krisi ekonomikoaren eragina ez da hain nabarmena. Hain zuzen ere, instituzio eta unibertsitate propiorik ez edukitzearen ondorioz, bertan dauden enpleguak ez dute, nahi eta nahi ez, ikasketa-maila altua eskatzen. Horren ondorioz, gazteek kanpora joan behar dute ikastera eta, behin titulu akademikoa lortuta, aukera gutxi dauzkate Ipar Euskal Herrira itzultzeko, bertan eskaintzen diren enpleguak ez datozelako bat beraien ikasketa mailarekin», dio Urteagak. Datuen arabera, urtero 8.000 ikasle inguru joaten dira Paue, Tolosa edo Parisera goi mailako ikasketak egitera eta asko ez dira itzultzen, Urteagak esan bezala, Ipar Euskal Herrian ez dutelako ikasitakoaren araberako lanposturik aurkitzen.

16 décembre 2014

Gernikan 94 urteko andere bat zauritua Joneren atxiloketan

gernika

Egurra ematera atera zen Hertzantza. Hertzainak horretarako ikasiak dira. Merkatuan, astehelen batez, ezin sinetsia da hain sensibilitate gutxi izatea Gernika herrian. Astekehen batez merkatu egunez bonbardatu zuten Gernika faxistek. Horretaz hain memoria gutxi egitea ezin sinetsia da, hemendik ere! Edo hain xuxen gogoen markatzera joan ziren bortizkeria horrekin. EAJk Madrilekin bat egitera abian baita, burujabetzaz nahi ez duelako. EHBilduk gogoeta eraman nahi luke EAJrekin burujabetzaren bidearen hartzeko, norabidea finkatzeko eta urratsak emateko. Ematen du EAJk ezetz borobil bat erran nahi izan duela, ez bakarrik Jone Esapainako epaileen esku emanez baizik eta Gernika herrian enfrentamendua eszenifikatuz. Gogoetatzeko gertakaria da atzokoa, abertzaletasunaren errealitatearen gogoetatzeko gertakaria. Hau ez da kasualitatea, merkatu egunean plazan Joneren laguntzaileak soilik ez zirela egongo argi da, besterik egonen zela plazan argi zen politikarientzat, 94 urteko andereari gertatu zaiona ez da nahi gabekoa. Nor da arduraduna? Momentuko Barne sailburuak babesa osoa eman dio bere poliziari. Ezin sinetsia, hau al da gure geroa? Behintzat gure oraina bai! Ez dugu horrelakorik errepikatzea nahi. Polizia herritarren babeserako behar da , ez erasorako!

15 décembre 2014

Kortsika eredu?

images (1)

Kortsikako parlamentuak kolektibitate bakarraren alde bozkatu du. Bi departamendutatik kolektibitate bakarrara pasatzeko erabakia hartua izan da. Parlamentuaren lehendakariak, Front de Gaucheko kidea horren kontra bozkatu du baina 42 bozekin zortziren kontra aldeko botoak irabazi du. Aldaketa handia eta konpetentziaren bila joateko urrats garrantzitsua egina izan da joan de ostiralean. Lurralde erreformak puntu nagusia ekarri du Kortsikako debatean.

14 décembre 2014

Estrategia feministak lantzeko gune egonkor bat eratzea proposatu du Bilgune Feministak Ondarroan.(Berria)

Feminism2

Gertatzen ari da. Martxan da trantsizioa, aldaketa garaia baita; norabide argirik ez du, ordea. Baina helburu handinahiak agertu dira bide horren oinarriez eztabaidatu dutenen ahotan: trantsizioa bainoago, iraultza feminista. Areago: estatu feminista. Mugimenduaren barnean berriki mahai gainean jarritako egitasmo horren bueltan gorpuztu zen atzo Ondarroan (Bizkaia) Bilgune Feministak antolatutako Emakume Abertzaleen Topaketa Feministetako eztabaida nagusia. Eta bidea jorratzean ezinbestekotzat jo zuten elkartzea: esparru desberdinetan diharduten feministen arteko aliantzak jostea. Proposamena ere egin zuten antolatzaileek: gune bat sortzea, trantsizioa, iraultza, estatua pentsatzeko eta nola eraiki adosteko. «Aliantza puntualez harago, indarrak metatu behar ditugu, eta epe luzerako adostasunak lortu. Espazio egonkorrak behar ditugu», galdegin zuen Saioa Iraola Bilgune Feministako kideak.

Gune horri izen-abizenak jarri zizkion Jule Goikoetxea EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak: Feministen Estatu Kontseilua. «Erresistentziatik kontraerasora pasatu behar dugu, boterea hartzera eta autoritatea lortzera. Bestela, gure ordez pentsatzen jarraituko dute». Ahotan izan zituen kontzeptu horiek birpentsatzeko beharra nabarmendu zuen, estatuaren ideia feminismotik definitzekoa. Adibidez: «Egun demokraziaren kontzeptuak berekin dakar ongizatea; guk eragin behar dugu demokraziak berekin ekartzea feminismoa: demokrata bat ezinbestean feminista izatea». Bat etorri zen Josebe Iturriotz Medeak-eko kidea: «Goazen gure terminoekin besteak deseroso sentiaraztera».

Baina zer da estatu feminista? Nora darama trantsizio feministak? Joxan Artzeren Martxa baterako lehen notakkantatik abiatu zen Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoa: «Inor ez inor menpekorik; norbere buruaren jabe. Pertsona burujabeez osatutako eta baliabideen banaketa justuaz eraikitako gizartea litzateke». Aniztasuna gehitu zion Ana Murcia Garaipeneko kideak: «Ezin da abangoardia bakar, homogeneo, zuri eta erdiko klase batetik hitz egin. Trantsizio hori transfeminista eta multikulturala imajinatzen dugu». Zapalkuntzen zerrendara beste bat gaineratu zuen Eskisabelek: «Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko aliantza behar dugu: zapalkuntza naturalizatuak dira biak, eta antzekoa da kontzientzia hartzeko prozesua». Burujabetza feministaren ideia berreskuratu zuen Iraolak: «Prozesu indibiduala zein kolektiboa da». Ildo horretan, asmo makroetatik jardun mikroetara jauzi egiteko beharra aipatu zuten. «Ez dago iraultza egiteko era bakarra: bakoitzak bere lekutik egin behar du, norbere baliabideekin», esan zuen Iturriotzek. Norberetik hasi behar da kolektiboa lantzen, Murciarentzat: «Barruan dugun ni zapaltzaile hori ere auzitan jarri behar dugu». 

Eragin politikoa

500 emakume baino gehiago batu ziren atzo Ondarroan. Jendetzaren aurrean baikor mintzatu zen Goikoetxea: «Orain arte ezin genuen halakorik egin, ez geneukalako masa kritikorik. Orain asko gara, eta asko egin dezakegu». Ezkorrago jardun zen Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia: «Kezkaz begiratzen diot mugimendu feminista indartsu dagoela diotenei. Izan gaitezen zintzoak: zenbat erabaki politiko baldintzatu ditugu? Emakumeok, feministok, erabakigarriak izan behar dugu».

Erantsi zuen egungo «inboluzio» garaiak ideologizazioa ere ekarri duela berekin: «Pobrezian daudenak inoiz baino posizio egokiagoan daude eraldaketa eraikitzeko. Duela zazpi urte kristalezko sabaiaz hitz egiten genuen, eta orain oinarrizko eskubideen lapurretaz; gakoa da nola borrokatu lehengo hura aldarrikatu gabe». Baldintza materialak lortzeko estrategia eraikitzean, aliantzen beharra aipatu zuen: «Arazoa ez da estrategia desberdinak edukitzea, baizik eta kontrajarriak izatea. Ez dugu denean ados egon behar, baina proposamen feministak behar ditugu». Baina, zergatik feminismoa? Goikoetxeak erantzun zuen: «Proposamen integratzaileak egiten dituen mugimendu bakarra da; feminismoak balio du herri oso bat eraikitzeko».

topaketa_feministak_ondarroa_40

topaketa_feministak_ondarroa_43

topaketa_feministak_ondarroa_54

topaketa_feministak_ondarroa_30

topaketa_feministak_ondarroa_60

13 décembre 2014

Pariseko auzitegiak zigor luzeak jarri euskal militanteei

DSC_3060DSC_3063

DSC_3073Autobusarekin igo ziren familiarrak eta lagunak euskal militanteen entzutera.. Gaua arte goaitatu zituzten erabakiak. Auziperatuek azalpen sakonak eman zituzten gaurko demokraziaren aurpegia nolakoa den kontatuz. Epaileek entzun baina erabaki gogorrak eman. Frantzia ez da prozesuan sartu, ez eta euskal borrokaren ezagutza politikoa egiteko prest.

Parisko Krimen Auzitegiak eman du epaia. Hogei urteko zigorra Mikel Carrerarentzat, hamazazpikoa Marina Bernado eta Zigor Garrorentzat, hamabikoa Borja Gutierrezentzat, zazpikoa Iurgi Mendinuetarentzat, bostekoa Ibon Gogeaskoetxearentzat eta laukoa Oihan Barandallarentzat.

Joan den azaroan hasi zen Parisen ustezko zazpi etakideen aurkako epaiketa, bahiketa bidez armak eta lehergaiak lapurtzea egotzita. Epaiketaren hasieran, "militante politikotzat" jo zuten beren burua, eta Frantziako eta Espainiako estatuen jarrera kritikatzeaz batera, ETAren indarkeriak "biktima errugabeei" eragindako mina aitortu zuten.

9 décembre 2014

Ibon Iparragirre presoari egindako eraso berri bat salatu dute (Kazeta info)


Ibon Iparragirreren egoera salatzeko, Ondarroan egindako elkarretaratzea. Argazkia Jon URBE.

Iparra Galdu Baik plataformak Ibon Iparragirre euskal presoari Alcala-Meco espetxeko zaindariek egindako eraso berri bat salatu du. Iragarri dutenez, igande gauean, abenduaren 7an, larriki eri den Ondarroako presoak tratu txarrak sufritu ditu espetxeko zaindariengandik, etengabe piztua mantentzen den argia itzaltzea eskatu zuelarik.

Gogoratu behar da joan den azaroaren 25an Iparragirrek beste eraso bat salatu zuela espetxe berean. Garaian, euskal presoak adierazi zuen erizainatik egindako dei baten bidez beste preso batek erasotu zuela.

Espetxealdi arindua ukatua 
Joan den iraila bukaeran, eritasun larria duen Ibon Iparragirre euskal presoari espetxealdi arindua ukatuzion epaileak. Estatu espainiarrean eri diren presoentzat zigorra betetzeko manera arinagoa aurreikusten duen 100.2 artikulua ezartzea ez zuen onartu Jose Luis Castro epaileak. 
Larriki gaixo den presoa izanik libre behar zuen Iparragirrek, eta horixe eskatu dute bere herrikideek hainbat aldiz, baina Gobernu espainolak entzungor egin die eskaerei.

7 décembre 2014

Euriak isildu ez duen (2014-12-07 / Lander Muñagorri Garmendia)

Espainiako Konstituzioari uko egin eta independentzia aldarrikatu du Independentistak sareak Durangon.


Kultura eragileek ere parte hartu dute egun osorako prestatutako egitarauan
<b>Ehunka lagun elkartu ziren Durangoko erdiguneko kaleetan zehar atzo eginiko <em>martxa berdean</em>.</b>Ehunka lagun elkartu ziren Durangoko erdiguneko kaleetan zehar atzo eginikomartxa berdean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

 

«Publizitateak asko daki». Esaldi borobila bota zuen Ander Iturriotz soziologoak atzo Durangon (Bizkaia). Asko dakiela esan zuen, marketina independentzia eta sinbologiarekin uztartu delako maiz. Helburu bakar batekin: gero eta gehiago saltzea. Ikea aipatu zuen lehenbizi: «Nire etxeko errepublika independentea aldarrikatu zuenean bazekiten nola saldu». Independentzia indibidualista izan arren, haren esanetan. Gogora ekarri zuen Peugeot konpainia ere, «Frantziaren ikur dena». Berriki, eskualde ugaritako banderak erabili dituzte «auto gehiago saltzeko» marketin ikuspegi batetik. Ikurrina tartean. «Frantziako Iraultzaz geroztik ez dute batasunik lortu, eta hori ondo dakite autoak saldu nahi dituztenek ere». Horregatik, independentzia salmentarako tresna gisa erabili izana salatu zuen. Horregatik, marketinetik gutxi zuen haren jarrerak. Euskal Herriaren merkantilizazioa alboratu baitzuen.


Testuinguru jakin batean egin zituen adierazpen horiek Iturriotzek. Jaieguna zen atzo Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioa onartu zeneko 36. urteurrena baitzen. Baina ospatzekorik gutxi zuen hark, eta baita beste milaka pertsonak ere. «Espainiako Konstituzioa ospatzera behartu nahi gaituzte gaur [atzo], baina guk ez dugu ospatzen, horrek gure izaera eta eskubideak urratzen dituelako». Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramailearen adierazpenek argi erakusten zuten euren jarrera. Horregatik, Euskal Herriaren eta munduko herrien askatasunaren aldeko ekitaldiak egin zituzten egun osoan. Eta, horregatik, ospakizun ekitaldien ordez, manifestazioa egin zuten Durangoko kaleetan zehar. Urtero legez. Marketinik gabe, baina sinbologia ugari erabiliz. Hori guztia, aldarrikapen argi bat egiteko: Euskal Herriaren independentzia.

Independentzia oihua behin eta berriro entzun zen. Arratsaldean euripean abiatu zen sareak antolatutako manifestazioa, eta behin eta berriro entzun ziren independentziaren aldeko aldarriak bildu ziren milaka pertsonaren eztarrietatik. Landakotik abiatu zen martxa, euskal liburu eta disko azoka egiten den tokitik, eta, herrian mobilizatu ondoren, abiapuntura itzuli ziren berriz ere. Manifestazioan ateri eutsi zion eguraldiak, baina amaiera ekitaldiarekin batera amaitu zen eten hori.

Kultura eragileen babesa

Espainiako Konstituzio egunaren harira Independentistak sareak Durangon egiten duen mobilizazioa ohikoa bihurtu da azken urteetan. Horregatik, hain zuzen ere. Erdigune mediatikoa liburu eta disko azokan dagoelako, eta kultura arloko eragileak ere bertan daudelako. Hala azaldu zuen Ariznabarretak: «Independentziaren bidean urratsak behar dira estatu horren sormen formalean. Sektore ezberdinak ari dira egunero horretan lanean, eta hor kultura munduko pertsonek ere parte hartu behar dute». Izan ere, etorkizuneko estatu horren eraikuntzan ezinbesteko giltza moduan hartu du kultura.

Kultura arloko pertsona horiek daukaten garrantzia dela eta, Independentistak sareak atzo antolatu zituen ekitaldi ugaritan aurpegi ezagunek ere parte hartu zuten. Arratsaldeko ekitaldian, esaterako, Jose Luis Otamendi poetak Iritsiko da eguna irakurri zuen, eta Iturriotz bera Euskal Idazleen Elkarteko zuzendari ohi gisa joan zen. Baina ez ziren nahi beste aurpegi ezagun igo oholtzara. Lain taldeak amaiera ekitaldian kantatu behar zuen, baina eguraldiak eragindako oztopo teknikoak zirela medio, bertan behera geratu zen emanaldia.

Goizean ere, beste hainbeste. Durangoko hainbat txokotan ekitaldiak egitekoak ziren, baina, azkenean, elizako aterpean egin zuten denek bat. Banatuta egin behar zuten ekitaldia batuta egin zuten azkenerako. Bertan izan ziren, esaterako, Itziar Ituño aktorea, Nafarroa Kantu taldea, trikitilari eta txistulariak, eta beste hainbat kultura eragile. Hori dela eta, ekitaldiak ez zuen «esperotako oihartzunik eduki», antolatzaileen arabera.

Oztopoak sortu zizkien eguraldiak, baina hori ez zen oztopo izan Independentistak sarearen mezua zabaltzeko garaian. Halaxe azaldu zuen Ariznabarretak: «Kultura zutabea da gure estatuaren eraikuntzan. Geure kulturak egiten gaitu herri, eta hausnarketa hortik joatea nahi dugu».
2 décembre 2014

Suediak 4 presondegi hesten ditu

images

Suediako arduradun politikoek lau presondegiren hestea erabaki dute preso kopurua txikitu delako. 10 milioi herritar baino gutxiagorentzat 5000 baino preso gutxiago daude. Prebentzioa eta erreabilitazioa dira krimenen kontrako politikaren oinarria. Estatu frantsesean presondegiak lepo eta gainezka direlarik interesgarria da ikustea presondegiratze baino beste politikak lantzen direla. Frantses gobernuen porrotaren froga dugu hemen, Taubira anderea justiziaren buru delarik ere.

http://www.infobae.com/2013/11/11/1522986-por-falta-presos-suecia-cierra-sus-carceles

24 novembre 2014

Lagun asko gaurko saioan Pariseko epaitegian

preso

Aste hauetan zehar epaitzen dituzten militanteek sostengu ederra jaso dute goizean  familiar eta lagun talde baten presentziarekin. Bihar Garikoitz Garroren urtebetetzea izanen dela eta zorionak kantatu dizkiote eta berrogei bat laguni besarkada emateko aukera izan du. Une oso hunkigarria izan da lekeukoen araberan.Epai mahaiaren presidenteak ez du trabarik ematen eta dena ongi gerta dadin saiatzen ari omen da. Ez da baitezpada berri ona, baliteke kondenak prest izatea eta gaineratekoaz paso egitea. Laster entzunen ditugu epaileen zigorrak, une horretan aterako ditugu ondorioak.

2 novembre 2014

Arrankudiaga eta Zolloko galdeketa

Arrankudiagako herritarren %61,59k bozkatu egin du gaurko kontsultan.Emozio asko herritarrendako, behingoz independentziri buruzko duten iritzia eskatzen baitzitzaien: Lehen aukera, parte hartzeko prest egon dira adin guztietakoek. Hamasei urte izan behar zen iritzia emateko. Gazteen iritzia ere kontutan hartu da. Bihar jakinen dugu emaitza ofiziala. Begiraleetan zeuden EHUko irakasleak diren Asier Blas Mendoza eta Ramón Zallo Elguezabal, Xabier Sainz de la Maza  eta Oscar Sánchez Setién abokatuak. Oso giro alaia egon da, joaldunak eta musikariak, aizkolariak eta pilotariak. Independentistak sareak ere deia zabaldu zuen galdeketan parte hartzera. 450k independentziaren alde bozkatu dute, aurka 13kDSC_1

DSC_2

DSC_3

DSC_4

DSC_5

29 septembre 2014

Ibon Iparragirre preso gaixoari ukatu egin diote zigorra etxean betetzeko eskaera

ibon ipar

Navalcarneroko espetxean da preso ondarrutarra. Etxeratek bere azken txostenean azaldu zuenez, Hiesa C fasean eta orbana burmuineko ezker lobuloan ditu, eta azken horrek ikusmen galera eta beste funtzio kognitibo batzuen kaltea dakar. Ekainean Ondarroan aske uzteko eskatu zuten manifestazio batean.

 

Presoak zigorra etxean betetzeko eskaera egin zuen 100.2 artikuluan oinarrituta baina Jose Luis de Castro epaileak ukatu dio hori. Eusko Legebiltzarrak ere ekainean aske uzteko eskatu zuen. Une honetan bakartuta dago presoa, ekainean espetxe barruan eraso bat jasan ostean. Hiru hilabeterako neurria zela iragarri zuten.

Atxiloketa "ulertezina"

Lehen aldiz 2010ean atxilotu zuten Iparragirre. Orduan salatu zuten kartzelan igarotako denboran osasun arazo larriak izan zituela: "Kartzelako muturreko bizi-baldintzek Ibonen bizitza arriskuan jarri zuten". 2011ko urriaren 17an aske utzi zuten eta etxean egon zen.

Aurten, ordea, berriro atxilotu zuten. "Ulertezina zaigu Ibonen atxiloketa, eta gure kezka adierazi nahi dugu berriz ere Ibon espetxeratzeak bere osasunean ekar ditzakeen kalteengatik", salatu zuten bigarren aldiz atxilotu zutenean. Basaurin egon zen lehenik baina gero urrundu egin zuten.

Aurreko astean Ventura Tome aske geratu ondoren, une honetan hamar dira espetxean larri gaixo dauden euskal presoak:

Txus Martin Hernando (Basauri): Zaballa. 1960. urtean jaioa. 2002an atxilotua. Nahasmen eskizo-afektiboa, delirio osagarriarekin. Bakartua dute.

Josetxo Arizkuren Ruiz (Iruñea): A Lama (A Coruña). 1958an jaioa. 1999an atxilotua. Kardiopatia iskemiko larria. Kateterismoa: stent bat hodi batean.

Jose Ramon Lopez de Abetxuko Likiniano (Gasteiz): Villabona (Asturias). 1949an jaioa. 1989an atxilotua. Bradikardia sintomatikoa. Fibrilazio aurikularra. Prostatako adenoma.

Inma Berriozabal Bernas (Zegama/Elorrio): A Lama (Pontevedra). 1951n jaioa. 2009an atxilotua. Psoriasi artropatia, diabetesa (DM-II), diabetes oina, hipertentsioa, azkazaletako psoriasia, asma bronkiala, belaunetako protesia.

Gari Arruarte Santa Cruz (Hernani): Almeria. 1980an jaioa. 2003an atxilotua. Espondilitisa.

Iñaki Etxeberria Martin (Iruñea): Topas (Salamanca). 1964an jaioa. 1996an atxilotua. Eboluzio luzeko miopia magnoa dauka. Eskuineko begiko erretina hemorragia, ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko afakia.

Aitzol Gogorza Otaegi (Errenteria): Basauri. 1975ean jaioa. 1999an atxilotua. Nahaste obsesio konpultsioa. Bakartua.

Jose Miguel Etxeandia Meabe (Larrabetzu): Topas (Salamanca). 1960an jaioa. 2003an atxilotua. Nahaste obsesibo konpultsiboa, C hepatitisa.

Ibon Fernandez Iradi (Hernani): Lannemezan (Frantziako Estatua). 1971n jaioa. 2003an atxilotua. Esklerosi anizkoitza.(Berria)

23 novembre 2014

«Ukazioaren egunetik», independentziaren egunera (Berria)

aberrieguna2014

Egun osoko egitaraua prestatu du Independentistak Sareak abenduaren 6rako, Espainiako Konstituzioaren egunerako, Durangon

Abenduaren 6a —Espainiako Konstituzioaren Eguna— independentziaren aldeko egun bihurtu nahi du Independentistak Sareak. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu du, Durangon (Bizkaia), euskal liburu eta disko azoka dela-eta hara joango direnentzat. Horrekin batera, manifestazioa deitu du Gero eta gehiago, gero eta ozenago, independentzia lelopean. Landako gunetik abiatuko da «martxa berdea», 18:00etan.

Leku horretan bertan eginiko prentsaurreko batean eman dute mobilizazioaren berri. Independentistak Sareko kideek gogoratu dutenez, duela 36 urteko abenduaren 6an onartu zuten Konstituzioa Espainiako Gorteetan, «herriaren gehiengoaren borondatearen aurka» eta «era antidemokratiko» batean. Ordutik jaiegun ofiziala da Hego Euskal Herrian ere. Independentistak Sarearen iritzian, «inposatutako ikur» bat da jaiegun hori, «Espainiako Konstituzioa den bezalaxe». «Euskal Herriari bere naziotasuna eta etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea ukatzen dion konstituzio arrotza ospatzera behartu nahi gaituzte era iraingarrian», salatu dute .

Hori hala, urtero legez, sareko kideek dei egin dute egun horretan, Espainiako konstituzioa ospatu beharrean, «Euskal Herriaren askatasuna» aldarrikatzeko: «Gure etorkizuna askatasunean eraiki nahi dugula adieraziko dugu. Independentzia aldarrikatuko dugu. Horixe da, gure ustez, inposizioari eta ukazioari erantzuteko erarik onena», esan dute.

Kultur eragileen inplikazioa

Independentistak Sareko kideek Durangoko euskal liburu eta disko azoka baliatu nahi dute euren aldarrikapena zabaltzeko. Azpimarratu dute azokaren «filosofia eta ezaugarriekin» bat egiten duen mobilizazioa antolatu dutela, eta «euskara, kultura eta sormen munduko» lagunen parte hartzea lortu dutela. «Eurak izango dira protagonistak egingo diren ikuskizun eta animazioetan, eta arratsaldeko martxan».

14 novembre 2014

Urruñarra dugun Gipuzkoako sailburua den Helena Francoren elkarrizketa interesgarria berrian

"Txikiak izanik ere, min eman diegu botere politiko eta ekonomikoei"

Gipuzkoako Ogasun Saileko arduradunak bi ardatz nabarmentzen ditu 2015eko aurrekontuak aletzean; gizarte politiketan egindako inbertsioa eta zorpetze mailaren mantentzea.
Ogasun sailean aplikatu duen zorroztasuna eta erabakitasuna igartzen zaio hitz egiten duenean ere. Helena Franco Ibarzabal (Getxo, 1967) segurtasunez mintzo da aurkeztu berri duten aurrekontu proiektuaz, baina baita azken urteotan bertan behera utzi behar izan dituen egitasmoez ere. Baikortasunez begiratzen dio etorkizunari, berak gobernutik sustatu dituen politika ekonomikoak gailenduko direla uste baitu.

 

Zeintzuk dira 2015eko aurrekontuen ardatz nagusiak?

Lehenik eta behin, aurrekontu proiektu hau ulertze aldera, nabarmendu beharra dago zerga bilketaren bilakaera pixka bat hobea izan dela, aurreko urteekin alderatuta. Horrek baliabide handiagoak eman dizkigu aurrekontuak osatzeko. Proiektua bere osotasunean hartuta, %2,79ko igoera ikus dezakegu, baina, zehazki, departamentuek gastatzeko duten poltsa are gehiago hazi da: %5,1. Hobekuntza nabarmena da hori, eta herritarrek nabarituko dute, gastuan eta inbertsioan.

Hitz egin dezagun gastuaz. Zertan inbertitu nahi duzue nagusiki?

Egia esan, esparru honetan ere nekez aurkituko duzu berritasun handirik. Finean, legealdi osoan izan ditugun ardatzak indartzea izan da gure egitekoa. Eta, ardatz horien artean, gizarte politikaren aldekoa izan da gure apustu garbiena. Iaz baino 10 milioi gehiago bideratu ditugu sail horretara, gastuen %48. Diru horrekin, besteak beste, 135 plaza berri zabalduko dira zahar etxeetan edota desgaitasunak dituzten pertsonak artatzeko zentroetan. Menpekotasunerako diru laguntzak ere zabalduko ditugu, jasotzaile gehiago sar daitezen.

Eta, gizarte politikaz gain, zeintzuk dira indartuko diren sailak?

Adibidez, zazpi milioi euro gehiago erabiliko ditugu autobus zerbitzua sendotzeko eta zabaltzeko. Jakina denez, parte hartzeko prozesu bat abiatu zen, eta, horren barruan, eskualdeetako herritarrek esan zuten zeintzuk ziren indartu beharreko lineak eta ordutegiak. Bada, horretan oinarrituta egin dugu proposamena.

Beste apustu garrantzitsu bat Pasaiako badia biziberritzeko egitasmoa da. 27 milioi jarriko dira urte anitzeko plan batean, eta helburua da bertoko herritar, eragile nahiz erakundeekin adostea ingurune horrek behar dituen estrategiak eta neurri zehatzak. Proiektu hori funtsezkotzat jotzen dugu. Bestalde, aipagarria iruditzen zait Ogasun sailaren diru saila handitu egin dela; batez ere, iruzurraren kontrako borrokan apustu handia egin baitugu, baliabide teknologikoen hobekuntzan. 18 milioiko plana ondu dugu alor horretan.

Beraz, aurretik indarrean ziren irizpideak mantendu dituzue...

Bai, koherenteak gara.

Baten batek esan dezake aurrekontu kontinuistak direla.

Kar, kar! Bai, seguru asko, kontinuistak izatea leporatuko digute oposizioko batzuek. Etengabe aldatzera ohituta daude, antza. Guk pentsatzen dugu irizpide koherente bat dugula: analisi bat egin genuen bere garaian, eta, horren arabera, proposamenak egin eta konpromisoak hartu genituen. Nire ustez, proposamen horiek gauzatzeko denbora behar da, eta horretan ari gara orain.

Aurrekontu proiektuaren aurkezpenean nabarmendu zenuten faktoreetako bat zorpetze maila mantendu izana da.

Bai. Kasu honetan ere, legealdi osoan mantendu dugun irizpideari eutsi diogu; hau da, mailegu zaharrak amortizatzen ditugun neurrian soilik kontratatuko ditugu mailegu berriak. Irizpide horri esker, ez dugu zorra handitu, mantendu egin dugu aldundira iritsi ginen garaiko zorpetze maila, hori izan baitzen gure konpromisoa.

Zorra ez duzue murriztu, hala ere...

Ez, baldintza ekonomiko objektiboek ez dutelako horrelakorik ahalbidetzen. Momentu honetan, kreditu bat ordaintzeko unean, tokatzen zaiguna baino gehiago ezin dugu pagatu. Baina, behintzat, zorra ez dugu handituko, gure ustez, sektore publikoa nahiko zorpetua dagoelako jada. Alor publikoa defenditu nahi dugu, etorkizuneko perspektiba batekin.

Zor publikoa murriztea lortuko al da?

Zorpetzea jaitsi beharko da, bai, baina, horretarako, ohiko diru sarrerak (zergetatik datozenak, batez ere) handitu beharko dira. Eta bi bide daude horretarako: zerga erreforma eta egoera ekonomikoaren egonkortzea. Hain zuzen, baliabide gehiago lortzea ahalbidetuko zuen zerga erreforma abiatzea izan zen gure apustuetako bat, baina PSEk, PPk eta EAJk ito egin zuten aukera hori, kontrarreforma fiskala sinatu zutenean. Hala ere, helburua ez dugu alboratu, eta horren alde borrokatuko gara etorkizunean ere.

Martin Garitanok esan du aurrekontu proposamena beste indar politikoekin negoziatzeko garaian ez diola ezein alderdiri lehentasuna emango. Hala ere, ideologikoki hurbilago egongo zarete batzuengandik besteengandik baino...

Oraingoz esan dezakegun gauza bakarra da PP jada desmarkatu egin dela. Esana dute osoko zuzenketa aurkeztuko diotela aurrekontu proiektuari, kontu hauek Gipuzkoa galbidera eramango dutela, katastrofikoak izango direla... ohiko diskurtsoa. EAJri eta PSEri dagokionez, berriz, oraintxe hasi gara haiekin hitz egiten, eta, beraz, oso goiz da ondorioak ateratzeko. Urteroko kontua da, dena den. Duela hiru urte, jeltzaleekin lortu genuen akordioa; orain dela bi urte, sozialistekin; iaz EAJrekin berriz... Nire ustez, negoziazio bideek zabalik dirauten bitartean, aukerak izango ditugu batzuekin zein besteekin. Ikusiko dugu hartu-eman horrek zer fruitu ematen dituen.

Azken txanpan sartu da agintaldia, eta ez zara hurrengo gobernuan izango, zuk hala erabakita. Faboritorik ba al duzu Ogasun diputatu izateko?

Kar, kar! Ez, benetan, ez dut izen konkretuetan pentsatu. Ongi prestatutako jende asko dago, baina ez dut hautagai kutunik.

Pozik al zaude agintaldian egindako lanarekin?

Bai. Gobernu honek, oro har, erakutsi du existitzen dela gobernatzeko beste modu bat. Botereguneetatik kanpo ere badagoela gobernatzerik. Eta boteredunek gure kontra mantendu duten kanpaina erasokorra izan da horren guztiaren froga nagusia. Fortuna handien gaineko zerga, adinekoen egoitzetako langileen lan baldintzak mantentzeko apustua, hondakinen kudeaketarako eredu berria, errauskailuak geldiaraztea, kontratuen kudeaketan egin diren aldaketak gardentasuna bermatzeko... Neurri asko hartu dira, eta eraso bortitzak pairatu ditugu horregatik. Horrek adierazten du bide berri bat urratzen ari garela. Eta bide hori indartu behar dela, herritarrak gurekin badaude, betiere.

Ogasun sailari dagokionez, fortuna handien gaineko zerga nabarmendu duzu. Hori izan al da zure lorpenik handiena?

Lorpen bat izan da, bai. Ekarpen handia, zergen eztabaida publikoan. Eta aitzindaria izan da, ez Gipuzkoan bakarrik, baita Espainian eta Europan ere. Oso harro egoteko moduko egitasmoa izan da. Bagenekien arrisku handiko apustua zela, baina, hala ere, merezi zuela legearekin aurrera egitea. Aberastasuna, gero eta gehiago, gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari den honetan, zer-nolako gizarte eredua nahi dugun argi eta garbi erakusten du halako legeak mahai gainean jartze hutsak.

Porrotak eta bertan behera gelditutako proiektuak ere izango zenituzten lau urte hauetan...

Guretzat, pena handiena izan da kontrarreforma fiskalak hainbat asmo zapuztu dizkigula. EAJk, PPk eta PSEk sinatutako zerga itun horrek muga asko jarri ditu sozietateen gaineko zergaren alternatiba bat egiteko. Mozkinak dituzten enpresa handiak zergapetuko lituzkeen legearen kontrako akordioa da, funtsean.

Etsai asko egin dituzu kargu honetan?

Bai, botere ekonomiko-politikoa izan da gure aurka egon dena agintaldi osoan. Orain modan dagoen kasta hitzarekin defini daitekeen hori: botere ekonomikoari men egiten dion sektorea. Eta gu kasta ez garenez... Gure xumetasunean eta txikitasunean, min ematen diegu.

Hankak moztu dizkizuetela sentitu duzue?

Bai, baina baikor gara oraindik, etorkizuna bide horretatik etorriko dela uste baitugu. Euskal Herrian gizarte eta ekonomia aurreratuak nahi baditugu, sektore publiko indartsu bat beharko dugu, eta hori ahalbidetuko duen zerga politika egoki bat aplikatu. Beraz, une honetan hainbatek geldiarazi nahi duten zerga politika berri hori besarkatu beharko dugu noizbait. Europa iparraldeko herrialdeak eredutzat jotzen dituzte askok, han dituzten baldintza sozialak eta lehiakortasun ekonomikoa direla-eta. Baina zer dago horren atzean? Zerga bilketa handi batean oinarritutako sektore publiko indartsu bat.

Eta benetan uste al duzu inoiz aplikatuko dela eredu hori Gipuzkoan?

Gu oso baikorrak gara. Indar korrelazioa aldatu egingo da Batzar Nagusietan, ezkerrera, eta orain zapuztu dizkiguten proiektuetako asko onartuko dira. Espero dezagun aldaketa hori beste herrialde batzuetara ere hedatzea.

Gerta daiteke, hala ere, zuek gobernutik ateratzea. Hartutako erabaki asko indargabetuko lituzke gobernu berriak?

Ikusiko dugu sortzen diren gehiengoak. Badirudi ezkerraren aldeko mugimendua bizi-bizi dabilela eta hainbat erakunde ezkerrera lerra daitezkeela datozen urteetan. Beraz, gu gobernuan egon ez arren, ezkerreko gehiengo bat izan dezakegu Batzar Nagusietan, zerga politika berri bat ezartzeko. Hala ere, seguru nago gobernuan egongo garela.

Eta ezkerreko gehiengorik sortzen ez bada?

Bada, beste esparru batzuetan borrokatu beharko dugu. Finean, erakundeak eta herritarrak elkar hartuta joan behar dute. Etorkizun aurrerakoiago, modernoago eta justuago baten aldeko borroka toki askotan egin daiteke. Eta egingo dugu.

Partida, Gipuzkoan eta Euskal Herrian ez ezik, Madrilen ere jokatuko da. Zein da Espainiako Gobernuarekiko harremana?

Argi dago Madrilgo gobernuak gero eta asmo zentralizatzaile garbiagoa duela. Eta ez soilik uko egiten diolako eskumen berriak emateari, baizik eta egungo eskumenen urraketa etengabea delako. Gipuzkoako lurralde historikotik bakarrik nekez aurre egin dakioke oldarraldi horri, eta, berez, ezinbestekoa da planteamendu bateratu bat. Guk planteatu dugu EAEko hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, gutxienez, elkarrekin joan behar dugula Madrilera, kupoaren negoziazioa edota BEZari lotutako gaiak eztabaidatzeko. Finantza kontseiluaren barruan batzorde bat sortzeko proposamena ere egin genuen otsailean. Urrian onartu zen, baina oraindik ez da bilera bakar bat egin, eta ez da guk nahi izan ez dugulako. Gu prest gaude, askotan herri gisa erantzun behar zaielako erasoei.

13 novembre 2014

EPPK-ko presoek kexak aurkeztuko dituzte, sakabanaketa salatzeko

preso

Sakabanaketak giza eskubideak urratzen dituela salatzeko, Espainiako Auzitegi Nazionalean idatziak aurkezten hasi dira jada, Radio Euskadik jakinarazi duenez. 50 preso inguruk joko dute bide horretatik, eta, euren eskubideen urraketa salatzeaz gain, Euskal Herrira ekartzeko eskatuko dute

Radio Euskadik eman du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen erabakiaren berri. Lehen aldia izango da presoek bide horretatik joko dutena. Jose Luis de Castro Espetxe zaintzako epailearen aurrean salatuko dute presoen sakabanaketa.

Lehen fasean, 50 preso inguruk aurkeztuko dute kexa, bakarka. Nork bere eskaria aurkeztuko du, kasu pertsonala azalduz eta zein giza eskubide urratu zaizkion adieraziz. Sakabanaketa salatzearekin batera, Euskal Herriko espetxe batera lekualdatzeko eskatuko dute. Aurrerago litekeena da preso gehiagok erabiltzea bide hori.

EPPK-k orain arte erabili ez duen baliabide bat izango litzateke. Iazko abenduan, EPPK-k jakinarazi zuen "lege baliabideak" erabiliko zituela "etxeratzeko" bidean. Martxoan hasi ziren eskaera horiek aurkezten, baina ezezkoa jaso dute.

Presoen urratsak "babestu" eta "lagundu" behar direla dio EH Bilduk

Agerraldia egin du EH Bilduko Julen Arzuaga parlamentariak, euskal presoen urratsa baloratzeko. Adierazi duenez, oraingo erabakia iazko abenduan EPPK-k egindako adierazpenaren ondorio zuzena da. Alde horretaitk, presoak "emandako hitza betetzen" ari direla nabarmendu du Arzuagak. Gainera, era horretako pausoak politika eremutik "babestu" eta "lagundu" behar direla esan du. Era berean, presoen sakabanaketa salatu du, "indarkeria, sufrimendua eta mina dakarren inposizioa" delako. Bertan behera uzteko deia egin du, "herri honen gehiengoak" hala eskatzen duelako.

12 novembre 2014

Lurralde antolaketaren bosgarren mapa

Ekainetik honera bosgarren mapa aurkeztu dute diputatuek. Ematen du azkena da burugainera eroriko zaiguna, Behintzat gurekin erabakiko dutena. Sekulan baino erregio handiagoan kokatzen dute Ipar Euskal Herria. Lotzen dute kultur arrunt desberdina duten lurraldeekin, estatuan integrazioa behartzeko, asimilazioa bultzatzeko. Ez dugu bide horretatik gauza handirik irabaziko.Infographie-regions-cinq-cartes-en-quatre-mois

12 novembre 2014

XILABA finala Baiona azaroaren 15an

silaba

Urriaren 4an Muskildin abiatu zen Silabaz Xilaba, datorren larunbatean azaroaren 15ean iritsiko da Baionako helmugara... Bertan jokatuko den Finalean Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Ramuntxo Christy, eta Xumai Murua bertsulariak neurtuko dira. Joana Itzaina arituko da gai-emaile Baionako Lauga gelan. Epaile lanetan Eneko Bidegain, Beñat Soulé, Lierni Elorza, Joakin Arregi eta Erik Etxart izanen dira bertsularien lanak neurtzeko ardura ukanen dutenak. Eta aurten, Txomin Ezponda bertsulari baxenabartarrak jantziko dio xapela xapeldun berriari.Saioa 17:00etan hasiko da.

Finalean bi herritar egonen dira, Sustrai Kolina eta Odei Barroso. Biak, bertsolari handiak, aukera guztiak dituzte sailkapen ederra egiteko, hor izanen gara bertso ederrak entzuteko. Hain preziatuak diren bertsolarien alde zertxobait gehiago egitea nahi genuke herrian, adibidez elkarteen diru laguntza aztertzen delarik, orai arte ematen den diru pizar horiek baino gehiago ematea bertsolariak sortzen aritzen den Bertsolarien lagunak elkarteari.

12 novembre 2014

LAB larunateko mobilizaziora deitzen Hendaian

lab

Frantses estatuan kolektibo bat sortu da Austeritatearen kontra "3 A" deitzen dena. Duela egun batzuk deitu gaituzte PCF-ekoak jakiteko ea LAB-ek parte hartu nahi zuen holako dinamika batean.

Gure ustez holako dinamikak guztien artean hitz egin behar dira eta ez egina izan den moduan bainan ala ere, deitu gaituzte behingoz.

Saiatzea aurrera begira elkarlanean aritzea, inportantea delako,

Erabaki dugu deitzea antolatzen duten hitzordura (Larunbata 15an, goizeko 11etan  Hendaiako Herriko Etxea aintzinean).

9 octobre 2014

Estatu frantsesak sei urteko espetxe zigorra ezarri die Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranbururi

preso

Estatu frantsesak sei urteko espetxe zigorra ezarri die Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranbururi

Estatu frantsesak sei urteko espetxe zigorra ezarri die Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu euskal presoei, ETAko militante izatea leporatuta.

Parisko Auzitegiak sei urteko espetxe zigorra ezarri die Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranbururi, ETAko militanteak izatea egotzita. Horrez gain, zigorra bete ostean Estatu frantsesetik kanporatuak izan daitezen agindu du eta 1.500 euroko isuna ezarri die ustez 2011 lapurtutako auto baten jabeari ordainetan.

Gurrutxaga eta Aranburu 2012an atxilotu zituen Polizia frantsesak Mont-de-Marsanetik gertu dagoen herri batean, Caunan.(Naiz)

6 novembre 2014

«Haurrek euskara ikasteko, murgiltzea da eraginkorrena» dio G. Poulouk (Berria)

images

Murgiltze sistema egokia dela onartu du Poulouk. Euskararen alde anitz egin duela ere nabarmendu du: ez dela euskaldunen aurkakoa eta, oro har, ikastolaren alde dela; baina ez du soluziorik Ziburuk ikastola bat ukan dezan hiri barnean.

Hitz egiteko denbora hartzeko prest. Azeri zaharra da Guy Poulou (1940, Ziburu, Lapurdi). Prest da ados izateko, bere ideia baldin bada ontzat hartzen; hau da, Zaldi Xurito auzoan autobidetik hurbil dagoen Etxebizitzaren Aldeko Langile Batzordearen (COL) eraikuntzara badoa ikastola. Behar den bezalako hitzarmena izenpetu eta behar diren obrak egiteko prest da. «Atea irekia» dute. Proposamen horretara dator behin eta berriz elkarrizketan. 

Parez pare ikastola eta eskola publikoa; bietan Ziburuko haurrak. Bat, berritua, eta bestea, prefabrikatua. Eta elektrizitatea moztu diezu. Bi izari daude, ez?

Hasteko, ikastolan ez dira guztiak ziburutarrak.

Ez zaizu iruditzen haur batzuek beste batzuek baino eskubide gehiago dituztela?

Bai, baina batzuk eskubiderik gabe daude hor, eta besteak, eskubide osoz. Auzitegiak joateko errana die.

Haur baten ikuspegitik, elektrizitatea moztu dien auzapeza zara.

Ziburutarrei ere kontuak eman behar dizkiet.

Baina ez haur horiei?

Ez, horiei ez.

Zergatik?

Ziburutar anitzek sostengatzen nautelako. Ez dudala amore emanen, hori espero dutela erraten didate. Goiz honetan bertan [herenegun] bik deitu dute erranez ez zutela jasaten generadorearen harrabotsa. Joan gara begiratzera, eta ez du hainbeste harrabots ere egiten. Pixka bat puztu dute.

Zure ustez, zer egin beharko litzateke euskararen alde? 

Duela lauzpabost urte Bai Euskarari Ziburun plantan ematen lagundu nuen; lekuko da sarrerako bide seinaleko ikurra. Niretzat, euskara, iraunkortzeko, familian mintzatu behar da. Eskolatik kanpo ez bada mintzo, eroriko da.

Auzapez gisa zer egiteko prest zara?

Berehalakoan ez dut soluziorik. Eta EEPk eman estatistikak ez dira biziki baikorrak. Zerbait egitekotan, beharbada, jendeak euskaraz mintzatzera behartu beharko lirateke? Herriko etxean panel elebidunen jartzen ari gara. Langile batzuek euskara mintzo dute, harrera gunean, polizian, bulegoetan. Euskara jendeen artean mintzatuz aitzinatuko da.

Eta Ziburun ikastola bat izanez?

Bai, zergatik ez. Aitortzen dut murgiltze sistema dela molderik seguruena haurrek euskara ikas dezaten.

Horrelako diskurtso batekin nola da posible egoera hain blokeatuan izatea?

Zergatik dagoen blokeatze hori? Egoera zail batera iritsi garelako.

Errana duzu herriko etxe batek ez duela betebehar legalik ikastolari begira, baina betebehar moralik ba ote du?

Nagoen tokitik ez dut betebehar moralik sentitzen Seaskako arduradunei begira.

Ikastolako haurrei begira?

Bai. Ari gara pentsatzen nola egin argi kontu horrekin. Ez dugu suerterik: euria hasi du, eta hotz egiten hasi da... Baina beren aldetik soluzio bat aurkitu dute, generadorearekin. Baina bai, zaila da pixka bat. Ikusiz, gainera, kanpoko tenore denboran ikusiko ditugula eskola publikoko haurrak jostetan beren jokoetan eta, eta ikastolakoak hesiaren bestaldean. Haiei begira jarriko dira, seguru. Baina zer egin dezaket?

Zuk diezu moztu elektrizitatea. 

Bai, baina behar genuen. Berogailuak piztu behar dira. Alimaleko eskola daukagu, eta elektrika linea doi bat justua.

Administrazio auzitegira zuk dituzu bidali.

Baina ez berehala. Uztailaren 4an bukatu da kontratua. Irailaren lehenaren zain egon naiz. Eta gutun andana bat bidali diet, ohartaraziz laster bururatuko zela kontratua. Proposamen batzuk egin dizkidate, xelebreak. Nik auzo horretakoa daukat. Baina hor blokeatze bat dago; Seaskako ardu radunen partetik, ene ustez. Horren gibelean, nola erran... hautu politiko bat bada. Joan den martxoko hauteskundeetan boz-emaileek hautatu ninduten, Ziburu Bizi zerrenda abertzalearen aurka nintzela, sozialistekin elkartu zena.

Hain zuzen, batzuek diote agian mendeku gogoz zaudela abertzaleak eta sozialistak bigarren itzulian elkarrekin aurkezteagatik. 

Ez, batere ez. Ez dira jende berak. Eta adiskideak baditut Ziburu Bizi zerrendan, zerrendakoen guraso batzuk. Ez da mendekurik. Egokia zaielako diote hori batzuek. 

Auzapez kargua lortu duzu geroztik. Ez ote duzu erran ziburutar guztien auzapeza izanen zarela? 

2003-2004an, Seaskako burua Michel Etxeberri zen. Adiskidea dut. Harekin dut egin Piarres Larzabal kolegioa. Arau-hauste batzuekin, garai hartan; ez dizut erraten zein heinetakoak... Eta segitzen dugu horren laguntzen diruz. Horrez gain, murgiltze sistema proposatzen duen Luma haurtzaindegia herriko etxearen lokal batean sarrarazi dut, diru laguntzekin. Bestalde, badugu Donibane Ziburuko ikastola Donibane Lohizunen. Ziburuko 31 haur daude, eta diruz laguntzen dugu. Ez da, beraz, euskararen aurkako diskriminaziorik. Testuinguru antieuskaldun batean bagina, ez genituzke lagunduko.

Ziburun ikastola balitz, Ziburura jiten ahalko lirateke 31 horiek.

Ez dakigu zein bilakaera izanen duen kontu honek. Baina bai, ahalko lukete.

Ez ote da haien eskubidea beren herrian ikasi ahal izatea?

Gure eskoletara ere jiten ahal litezke; %50 euskaraz lukete.

Erran berri duzu murgiltze sistema dela hoberena zure iduriko. 

Bai, hala uste dut. Eraginkorrena izan dela iruditzen zait.

Beraz, ikastolaren beharra ulertzen duzu. 

Bai. Baina ezin dut deus hitzeman.

Gaurko egun, bi aldeen artean ez duzue hitz egiten; itxaropenak, nondik?

Pentsatzen dut beste zerbaiten bila dabiltzala. Gure aldetik behin-behineko soluzio batzuk izan genitzake, baina ez dut gehiago horrelakoetara engaiatu nahi, hitza jaten dutelako. Eta, gero, badago larunbateko manifestaldi hori... Durango eta Donostian egin baitute deialdia. Itxura guztien arabera, autobusak etorriko dira. Ez dut eskatu manifestaldia debekaraztea; manifestatu nahi badute, aske dira.

Manifestaldia jendetsua izateak lagunduko ote du zu konbentzitzen?

Badakit nondik etorriko diren. Autobusak etorriko dira Espainiatik. Ez dira ziburutarrak.

Ziburutarrak ez izanki, horrek gutxiago hunkitzen zaitu?

Anitzez gutxiago.

Euskararen geroa dagoela jokoan diotenak entzuten dituzu?

Arras gustukoa nuke euskara mintzatzea. Aitak eta amatxik euskara perfektua zuten. Baina gerla hasieran sortu nintzen, eta, aita preso nuenez, ez nuen ikasi. Amak ez zekien.

Euskara dago jokoan hor?

Bai, egia da euskara dagoela jokoan, baina badira euskara beren ideia politikoen aitzinarazteko erabiltzen dutenen gibel asmoak ere. Hastapenean, ikastola ideia independentisten hazlekua zen. Lehen ikastolak ezagutu ditut: militante txikiak bilakarazten zituzten horko haurrak.

Eta, beraz, ikastola debekatu beharko litzateke?

Ez, batere ez, ez dut horrelakorik eskatzen. Militatzen dut ikastolak izan daitezen.

Duela bi urte ikastolari eremu bat proposatuz, ez ote zenuen aurreikusten ahal bi urte berantago beharretan segituko zuela ikastolak? 

Niri ote zen horri pentsatzea? Banuen beste egitekorik: eskola berritzea dela edo beste. Haiei zen aurkitzea.

Kanpotik ikusita, damugarria dirudi egoerak. Zer diozu zuk?

Bai, hala da. Oraintxe bertan badago arazo bat Sivenseko urtegian, CRSek hil baitute mutil gazte hori... Segolene Royal Ekologia ministroak dio bakoitzak behar duela bere aldarrikapenetik zerbait utzi bazterrean, elkar aditzeko. Ni zain nago erran dezaten baietz, ados direla COL batzorde horren egoitzara joateko epe luzeko zerbait aurkitu arte.

Royalen adibide horretan, bakoitzak zerbaitetan amore eman behar duela diozu. Zu zertan zara prest amore emateko?

Ez naiz erabakitzaile bakarra; herriko kontseilua daukat gibelean. Ez gara besteak baino guraso edo aitatxi-amatxi txarragoak. Guztiok dauzkagu haur edo bilobak.

Herriko etxeko gehiengoa daukazu zurekin; epaiketa ere zure alde duzu, eta Falloux legea. Zer deritzozu egoerari? Legea aldatu beharko litzateke? 

Falloux legeak saihetsezina dirudi. Prefetak begiak gure gainean iltzatuak ditu.

Aldatzea eskatzeko prest zinateke?

Bai, bistan dena, baimen berezi bat edo beste, bai. Adibidez, COL batzorde horren eraikuntzan obrak egiten baditugu, inbertsiorako obrak dira. Seaskari urririk uzten baldin badiogu, legea urratuko genuke. Baina, dena dela, nire ustez, nehork ez du nahi iritsi gibelera egin ezin duen egoerara.

Nola hori?

Etengabeko borroka batean murgiltzea erabat. Haur batzuk bungalowetan, argia generadore batetik hartzen; ezin da satisfagarria izan. Horrek hunkitzen nau. Baina apoak irensteko prest banaiz ere, ez dira lodiegiak izan behar.
9 novembre 2014

Ziburuko ikastolaren alde 5000 pertsona

DSC_2613DSC_2615

DSC_2641DSC_2635

 

 

DSC_2646

Manifestaldi jendetsua Poulou auzapezari ikastola herritarrena dela gogoratzeko, ikastola kokatua dela Ziburun eta bertan gelditzeko erabakia hartua dutela burasoek. Euskararen babesa da Ikastola, prentsan euskararen aldekoa dela dio Poulouk, froga dezala ekintzetan, hitzak soberan daude jada. Esperantza dago aterabidea atxemanen dela laster.

Publicité
<< < 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 30 40 > >>
Gure Urruña / Notre Urrugne
Publicité
Gure Urruña / Notre Urrugne
  • Gune honek Urruña eta inguruko gertakariei buruzko berriak ematen ditu. Horrez gain egoera politikoaren azterketak eskaintzen ditu. Harremanetarako: gureurruna@gmail.com----------------------- Ce blog donne des informations locales sur la ville de Urrugne
  • Accueil du blog
  • Créer un blog avec CanalBlog
Publicité
Albums Photos
Licencia de Creative Commons

Publicité